Idaztea zure bizio nagusia eta plazer handiena bihurtu bada, soilik heriotzak eten dezake

George Plimpton: Idazten ematen dituzun orduak atseginak al dira?

Ernest Hemingway: Oso atseginak.

George Plimpton: Zerbait esan dezakezu prozesu honetaz? Noiz egiten duzu lan? Ordutegi zorrotza duzu?

Ernest Hemingway: Liburu edo ipuin batean lanean ari naizenean, goizero idazten dut eguna argitzen denetik ahal bezain laster. Inork ez dit enbarazurik egiten, hozkirria egiten du edo hotza, eta lanean hasi eta idazten joan ahala berotzen naiz. Idatzitakoa irakurtzen dut, eta ondoren zer gertatuko den dakidanean gelditzen naizenez beti, hortik aurrera idazten dut. Idazten dut oraindik barruan erregaia dudan leku batera iritsi arte eta hurrena zer gertatuko den dakidan arte. Orduan, gelditu eta hurrengo egunera arte bizitzen saiatzen naiz, berriro ekiten diodan arte. Goizeko seietan hasi naiz, eta eguerdira arte jarraitu dezaket edo lehenago amaitu. Gelditzen naizenean, zeharo hutsik nago eta, aldiberean, inoiz ez bezala betea, maite duzun norbaitekin amodioa egin duzunean bezala. Ezerk ezin dizu kalterik egin, ezin da ezer gertatu, ezerk ez du ezer esan nahi hurrengo egunera arte, berriz idazteko unea heltzen den arte. Biharamunera arte itxarotea zaila da.

Ernest Hemingway Idahoko Sun Valleyn, 1940. urtean

George Plimpton: Darabilzun proiektua burutik kendu dezakezu idazmakinaren aurrean ez zaudenean?

Ernest Hemingway: Noski. Baina horretarako diziplina behar da, eta diziplina hori ikasi egin behar da. Hala behar du.

George Plimpton: Berridazten duzu irakurri ahala aurreko egunean utzi zenuen lekura arte? Edo hori geroago dator, dena amaitua dagoenean?

Ernest Hemingway: Egunero berridatzi egiten dut aurreko egunean gelditu nintzen punturaino. Dena bukatuta dagoenean, jakina, berriz aztertu egiten dut. Beste aukera bat duzu zuzentzeko eta berridazteko beste norbaitek mekanografiatu duenean eta makinaz garbi idatzita ikusten duzunean. Azken aukera galeradetan duzu. Esker oneko sentitzen naiz aukera hauengatik guztiengatik.

George Plimpton: Zenbat berridazten duzu?

Ernest Hemingway: Segun eta zer den. Farewell to Armsen amaiera, azken orria, hogeita hemeretzi aldiz berridatzi nuen pozik geratu aurretik.

George Plimpton: Arazo teknikoren bat egon zen? Zer zen hainbeste lan eman zizuna?

Ernest Hemingway: Hitz egokiak aurkitzea.

George Plimpton: Berrirakurketa da erregaia ematen dizuna? 

Ernest Hemingway: Berrirakurketak jarraitu behar duzun puntuan jartzen zaitu berriro, horraino lortu dezakezun testurik onena dela jakinda. Beti dago erregaia nonbait. 

Inork ez dit enbarazurik egiten, hozkirria egiten du edo hotza, eta lanean hasi eta idazten joan ahala berotzen naiz. Idatzitakoa irakurtzen dut, eta ondoren zer gertatuko den dakidanean gelditzen naizenez beti, hortik aurrera idazten dut. Idazten dut oraindik barruan erregaia dudan leku batera iritsi arte eta hurrena zer gertatuko den dakidan arte.

George Plimpton: Baina badaude inspirazioa ez datorren uneak?

Ernest Hemingway: Jakina. Baina jarraian zer gertatuko zen jakinik gelditzen bazara, jarraitu dezakezu. Has zaitezkeen bitartean, ondo zaude. Erregaia etorriko da.

George Plimpton: Thornton Wilderrek idazlea bere eguneroko lanean martxan jartzen duten osagai mnemoteknikoez hitz egiten du. Behin esan omen zenion hogei arkatz zorroztu zenituela.

Ernest Hemingway: Ez dut uste inoiz hogei arkatz izan ditudanik. Bi zenbakiko zazpi arkatz gastatzea lan egun on bat da. 

