Poesigintza modernoaren gakoa: tradiziorik eza

2023-08-12

Luis Berrizbeitia. Zaldi Eroren argazkia

Zuzen-zuzen mintzo da Berrizbeitia, ageriko neurririk gabeko olerkirik gehienak lokutiboak bait dira kasik. Halako koktelean Berrizbeitiarena berarena beste inorena ez den abotsa adierazten da. Abots horrek dituen kidetasunetan bakarra aipatu ohi da, Sarrionandia, alegia. Axalekoa baino ez da kidetasun hori. Besteak beste, filosofiaren edo mundu ikuskeraren aldetik, Berrizbeitia Sarri baino ezkorrago eta ilunago ageri da honetan, denboraren halabeharrezko iragaiteaz, bakardadeaz, herriaz, eta halakoez, hots, poesian «funtsezko eta unibertsaltzat» jo izaten diren gaiez. Eta esanda utzi dut liburuak eman didan bigarrena, gaia.

Axaleko kidetasunak eta zorrak alde batera utzirik, argi antzematen da Berrizbeitiaren lanetan euskal poesigintza modernoaren gakoa zein den: tradiziorik eza. Bada, Luis Berrizbeitiak berea eraikitzen dihardu, tradizioak eurak ere produktu historikoak bait dira, hau da, sujeto aktiboen subjetibitatearen lana eskatzen dutenak. Ez dakit kointzidentzia hutsa ote den baina, hil aginean dugun urte hau Oihenarten urtea izan delarik, beronen azken hondarretan eta batera datozkigu liburu hau eta Oihenarteren L’art Poétique Basque delakoa, euskaraz, Patri Urkizuren eskutik Hegats aldizkarian. Beranduenez jota, gure poeta itzel handi harexekin hasten da Berrizbeitiaren tradizioa. Bada, biak ezinbestez gogoan hartu beharreko lanak direla esatea ez dut gehiegikeria denik uste. Eta Luis Berrizbeitiaren liburua harri preziatuez beteriko kofre ondo itxia dela erakustearren, hara hemen, adibidetzako, horietako bat: «Poeta nor den? Besteak beste / jostorratz gori bat / bihotzean sar baliote / gihar bat higi gabe egon litekeena / ixil eta deskantsu / barneko sua orri zuri bati baizik ez aitortuz». Eta halakoak.

Omar Nabarro

«Harri preziatuz beterik», Euskaldunon Egunkarian, 1992ko abenduaren 27an

Irudia: 1967ko uztailaren 11n Anoetako Frontoian egindako Bertsolari Txapelketa, taula gainean Xalbador, Jose Joakin Mitxelena, Mattin Treku, Uztapide, Mikel Arozamena eta Jon Lopategi. Argazkia Paco Mari, Marin Funtsa. Kutxa Fototeka