Beldur nauk poesia poesietan egitetik poesia prosan egitera baizik ez garela iritsi

Zer derizkiodan literatur krisiaz? Bueno, lehenengo, nik ez diat ikusten krisian gabiltzanik eta hura esplikatzeko ematen diren kausek, ba, ez nautek oso konbentzitzen, bistan zegok. Dena dela, krisirik egon ez egon, krisiaz etengabe hitzegite bat bazegok, aspaldi, eta horrek zerbait esan nahi dik.

Halere, askotan literatur krisia aipatzen duk eta krisi kontzeptu ekonomiko bat edo, ez zekiat, erabiltzen duk horretarako (ez diat uste «literatur krisiak» beste inon sentido hau hartzen duenik). Estatistikoa, nahiago baduk. «Gehiago produzitzen da, gutxiago produzitzen da». Beraz, produkzio krisia: ez bait dik derrigor literatur krisirik adierazten.

Gainera, ez zekiat produkzioa neurtzen ere, Torrealday beste inor dabilenik. Torrealdayk bai, urtero publikatzen dik bere estatistika, urteko euskal liburuen zerrenda osoarekin. Eta horra hor zifrak: Torrealdayren estatistiketan literatur produkzioaren krisirik ez duk inon ageri, orokarki behintzat. Egotekotan, bertsolaritza eta egongo liratekek krisian. Sekula aipatzen ez diren adaska batzuk. Eta beren egiazko aktibitate barrutian krisirik ez dutenak. Benetan gaizki ibili, teatroa zebilek, aspaldi.

Gertatu dena, denok ikusten diagu: lehen euskal liburu bat notizia zela, orain ez. Eta ez nauk hasiko hori zergatik den horrela, etab., edozein literatur krisi egiazko zein alegiazkorekin oso zerikusi gutxi dik eta. Lehen hilketa bat notizia huen, orain sei hil beharra zegok notizia izateko. Dena aldatu duk. Prentsak orain euskal literaturari edo literatur produkzioari gutxiago begiratzen baziok, ez zegok segituan literaturaren krisiaz hitzegiten zergatik hasi. Has gaitezen kontsiderazioak alderantziz egiten, seguruenik arrazoizkoagoa izango duk: euskal prentsaren krisia literaturarekiko erlazioetan… Buruz behera politikara joan dituk denak.

Beste hau ere gertatu duk: proportzioak arras aldatu direla euskarazko produkzioaren barruan. Lehen ez zegoan literatura besterik. Zegoentxo dena literatura huen eta kito. Joaten haiz orain Bilintxera eta gramatika eta hiztegi eta metodo pilak. Konforme. Baino horrek ez dik esan nahi bestelakoa lehen baino gutxiago produzitzen denik. Literatura. Inpresio faltso batzuk sortzen dituk eta besterik ez.

Beste hau ere: askoz exigenteago bihurtu garela. Orain, nobela bat agertzen duk eta balio literario haundirik ez duela iruditzen bazaigu, kontatu ere ez diagu egiten. Kontatzeko orduan gutxienez nobela bat nobela bat duk, ordea, hoberena bezalaxe eskasena. Kalitatea beste asunto bat duk. Edo esan dezagun bestela argi, kalitatea dagoela krisian. Baina hortara inor ez duk atrebitzen.

Kontuak atera eta: 67an liburu literarioak 19 argitara hituen, 77an 32; 68an 21 liburu literario, 78an 57, beti kriterio berdinak aplikatuz. 68an 5 poesi liburu, 78an 13. 68an 2 nobela, 78an 14. 68an ipuin eta narratibako 3 liburu, 78an 11. Non dago krisia? Eta 79an berriro gora egin diagu.

Ez gaituk kaos batetatik ateratzen, ez diagu lortzen benetan esperimentuen etapatik pasatzea eta espazio bat firmean konkistatzea eta zabaltzea. Peligrosoa duk seguru asko honetaz hitzegitea, baina nik uste diat justu honetaz dagoela hitzegin beharra gure artean argi eta garbi, literaturaz hitzegin nahi bada, literaturaren krisiaz batez ere. Igoal hanka sartuko diat, baina berdintsu duk. Isilik egonez hanka sartze haundiagoa ari gaituk egiten.

Beste topiko batzuk: poesia gehiago egiten dela prosa literarioa baino (60 urteetako datoekin gabiltza oraindik!); irakaskuntzako euskal liburu gehiago egiten dela, literario baino, etab. Datoak, ordea, oso bestela dituk (oraingoz, eta nik espero dudan krisia benetan etor dadin arte, baina hori ez duk hemengo arazoa). 79an, euskal liburu guztietatik, ehuneko 34 literarioak hituen, ehuneko hamar eta piko besterik ez irakaskuntzakoak (jakin gero azkeneko hauek iraupen eta zabalkunde gehiago dutela merkatuan!). Eta ehuneko 23 poesi liburu, baina 57 prosa literarioko. Ikus goiko zifretan ere. Datoak horiek dira, liburu denak banan-banan zenbatu eta gero.