George Plimpton: Zeintzuk dira lan egiteko aproposenak iruditu zaizkizun lekuak? Ambos Mundos hotela bat izango da, han idatzi duzun liburu kopurua kontutan hartuta. Edo inguruneak eragin txikia du obran? 

Ernest Hemingway: Habanako Ambos Mundos oso toki ona zen lan egiteko. Finka hau leku zoragarria da, edo zen. Baina ongi lan egin dut leku guztietan. Alegia, egoera ezberdinetan ahal bezain ongi lan egin ahal izan dudala esan nahi dut. Telefonoa eta bisitak lanaren suntsitzaileak dira.

George Plimpton: Egonkortasun emozionala beharrezkoa al da ongi idazteko? Behin esan zenidan soilik ondo idazten zenuela maiteminduta zeundenean. Sakonago azaldu dezakezu hau?

Ernest Hemingway: A zer nolako galdera! Baina bejondeizula saiatzeagatik. Edonoiz idatz dezakezu jendeak bakean uzten bazaitu eta eteten ez bazaitu. Edo, hobeto esanda, idatz dezakezu horretarako nahikoa erabakimen baduzu. Baina hobekien idazten da maitemindua zaudenean. Axola ez badizu, nahiago dut honetan ez sakontzea. 

George Plimpton: Eta segurtasun ekonomikoa? Idazketa ona kaltetu dezake? 

Ernest Hemingway: Dirua behar bezain goiz heltzen bada eta bizitza zure lana beste maite baduzu, nortasun handia behar da tentazioei aurre egiteko. Idaztea zure bizio nagusia eta plazer handiena bihurtu bada, soilik heriotzak eten dezake. Kasu horretan, segurtasun ekonomikoa laguntza handia da, kezkatzetik libratzen baitzaitu. Kezkak idazteko gaitasuna suntsitzen du. Osasun txarra txarra da subkontzientea erasotzen duen eta zure erreserbak suntsitzen dituen heinean. 

Zaude ziur liburu batean lehen irakurraldian irakurtzen dena baino askoz gehiago dagoela eta, hau egin ondoren, ez da idazlearen lana bere obraren lurralde zailenetatik bisita gidatuak egitea. 

George Plimpton: Gogoan duzu une zehatz bat idazle bihurtzea erabaki zenuena?

Ernest Hemingway: Ez, beti izan nahi izan dut idazle.

George Plimpton: Philip Youngek, zuri buruzko liburuan, iradokitzen du zure 1918ko mortero zauri larriaren shock traumatikoak eragin handia izan zuela zugan idazle gisa. Gogoan dut Madrilen laburki hitz egin zenuela haren tesiari buruz, hartan zuzena zen ezer gutxi aurkitu zenuela esan zenuen, eta gaineratu artistaren ekipamendua ez zela erdietsitako bereizgarri bat, baizik eta zentzu mendeliarrean heredatutakoa.

Ernest Hemingway gaztea ospitalean I. Mundu Gerran

Ernest Hemingway: Bistan da urte hartan Madrilen nire egoera mentala ez zela oso ona. Onuragarria izan zen gauza bakarra zera izan zen, Young jaunaren liburuaz eta bere literaturaren traumaren teoriaz labur hitz egin nuela. Beharbada urte hartako bi kommozioek eta burezurreko hausturak arduragabe bihurtu ninduten nire adierazpenetan. Gogoan dut esan nizula uste nuela irudimena heredatutako arraza-esperientzia baten emaitza izan zitekeela. Esaldiak ondo ematen du garun-kommozio bat izan osteko elkarrizketa alai batean, baina uste dut gutxi gorabehera hori dela dagokion tokia. Beraz, hurrengo askapen-trauma arte, utz dezagun hor. Ados zaude? Edonola ere, eskerrik asko inplikatuta egon zitezkeen ahaideen izenak ez aipatzeagatik. Hitz egitearen dibertimendua esploratzea da, baina ez da idatzi behar hitz egindakotik asko eta inolaz ere arduragabea den oro. Behin idatzita, eutsi egin behar zaio. Beharbada norberak halakoak esaten ditu sinisten dituen ala ez ikusteko. Planteatu duzun galderan, zaurien ondorioak asko aldatzen dira batetik bestera. Hezurrak hausten ez dituzten zauri txikiek ez dute garrantziarik. Batzuetan konfiantza ematen dute. Hezurduran eta nerbio-sisteman kalte sakonak eragiten dituzten zauriak ez dira onak idazleentzat, ezta beste inorentzat ere.

