Eibarren bizi izan nintzen denboran, afalondoan kafe etxe batetan nengoen egun batez, xiste hau kontatu zeutaten. Biharamunean, astero bezala, San Martinen etxean suertatu nintzen afaltzen (San Martin, erdal deitura eduki arren, guztiz euskalduna da, Alvarez, Quintana, Lafitte, Villasante, Sabino Alonso, Fernando Aire, Julen Calzada, Jazinto Carrasquedo, Jazinto Setién, Jean Louis Davant, Isaak López, T. Monzón, eta beste asko bezala. Baina, dirudienez, Holandan bere arrastoak utzi zituen Hitler-en dominazioak; ez bedi hemen egiazta gure erran zaharra: Zozoak beleari ipurbeltz), eta xiste hau berau kontatu zeutan. Bietan kortesiaz egin nuen barre. Baina Eibarrera tardantzaz heltzen dira gauzak Bilbaotik, zeren, niri lehenez kontatu zeutatenean, ene amak jinekoloagana joan behar ukan baitzuen, nik sabel barrenetik ematen nizkion ostikoen poderioz. Xistea hau da:
Hala gertatzen da euskaldun faszistekin. Hortik dabiltza kamuflaturik, demokrata eta sozialista maskararen pean desgisaturik. Milaka daude gure alorrean.
Behin bi eibartar huergan joan ziren, edo, Bizkai aldean diogun bezala, andretan. Erdi mozkorturik zeudenean, galazko afari batetara gomitaturik zeudela oroitu ziren, eta, beste gabe, alokairuan hartu zituzten bi hetairekin abiatu ziren jaialdi hartara, eta bertako ataltzainak edo giltzariak sarrera eragotzi zien:
«Baina zergatik», galdatu zioten.
«Hortxe dakazkizuen andreok badaezpadakoak direlakotz».
«Ez, jauna!», erantzun zion hordi batek. «Badaezpadakoak barrenean daude. Hauk seguruak dira!».
Hala gertatzen da euskaldun faszistekin. Hortik dabiltza kamuflaturik, demokrata eta sozialista maskararen pean desgisaturik. Milaka daude gure alorrean; eta maltzurrek, azeri madarikatuek, Herriaren desalienazioari traba eta oztopo handiak jartzen dizkiote, produzio bideak sozializa daitezen debekatzen duten sozialista hoiek, jabetza pribatuaren kontsekrazioa benedikatzen duten sozialista hoiek, herrien autodeterminazioa ukatzen duten demokrata hoiek, oligarkiaren botereak eternaldu nahi dituzten demokrata hoiek… Bai… badaezpadako faszista hoiek.
Gure artean faszista seguru bakar bat dago. Hori, Jon Mirande. Eta bere egiaztitasunagatik, bere prestutasunagatik miresten dut. Bai, hain poeta handia eta eskritore trebea delakotz (edo izan delakotz) miresten dut. Baina urte honetan, 1971. urte honetan, edozein bekatu batere lotsarik gabe aitor ahal daitekeenean (edozeinek erran ahal dezake «pederasta naiz» edo «lapurra naiz», eta ez da ezer gertatzen), baina faszismoaren bekatua guztiek ezkutatzen eta ukatzen dutenean, Mirande, faszista dela aitortzen duenean, mirestekoa da.
Ongi egin du, beraz, Mirandek, Anaitasuna hau paper ontzira botatzearekin. Baina, mesedez, Anaitasuna hau paper ontzira botatzen duten guztiek aitor bezate, Mirandek bezala: «Gu faszistak gara».
Gabriel Aresti
«Badaezpadakoak eta seguruak», Anaitasuna, 219. zenbakian. 1971. urteko irailaren 30ean