Joxe deitu zioten Azurmendi eta Otaegiren semeari

Aita Bitoriano Gandiaga euskal poeta ospetsua dugu; berak irabazi zuen lendabiziko «Jose Antonio Agirre»: mila dolar. Euskalerrian azkeneko lau urteetan azaldu zan euskal liburu bikainena zelako hartu zuala ordain eder ori, esan ziguten orduan. Aita Gandiaga poeta zintzoa dugu: eskola orduek lagatzen dioten neurrian, batzutan Arantzazu zugaitz berriz jazten jarduten da; beste batzuetan berak asmatutako hitz neurtuak guretzako prestatzen. Orain, berriz, inoren baratzean sartu zaigu: beste poeta baten lorak biltzen, begiratzen eta sorta eder batean ipintzen. Beste poeta hori ere prantziskotarra da: Joxe Azurmendi. Arantzazuko inprentan sartuko da, laister, Azurmendiren liburua.

Joxe Azurmendiren gaztea

Gandiagari galdetzen dio [Pedro Anasagastik]:

Zein da Azurmendi hau?

1941ean Zegaman jaio zen ume bat. Joxe deitu zioten Azurmendi eta Otaegiren semeari. Hamar-hamaika urteko zela Arantzazuko ikastetxera etorri zen. Gernikako Foruan jarraitu zituen ikasteak. Zarautzen egin zuen frantziskotar nobiziadu urtea, Nafarroago Oliten filosofia ikasgoa eta Arantzazun Teologiakoa. Orain Alemaniako Münsterren dago Kristologia ikasten. (…)

Zuk ba dakizu poesi ona zein dan. Azurmendi poeta al da benetan eta argia?

Gutxi bezelakoa. Sekulako etorri ugaria eta dizdiratsu bat duena; sentimendu eta irudi handiak etengabeko turruskan darizkiona. Joxeren hiru poesi koaderno eta haiez kanpo idatzi dituen poemarik gehien gehienak ezagutzen ditut. Ez diot poesi erdisperdikorik arkitu. Baina poema guztiak ez ditu tamaina bereko: Zein baino zein altuagoak ditu, zein baino zein sakonagoak, zabalagoak, ederragoak. Joxek bere poema horien bidez agertu digu bere poeta dohai oparoa. Egia esan, saiakera eta beste artikulu mota guztien idazleagoa agertu zaigu bere idazlanetan, poeta bezala baino. Halare, zalantzarik gabe aitortuko dut azken urteotan euskal poesiak lortu dituen gorengo mailetan urrezko apal bat merezi dutela Joxeren poemak. (…)

Zalantzarik gabe aitortuko dut azken urteotan euskal poesiak lortu dituen gorengo mailetan urrezko apal bat merezi dutela Joxeren poemak

Poesiak sail asko ditu: bihotzaren arnasa da, ta bihotzak izar guztietara joten du. Zein da Azurmendiren poesiaren joera, zein sail?

Poesia soziala da lehenik eta geroenik ere gehien landu duena. Goiz heldu zion Joxek poesia sozialari. Bere poesia sozialak, gehien gehienak 61 aurrekoak dirala, dio berak. Poesia mota honi eman dio alturarik handiena ere. Existentzialismoaren larri minez ere jardun du dehadar dardar eragilez. Sozial eta existentzial arazoak biak bat eginik ere atera zaizkio, desesperoaren sakonetik esperantzaren gailurrerainoko indarrez. Beti azaltzen zaigu Herriko lurrean sustraitua eta beti Herriko gizonengandik munduko gizon guztietara edatua. Joxeren poesiaren joera gizona da. (…)

Sailak bakarrik ez, poesiak ba ditu bide ezberdinak ere, eskola diferenteak. Zelako ontzian sartu da itsaso honetara Azurmendi?

Azurmendik bere itsas ontzia berberak sortu du. Ontzi elastikua. Karga bakoitzari dagokion forma hartzen duen ontzia. Inor ohartu bazan, Joxe izan zan bat, hasiera berean ohartu zena hizkuntzak gutxi balio duela, zerbait esateko ez bada. Euskera funtzionaltasunera ekartzen du. Bide hortatik iritxi du Joxek bere nortasun bere berea eta eskola diferente bateko maixutza.

Gaur poesia asko egosten da gure artean. Heuren atzetik al dabil Azurmendi?

Euskal poesia berrian, Aresti ageri zaigu aurrelari bezela, eta izan ere, bera izan da, ezpairik gabe, poesia berriari egiazko bultzada eman diona. Halere nik, Arestiri ezer kendu gabe, eta ni neuk dakidanez, elkarrengandik urruti etzirala ibili, esan behar dut. Gaurko poesia berriaren atari berean zabaldu bai ziran Joxeren lehenengo koadernoaren kopiak euskaldun poeten artean. Gainera denok dakigu garai hartan Joxek eta Arestik izan zituzten hartu-emanen berri. Bestalde, lehen ere erantzun dizut Azurmendi ez dabilela inoren atzetik. Haren aurreneko poesi koadernoa hogei ta bat urte bete zituen aurretik idatzitakoa da, 62 aurretik. Poema beltzaren arbola askoz lehenagokoa du. Lehenengo —58 inguruan— hasitako ta landutako poesia bide du, baina urteak aritu omen zan hura lantzen. Lehenengo koadernoko poesiak 59/60 urteetan sortu ziran apika, baina haren bigarren koadernoko zenbait atal ere Arestiren Harri ta Herri baino lehenagokoak baitira. Ongi oroitzen naiz, nire Elorri elkarrekin prestatzen ari ginanerako bukatuta zegoela Joxeren lehengo [sic, lehenengo] koadernoa, ta poesia gehiago ere ageri ziran haren paper piloetan.

Euskal-poesiak urrea bilatu du liburu onetan, hortaz. Hain baliotsua al da?

Antologi erara osaturik dagoen liburu honek —eta kendu behar izan dizkiogun poesi handi batzuek gorabehera— argi damaigu Joxe poetaren barruko poesi-prozesoaren berri. Azurmendiren pentsamendu eta sentimenduaren eboluzioa eta bere poemagintzaren moldeak agertzen dizkigu. Benetako poeta baten deskubritze pozgarria izango da askorentzat.

Aita Gandiaga zoraturik. Ni neu ere bere gaixoak bihotzean jota. Bai: Azurmendiren poesiak euskal alorrean leku ederrena irabazi du. Irakurleak esango digu gure amesa egia den ala ez.

Bitoriano Gandiaga

Pedro Anasagastiren elkarrizketa Joxe Azurmendiren Hitz berdeak liburuaren argitalpena dela eta ARAN aldizkariaren 90. zenbakian, 1971. urtean

Joxe Azurmendiri Joan Mari Torrealdairen Euskal idazleak, gaur
libururako Anton eta Ramon Egigurenek ateratako argazkia