George Plimpton: Zein iruditzen zaizu idazlegai batentzat prestakuntza intelektualik onena?

Ernest Hemingway: Esan dezagun bere burua urkatu beharko lukeela ulertu duelako ondo idaztea ia ezinezkoa dela. Orduan, gupidarik gabe larrutua izan beharko luke eta bizitza osorako ahalik eta ongien idaztera behartu beharko luke bere burua. Gutxienez, bere urkamenduaren istorioa izango luke hasteko.

(…)

George Plimpton: Artisautza ikertzen duten galdera hauek gogaikarriak zaizkizu benetan.

Ernest Hemingway: Galdera zentzudun bat ez da ez atsegina ez gogaikarria. Hala ere, sinisten jarraitzen dut idazle batentzat oso txarra dela bere idazketaz hitz egitea. Begiekin irakurria izateko idazten du eta ez lirateke beharrezkoak izan behar azalpenak edo disertazioak. Zaude ziur liburu batean lehen irakurraldian irakurtzen dena baino askoz gehiago dagoela eta, hau egin ondoren, ez da idazlearen lana bere obraren lurralde zailenetatik bisita gidatuak egitea. 

George Plimpton: Horri lotuta, gogoan dut ohartarazi zenuela arriskutsua dela idazle batentzat lantzen ari den obra bati buruz hitz egitea, akaberako erre baitezake, nolabait esateko. Zergatik behar du horrela? Galdetzen dizut idazle asko daudelako —Twain, Wilde, Thurber, Steffens…— beren materiala entzuleekin probatuz biribildu zutenak. 

Ernest Hemingway: Ezin dut sinetsi Twainek inoiz Hucleberry Finn entzuleekin «probatu» zuenik. Hala egin bazuen, segur aski gauza onak kenduarazi eta gauza txarrak erantsiarazi zizkioten. Wilde ezagutzen zutenek idazle baino hiztun hobea zela zioten. Steffensek idatzi baino hobeto hitz egiten zuen. Batzuetan, haren idazkera eta hizketa sinesgaitzak ziren, eta adinean aurrera egin ahala istorio asko aldatzen entzun nion. Thurberrek idazten duen bezain ongi hitz egiten badu, den hiztun hoberenetako —eta gutxien aspertzen dutenetako— bat behar du izan. Nik dakidala, bere lanbideaz ondoen hitz egiten duen eta mihia zorrotzena duen gizona Juan Belmonte da, toreatzailea. 

Ernest Hemingway eta elkarrizketa honen egilea, George Plimpton, zezenketa batean

George Plimpton: Esango zeniguke ongi planifikatutako ze ahalegin egin duzun zure obra bereizi egiten duen estiloaren garapenean? 

Ernest Hemingway: Luzera galdera nekagarria da hau, eta erantzuten egun pare bat emango banitu, azkenerako, neure buruaren hain kontziente izango nintzateke ze ezingo nuke idatzi. Esan nezake amateurrek estilo deitzen dutena aurretik sekula egin gabeko zerbait egiten saiatzean sortzen diren baldarkeria saihestezinak baino ez direla. Klasiko berriek inoiz ez dute izaten aurreko klasikoen antza. Hasieran jendeak baldarkeriak besterik ez ditu ikusten. Gero ez dira hain hautemangarriak jada. Baina baldarkeriok hain era zakarrean agertzen direnean, jendeak uste du horiek direla estiloa eta askok kopiatzen dituzte. Tamalgarria da.

George Plimpton: Behin idatzi zenidan hainbat fikzio-lan idatziak izan ziren zirkunstantzia soilak irakasbide izan zitezkeela. Aplika dakieke hori «Hiltzaileak» ipuinari  —«Hamar indiar» eta «Gaur ostirala da» egun bakar batean idatzi zenituela esan duzu— eta, beharbada, Fiesta: Eguzkia jaikitzen da zure lehen eleberriari?

