Nohek ba omen dik Colombian berez Idiazabalgoa den ahaide bat hango Oveja Negra editorialeko buru edo

Nondik nora sortu huen itzulpen honen proiektoa?

Duela bost bat, sei bat hilabete Joakin Berasategi etorri zitzaidan, Sendoa argitaletxekoa. Nohek ba omen dik Colombian berez Idiazabalgoa den ahaide bat hango Oveja Negra editorialeko buru edo. Ba bere ahaide honek Patxi Abrisketa, munduko euskal bibliotekarik handiena duenarekin hitzegin omen zian, eta interesgarria izango zela Marquez euskarara ekartzea eta Joakin Berasategirekin hitzegin ziaten. Honek Martin Ugalderengana jo zian, eta Martinek lantegi horretarako aproposena ni izan nintekeela esan omen zion.

Beraz itzulpen hau gehio izan duk okurrentzia eder bat beste ezer baino, ezta? Ez zegok itzulpen politika baten barne…

Eskeintza bat izan huen, hauek etorri hituen eta, egingo al duk? eta baietz erantzun nien. Dirua jartzeko prest hituen, liburua erdaraz hartu ta zaila zela pentsatu nian, bainan tira, egin egin behar diat!, eta egin nian.

Justu justu erdaraz irakur dezakegun liburu bat, ze hemen guztiak zekiagu erdaraz.

Nik pentsatzen diat obrak beren originaletan irakurri behar ditugula, ahal badiagu behintzat. Garbi zegok Garcia Marquez erdaraz irakurtzea askoz ere hobeagoa dugula. Nik Quijote-a erdaraz irakurriko diat, XVII. mendeko ingelesa jakin ezkero hartantxe komeniko litzateke Shakespeare irakurtzea, ingelesez Joyce, frantsesez Proust.

Orduan zergatik Marquez erdaratikan?

Zailtasun handiko lana huen, desafio bat, saia nadin, esan nian, eta aurrera. Euskararen normalizapenerako gainera hor agertzen zitzaizkidan oztopoen gainditzea txit komenigarria izango zelakoan, aurrera segi nian.

Bestalde euskal idazle berrientzat oinarri bat jarri nahi izan diat, hitzak direla, sintasia. Adjetiboak esatebaterako, beti adjetibo berberak erabiltzen dizkiagu, alor horretan zerbait eman nezakeela uste izan diat, bazegok ugaritasun bat, bai zuberotarrez, bai beste euskalkitan, eta guztiori aprobetxatu beharra zegok, bestela betiko hitzak eta betiko adjetiboak aztun eta aspergarri gertatzen dituk. Gero beste arazo bat ere sortu zaidak, erdarakadena, nahiz hitzetan nahiz sintasian. Sartu egin dizkiat, irekitasun minimo batekin jokatu behar diagu bestela geureak egin dik.

Marquezen Kronika hau esatebaterako, edo beste edozein sudamerikanoren obrak oso aberatsak dituk esaldi, modismo, hitz eta lokuzioen aldetik, horiek nola euskarara bihurtu, horien adjetbo aberastasuna nola ekarri… Iiburu batekin ez dituk zera hauek denak konponduko, bainan gutxienez bideak urratu, erraztasun batzu eman euskaraz idatzi nahi dutenentzat

Interes didaktikoa du beraz itzulpen honek batipat…

Guk Euskal Herrian idazle bikainik bagenu, edo berri onik sortzen ariko balitz, bainan ez dik azken honek hala ematen, edo asko bagenitu bainan… Besterik ez bada ere bide batzuk urratu behar dizkiagu euskararen aldetik, idazle horiek eta datozen berriok, itzulpen onak egiten badira behintzat hitzen aldetik eta nondik nora jo jakin dezaten. Eta euskara bera normalizatu, ni neroni, eta beste batzuk sortzeko gauza ez bagaituk, eta arrazoi askorengatik ez gaituk gauza, hortan behintzat besterik ez bada ere besteenak hartu eta itzuli.

Marquezen Kronika hau esatebaterako, edo beste edozein sudamerikanoren obrak oso aberatsak dituk esaldi, modismo, hitz eta lokuzioen aldetik, horiek nola euskarara bihurtu, horien adjetbo aberastasuna nola ekarri… Iiburu batekin ez dituk zera hauek denak konponduko, bainan gutxienez bideak urratu, erraztasun batzu eman euskaraz idatzi nahi dutenentzat, hizkuntza aberastu, tajutu, nahiz eta itzulpenaren bidez.

Lan handia benetan…

Eta gogorra gerta dakigukeena euskararen aldetik, beti zegok arrisku hori euskara gogorra ateratzea, nolabaiteko euskara ateratzea, nere ustez dominio handia beharko genikek itzulpenetarako, genikek e!, nik ez diat esaten neronek dudanik.

Zeintzuk izan ditek itzultze orduan erabili dituan erizpideak?

Deklinabidean, berboan, euskaltzaindiak emandako arauak bete dizkiat.

Gero bizkaierazko hitzak sartzen ahalegindu nauk, bizkaierazkoak eta zuberotar eta lapurterazkoak baitare, ni giputza nauk eta gutxienez lau euskalki literariotan erabili diren hitzak erabiltzen saiatu nauk. Bazterretan milaka hitz dugu barreiaturik jaso beharretan, aberastasun hori aprobetxatu nahi izan diat. Baten bat edo baduk inongo hiztegitan ez datorrena handik eta hemendik nik bildu ditudanak, horrelakoak sartzeko bildur izaten nauk ni, bainan uste diat sartu egin behar direla G. Marquezek berak inongo hiztegitan agertzen ez diren hitzak erabiltzen dituen bezalaxe.

Ez diat hitz berririk asmatu, ez eta neologismorik erabili, euskal literaturan erabiliak izan diren hitzak baizik. «Arrapostu» erabili diat, «erantzun», «ihardetsi», beste noizbait. Esan nahi diat, ez dudala txoko euskara bat erabili nahi izan, honek ez garamatza inora. Zaldibin adibidez, euskara jatorra eta zera, 800-1.200 hitz baino gehio ez da erabiltzen, ez zaizkit aski.

Hitzen formari asko begiratu zihoat, hitzen forma egokiari, familia erabili diat eta ez famili adibidez.

Modismo eta Kolonbiako hitz arraroen arazoa nola konpondu duk?

Agertzen dituk dexente hitz ulergaitzak zaizkigunak, «cotuerma de la muerte», «vio pasar el Angel», horrelakoak askotan agertzen dituk. Hau konpontzeko oso baliogarria gertatu zitzaidan Garcia Marquezek berak El Paí­sen ateratako artikulo bat. Han esatebaterako «cruda» eta honelako hitzen berri ematen zian, honek zera esan nahi dik, resaca, astelehena, edo biharamuna guk esaten dugun bezala. Beraz hitz batzu Marquezek berak argitu zizkiak, beste batzu ez ditek argibiderik izan, beste batzuei buruz Patxi Abrisketakin izan nian irtenbidea, Martin Ugaldek ere argitu zizkiak zenbait puntu, eta azkenik Joxe Felix Azurmendi Egineko zuzendaria Kolonbian bizi izan huen garai batean bere emaztearekin eta hauek ere lagundu zidatek.

Xalbador Garmendia

Iñaki Uriaren elkarrizketa Crónica de una muerte anunciadaren itzulpena dela eta Argian, 1982ko maiatzaren 2an

Irudia: Gabriel Garcia Marquezen bulego eta liburutegia

Sendoak 1982an argitaratutako Heriotza iragarritako baten kronika liburuaren azala