Ni preokupatzen nauena beste zerbait duk eta beste krisi modu bat nire ustez badagoela gure literaturan, aitortzen diat honekin. Modu zaharrak kastatu egin dituk. Eta modu berriak entseiatzen dizkik jendeak. Gazteenek batik-bat. Baina ez gaituk kaos batetatik ateratzen, ez diagu lortzen benetan esperimentuen etapatik pasatzea eta espazio bat firmean konkistatzea eta zabaltzea. Peligrosoa duk seguru asko honetaz hitzegitea, baina nik uste diat justu honetaz dagoela hitzegin beharra gure artean argi eta garbi, literaturaz hitzegin nahi bada, literaturaren krisiaz batez ere. Igoal hanka sartuko diat, baina berdintsu duk. Isilik egonez hanka sartze haundiagoa ari gaituk egiten.

Modu zaharrak kastatu egin badira, modu berriak martxa honetan hasi orduko kastatu behar zaizkiguk. Narratiba berri bat sortu nani huen. Eta sortu dik, bai. Narratiba ttipia, experimentala, kasi experimental hutsa, beti lehen pertsonan (psikiatraren sofa ordezko hartu diagu literatura), instantanea sentimentalen eta obserbazio kuriosoen artxibo. Prosa intimista. Pobrea eta sinplea azken batean, gaien trataeraz nahiz estiloz. Barne monologoak eta fantasia lirikoak, beti inpresioen maila hutsean, subjetibitatearen estremoetan beti, desarroiloa asoziazio libreen bidez hara eta hona airean eramanez, edo ez eramanez (sorpresa, okurrentzia kapritxosoa, egiaz kategoria estetiko txit altutara jaso dizkiagu), etab., etab. Poesiaren nagusitasuna hautsi egin behar omen huen eta narratiba desarroilatu. Begira, ba: narratiba honek lirikaren karakteristika guzti-guztiak zeuzkak eta beldur nauk poesia poesietan egitetik poesia prosan egitera baizik ez garela iritsi.

Gero, apropos bilatutako marginalismoaren eta autokonmiserazioaren kulto morboso, narziso-masokista, azkenean tostoi aspergarri batetan zebilkiguk experimentalismo guzti hau dena, une berean edozeinen eta edozeren lepotik farre eta burla egiteko, literaturaren libertatea eta ipurterrekeriak eta extrabagantziak konfundituz. Gizalegea aparte: literaturak ez du ezer irabazten panfletarismoan refugiatuz. Askotan, izan ere, ez dakigu non bukatzen diren txorradak eta literatura hasi. Internado mentalitate gaisobera, narziso, adoleszente batekin, grazioso izan nahita, egiazko adoleszentearen batere grazia gabe; lainezetan dabilen ume-mokote haizejoaren haizekeria nazkantez bestean, ausart baino harro akonplejatuago halere. Ah, eta konplejoak aipatu ditugunez gero: erlijio-sexo-mania obsesibo hori, lehenengo edizioan nahiko polita, errekurtso merkeegia luzarora exito erraz bezain tontorako, beste registrorik ez daukagula disimulatzeko ere ezin eternalki balio liezagukeena… Irudimena ez omen duk euskaldunon fuertea. Bueno, baina horrek ez dik justifikatzen salbazioa beti topikoetara errekurtsoan bilatzea. Irtenbide errazegiak ari gaituk bilatzen, problema zinez literarioak ezin dituk eta fribolitatez arreglatu. Eskapismoak. Egiazko literatura, Jesukristoren Imitazionez egiterik ez omen zegoena, zenbait panfleto eta konfidentzi-egunkari konbinazioz osatzea balego bezala. Monotonia bera, azkenean, eta denetan okerrena: funtsean experimentu denak bata bestearen igoalak ari direla gertatzen, beti baliapide berdinez, azierto berdinez eta zozokeria berdinez, bata-bestearen kopiak hain zuzen. Desarroilo bat ezin hartu. Puntu berean jira eta bira. Endogamia hutsean ari duk literatur berrikuntza hau: ez duk ba degeneratuko?

Esan beharrik ez zeukat, hau ez dela azken urteotako literatur berrikuntzaren nire balorazioa, nire inpresioa baino, egiazko krisia non dagoen, edo laster nondik datorren. Literatur berrikuntza hau bere aurrekoak kuestionatuz hasi duk: bere burua kuestionatzen hasi beharra zeukak orain.

Joxe Azurmendi

«Ez dagoen krisia eta badagoena», Oh! Euzkadi, 5. zenbakia, 1980eko azaroan