Askatasun, gizatasun eta zuzentasun hitzek berraurkituko dute, han-hemenka, gu ematen saiatu gatzaizkien zentzua

Munduaren etorkizunak, berriz, ez nau kezkatzen jadanik; honez gero, saiatu ere ez naiz egiten, lehenago egiten nuen bezala, larriaren larriaz, erromatar bakeak zenbat iraungo ote duen-eta pentsatzen; jainkoen eskutan uzten dut arazoa. Jarrera honen arrazoia ez datza nik jainkoen justizian, gurea ez den justizia horretan, lehen baino konfidantza handiagoa edota gizakiaren zuhurtasunean lehen baino fede handiagoa izan dezakedalakoan; aitzitikoa bai bait da egia, izan ere. Bizitza latza da; badakigu hori. Baina giza izaeratik hain gauza gutxi espero dudalako iruditzen zait, hain zuzen, miraria ere badirela zoriontasun-aldiak, hala-nolako aurrerapenak, birhasteko eta jarraitzeko egiten diren saioak, gaitzen, ausiabartzen, axolagabekerien eta okerkerien masa eskerga nolabait ordarizkatzeko ere gauza badiren mirari batzu, alegia. Etorriko dira hondamendiak eta gainbeherapenak; nahaspila izango da nagusi, baina, tarteka, baita oreka ere. Bakea berriro itsatsiko da bi gerla-aldiren ardian; askatasun, gizatasun eta zuzentasun hitzek berraurkituko dute, han-hemenka, gu ematen saiatu gatzaizkien zentzua. Gure liburuak ez dira erabat suntsituko; gure estatua puskatuak konpondu egingo dituzte; gure kupula eta frontoietatik beste frontoi eta kupula berriak jaioko dira; gizaki batzuk guk bezalaxe pentsatuko dute, lan egingo dute eta sentituko dute: apostu egiten dut, mendetan barrena, noizbehinka eta tarteka, sortuko diren jarraitzaile horien alde, aldizkako hilezkortasun horretxen alde. Egunen batean barbaroak jabetzen baldin badira munduaren inperioaz, beharturik aurkituko dira gure metodoetarik batzu behinik-behin berenganatzera; azkenean, gure antzezko bihurtuko dira. Chabrias estu eta larri dabil, halako batean beharbada Mithraren pastoforoa edo Kristoren apezpikua Erroman nagusi gerta litekeela eta gure Pontifize Handia bazterrera bota lezakeela pentsatuz. Zoritxarrez halakorik gerta baledi, vatikanoar zapaldan barrena nagusituko den nire ondorengoa ez da jadanik afiliatu-zirkulu hertsi bateko edo sektari-multzo bateko buruzagi hutsa izango, baizik-eta, ordurako, bihurtua dagoke larderiaren halako figura unibertsaletariko bat. Gure jauregi eta artxiboak izango ditu ondaretzat; uste genezakeen baino antz hadiagoa izango du gurekin. Lasaitasunez onartzen ditut betiereko Erromaren etorkizuneko gorabehera gertagarri guztiak. 

Marguerite Yourcenar

Hadrianoren oroitzapenak, Elkar, 1985, Joxe Austin Arrietak euskaratua

Irudia: Marguerite Yourcenar 1982an Bailleulen. Bernhard De Grendelen argazkia