Ernest Hemingway: Ikus dezagun. Fiesta: Eguzkia jaikitzen da Valentzian hasi nuen nire urtebetetze egunean, uztailaren 21ean. Hadley, nire emaztea eta biok goiz joan ginen Valentziara uztailaren 24an hasten zen feriarako sarrera onen bila. Ordurako, nire adineko guztiek nobela bat idatzia zuten eta niri oraindik zaila zitzaidan paragrafo bat bera ere idaztea. Beraz, nire urtebetetzean hasi nuen liburua eta feria osoan zehar idatzi nuen. Goizean lan egiten nuen ohean. Ondoren Madrilera joan ginen eta idazten jarraitu nuen. Han ez zegoen feriarik, eta mahai handi bat zeukan gela bat lortu genuen, idazteko erosoa zitzaidana. Han idatzi nuen baita hoteleko hurbil zegoen Pasaje Alvarez garagardotegian ere, fresko baitzen bertan. Azkenean, bero handiegia egiten zuen idazteko eta Hendaiara joan ginen. Hotel txiki merke bat zegoen hondartza luze eta ederrean, eta oso ondo lan egin nuen han. Gero, Parisera joan ginen eta hasi nuen egunetik sei astera, lehen zirriborroa amaitu nuen, zerratoki baten gainean zegoen apartamentuan, Notre-Dame-des-Champs kaleko 113an. Lehen zirriborroa erakutsi nion orduan oso azentu gogorra zeukan Nathan Asch nobelagileari, eta zera esan zidan: «Hem, zher esan nahi duzhu nobela bat idatzi duhzula diozhunean? Nobela bat, e? Zhuk bidhai liburu bat idatzi duzhu». Nathanek ez ninduen sobera adoregabetu eta Vorarlbergen, Schrunseko Taube Hotelean, liburua berridatzi nuen bidaia mantenduz, hau da, arrantzarako txangoa eta Iruñeko partea. 

Ernest Hemingway Espainian, 1937. urtean.

Aipatu dituzun ipuinak egun batean idatzi nituen Madrilen, elurrak San Isidroko zezenketak bertan behera utzi zituenean, maiatzaren 16an. Lehenbizi «Hiltzaileak» idatzi nuen; aurretik idazten saiatua nintzen eta porrot egin. Gero, bazkalostean, ohean sartu nintzen bero egoteko eta «Gaur ostirala da» idatzi nuen. Hainbeste energia neukan ze beharbada erotzen ari nintzela pentsatu nuen, eta oraindik beste sei ipuin nituen idazteko. Beraz, jantzi eta Fornosera joan nintzen, toreatzaile zaharren tabernara; berton kafea hartu, itzuli eta «Hamar indiar» idatzi nuen. Honek asko tristatu ninduen eta koñak pixka bat edan eta lo hartu nuen. Jatea ahaztu zitzaidan eta zerbitzarietako batek bakailao pixka bat, xerra txiki bat patata frijituekin eta Valdepeñas botila bat ekarri zizkidan.

Pentsioa kudeatzen zuen emakumea beti kezkatzen zen nahikoa jaten ez nuelako eta zerbitzaria bidali zuen. Gogoan dut ohean eseri nintzela eta ekarritakoak jaten eta Valdepeñas botila edaten hasi nintzen. Zerbitzariak beste botila bat ekarriko zuela esan zuen. Señorak jakin nahi omen zuen ea gau osoan idatziko nuen. Ezetz esan nion, pixka bat deskantsatzeko asmoa nuela. «Zergatik ez zara beste bat idazten saiatzen?», galdetu zidan zerbitzariak. «Bakarra idaztearekin aski dudalako». «Txorakeriak, sei idatz ditzakezu», erantzun zidan. «Bihar saiatuko naiz», esan nion eta, orduan, berak arrapostu: «Saia zaitez gaur gauean. Zertarako uste duzu señorak janaria igo dizula?». 

«Nekatuta nago», esan nion. «Txorakeriak», errepikatu zuen, «nekatu egin zara hiru ipuin ziztrinen ostean? Itzulidazu bat». «Utzi bakean», erantzun nion. «Nola idatziko dut ez banauzu bakean uzten?». 

Orduan, ohean eserita, Valdepeñas botila edaten, pentsatu nuen lehen ipuina neuk uste bezain ona bazen, benetan idazle bikaina izango nintzela. 

Ernest Hemingway

George Plimptonen elkarrizketa, The Paris Reviewen 18. zenbakian, 1958. urteko udaberrian.

Mikel Sotok euskaratua

Irudia: Ernest Hemingway Kubako bere etxean, Finca Vigian, 1940an. John F. Kennedy Liburutegi eta Museo Presidentziala