Euskalgintzaren Land Roverra

2021-10-07

Lehenengo eta behin esan dezadan, Juanito euskalgintzaren Land Roverra izan dela, horrela deitu nion duela pare bat urte, bere aurrean, Felix Maraña eta Padrón Plazaolak Mitxelena Kulturunean haren omenez antolatu zituzten mahai-inguruetan. Duela berrogei urte pasa ezagutu nuen Juanito, oker ez banago Bittor Kapanagaren bidez. Hasieratik izan genuen enpatia. Berarekin egindako solasaldi luze, baina ez aspergarrietan, asko ikasi nuen. Arantzazuko Euskaltzaindiaren bigarren Biltzarrean, 1963koan izan zirela uste dut.

Gerotxoago 1965eko ekainaren 7an, Gerediaga Durango Merindadeko Adiskideen Elkartea hamaika lagunek sortu genuenetik laster, udazkenean, bazkide egin zen, lehen Euskal Liburu eta Disko Azokan, hain zuzen. Ez bakarrik bazkidetu, baita lagundu eta idatzi ere. Euskaltzaindiarentzat Azokaren lehen standa finkatu genuen, eta hala dirau berrogei urtez. Bere babes instituzionala izan genuen handik bi urtera, Euskaltzaindiaren idazkari izendatua izan baitzen. (…)

Norbaitek, noizbait, Juanitoren kultur kosmogonia osoa aztertu beharko luke, eta ez litzateke lan makala aterako! Haren alderdi asko ezagutzen ditugu hemen gaudenok. Oraingo honetan, bat azaldu behar dut, ordea: Euskaltzaindian egindako lan ikaragarria. Euskera agerkaria hartzea da biderik aproposena horretarako, bertan aurki baitaitezke haren artikuluak, Idazkaritzako batzar-agiriak, proposamenak, Idazkaritza garaiko, Jagon sailburu garaiko eta Gipuzkoako ordezkari izan zen urteetako materialak eta beste. Haietan agertuko dira hamaika egitasmo, batzuek aurrera eraman ahal izan zituenak edo bidean gelditu zirenak, eta ez bere erruz, noski. Aurrera eramandako batzuk aipatuko dituk.

Gerra ostean ez ziren Hegoaldean hainbeste idazle eta euskaltzale bildu, hasi Gabriel Arestirekin eta Pierre Lafitterekin buka, eta tartean erbesteraturik zeuden Txillardegi eta bestek beren txosten edo iradokizunak igorri zituztelarik.

Gerediaga Elkarteko idazkari nintzela, 1969ko programazioa egikeran, euskal idazleen biltzarra antolatzeko eskatu zidan, udarako. Garai hartan ez zen posible, gaur egun bezala, idazleen elkarte bat legeztatzea eta, bestalde, ez zuen egoki ikusten Euskaltzaindiak horrelako jardunaldi batzuk eratzea, udazkenean, Arantzazun, euskara batuari buruz Biltzar bat programatua baitzuen Akademiak berak. Gerediaga Elkartearen Zuzendaritzan onartu genuen eskaria eta Ermuko Eskola Profesionalean, ekainaren hondarrean egitea erabaki zen, bertako ordezkari zen Agustín Aranberria izan zelarik lanik gehien egin zuena. Gerra ostean ez ziren Hegoaldean hainbeste idazle eta euskaltzale bildu, hasi Gabriel Arestirekin eta Pierre Lafitterekin buka, eta tartean erbesteraturik zeuden Txillardegi eta bestek beren txosten edo iradokizunak igorri zituztelarik. Euskara batuaren historian, Arantzazuko Biltzarra girotzeko eta prestatzeko ezinbestekoa suertatu zen Ermua. Juanitoren iniziatibaren ondorioa hau ere.

Arantzazuko Biltzar famatuaren arima ere Juanito izan zen. Bera zen, Euskaltzaindiaren idazkari legez, antolakizun burua. Orduko idazkariorde –eta tradizioaren aurka euskaltzain oso– Alfonso Irigoienekin ez zituen harremanik hoberenak. Han egon ginen, Hospederiatik kanpo, berak eskatuta, Sindikan, Iñaki Beobide eta biok, Juanitoren esanetara, laguntzaile huts gisa. Probintzia eta Oñatiko agintariekiko harremanak, Antonio Arrueren laguntzaz –Gipuzkoa «eszepzio legepean» zegoen 1968ko udazkenean–, mila arazo zaili aurrea ematen jakin zuen. 

Arantzazukotik bi hilabete eskasera, Irigoien orduko idazkariordea, dimititu eta Salamankako Unibertsitatera estudiatzera joan zen. Hara non datorkidan Juanito, ezer abisatu gabe, Garaiko Udaletxera, proposamen hau egitera: «Euskaltzaindiak idazkariorde barri bat hartu behar jok eta aurkeztu hadi, heu izango haiz nire kandidatua». Arrazoi ugari eman zizkidan. Bi euskaltzain urgazle aurkeztu ginen, Gabriel Aresti eta biok, biok Merkataritza ikasketadunak eta, Gabrielek gutun baten bidez uko egin zuenez gero, nire alde jarriaz, Baionako Euskal Museoan –non Euskaltzaindiak Urrezko Ezteiak ospatzen baitzituen– idazkariorde izendatua izan nintzen 1969ko urtarrilean. Juanito izan zen eragile eta beragatik hartu nuen euskalgintzako lehen erakundearekiko kudeaketa. Aditz batuaren deklinabide, erakusle, onomastika eta beste araugintzaren lanen buru Villasante bazen ere eta gidari linguistikoa Mitxelena, idazkari zenetik Juanito zen hirukote akademikoaren triangeluaren beste ertza. Aditz batuaren II. Jardunaldiak 1972an hain erabakiorrak, bere antolakizun buruzagitzapean egin ziren, bere argazki makinak «inmortalizatu» zituenak, nahiz eta argazkilaria Bitoriano Gandiaga nire «botillerua» izan. 

Arantzazutik hamar urtera, hurrengo Biltzarra Bergaran, Luis Eleizalderen mendeurrenkari, eratu zenean, Juanito izan zen antolakizun buru, ni idazkari. Ez dago esan beharrik, 1978ko biltzar hark gure hizkuntzaren estandarizazio garapenean berebiziko garrantzia izan zuela. Ez zen Debarroko hiri historiko horretan ere arazorik falta izan, ezusteko eta inork sortutakoak barne, baina San Martinek gainditu zituen.

Juan Jose Lizundia

«Juan San Martin Ortiz Zaratekoa euskaltzain osoa», Donostia, 2006ko urtarrilaren 27an, Euskera (LI, 2006, 1)

Irudia: Juan San Martin Ortiz de Zarate euskaltzale eta idazlea, Gure Gipuzkoaren argazkia