Euskerak inoiz bete banau, euskerak inoiz harrotu banau, liburu hau irakurtzean izan da. Hemen bai ez dala euskera huts hori urria, urrea baino. Liburu hortan barna, euskera hizkuntza zabal bat dala, iruditzen zaio bati. Goi ta behe, nahi ta gai guztietarako gauza dan hizkuntza bat.
Kastillako literatura urre-aroa distirarik argienez jantzi zuten idazle aszetiku goi haiek irakurri ondorean, zer gustora, zer haien mailatik batere jeitsi gabe sartzen dan bat liburu hortan barna! Maila altu haretan, distira eder haretan, edertasun eta egokitasun garai haretan bertan egina arkitzen det.
Baina hartu itzazu liburu honen ondoren beste zenbait eta zenbait euskerazko liburu. Mundu zabaletik gela mugatu batean sartuko bazina irudituko zaizu. Ez dute ez antzerako zabalerarik, ez alturarik, ez sakontasunik, ez mamirik, ez azalik, ez ezer. Euskera agor, etorririk gabeko ta momiatu bat baizik.
Gero hori niretzat misterio bat bezela da. Nola iritsi zuan egokitasun hori Axularrek garai urrun urratu gabe hartan? Zergatik galdu zan harek irikitako euskeraren errege-bide urrezkoa? Zergatik barrendu ziran harrezkeroko gure idazle asko ta asko burdibide ta mendiko ikatz-larrainetan itotzen diran bitxidorretatik zehar? Harrezkero hemen gabiltz indargabetzen gaituzten kaltzada latz eta estrada argi gabekoetan, sasi eta otak minberatzen gaituztela.

Berandu arren ere, Axularren bide hori berriz arkitzeko puntuan gaude. Auzoko batek eramango gaitu gurera, larreetan galduta gabiltzanok. Gaztelera izango degu itsu-mutil. Bai, jauna! Gero horren itzulerak hamaikatxori lagunduko digu ta asko ta asko ekarriko gaitu etxeko aberastasunak ikustera.
Bitoriano Gandiaga
«Gero», Aránzazu, 421. zenbakian, 1964. urtean
