Ume zela jalgi zen ontzigintza hazten ikusi duen Deustuko errepublikatik Donibane-Lohizunen etxekoek duten habira Julio Urkijo. «Urkixo Baita»-n eman ditu gaztaroko arratsaldeak, Dante, Wilde, Goethe eta Gogol irakurtzen. Jatorrizko testuak leitu nahi ditu, munduan diren hizkuntza oro ikastea du gogo. Euskaraz idazteko gai ere bada. Hamazortzi urte baino ez ditu orain esperantoak ordezkatu nahi duen volapukez idatzitako foiletoa eman duenean argitara.
Eta emeki eta ezarian harrapatu du gaitzak. Orain barruak jaten dizkion harrik beltzena da liburuek sortzen diotena. Aita Julio Cejadorrek eta R.M. Azkuek eman diote jaten piztiari, eta hala, Urkijok liburu zaharrak erosten ematen ditu egunak, begiak gozatzen gauak.
Biblioteka osoak erosi ditu –Jose Manterolarena, konparazio batera–, zertarako eta begiz jotako liburu bakarra lortzearren askotan. Hala, bi mila liburu erosi behar izan ditu Axularren Gero bakarra izateko
Espainiako Gorteetan diputatu karlista hautatua izateko kanpainan, bere automobilaz etxez etxe, baserriz baserri dabilelarik, bozak bezainbat euskal liburu biltzearekin amets egiten du. Apurka-apurka, euskal literaturaren arkeologo bihurtu da. Izarraizpean, Azpeitia aldean jaso du lehen uzta handia, baina badu zer bildu oraino. Atzerrira irteten duenean, ez da sartu-irtenik gabe utziko duen liburu zaharren dendarik. Biblioteka osoak erosi ditu –Jose Manterolarena, konparazio batera–, zertarako eta begiz jotako liburu bakarra lortzearren askotan. Hala, bi mila liburu erosi behar izan ditu Axularren Gero bakarra izateko.
Julien Vinsonen bibliografian idoro dituen akatsek eta hutsek zorroztasunaren bidean jarri dute. Apologisten fantasiek, erokeria aranistek gaixotu egiten dute. Iragan asmatuen izterbegi amorratua da. Hizkuntzaz ari delarik, hotz agertzen da, artez. Esan gabe doa, hitzaren zientzialaria da Urkijo.
Zokoz zoko araka, Arantzazuko frantziskotarrek jarri dute Joannes Etxeberri Ziburukoaren lanen arrastoan. Zarauzko komentuan aurkitu ditu azkenik, eta kausitu bezala eman ditu argitara. Georges Lacomberen laguntzaz Revista Internacional de Estudios Vascos abian jarri duenetik, XVI. mendetik gaur arte argitaratu diren ia euskal testu zahar guztiak berreskuratu eta kaleratu ditu.
Baina euskara eta euskal liburuekiko duen estrategiak ez du zerikusirik abertzaletasunak darabilenarekin. Iraganeko materialak eskuratzea eta ezein hizkuntzatan euskararen gainean egindako ikerketak argitaratzea du xede bakar diputatu karlistak. Gazteleraz, frantsesez, ingelesez, errusiarrez, alemanez, euskaraz… Urkijo gazteak Donibane-Lohizuneko arratsetan esku artean ibili ohi zituen hizkuntza guztiek dute euren tokia RIEVen. Zein lan argitaratu erabakitzeko orduan, kalitatearena da darabilen irizpide bakarra. Talde handia osatu du aldizkariaren inguruan: Vinson, Schuchardt, Van Eys, Herelle, Dogson… lehenengoz euskal literaturaren historian, nazioarteko babes sendoa eskaini zaio euskal tradizio idatziari. Ez da soilik literatur ondarea itzultzea Euskal Herriari, Urkijorentzat prestigioa da euskarari lehenbailehen ezarri beharreko tasuna.
Donibane-Lohizuneko etxean bildutako liburuak alez ale elkarren gainean pilatzen dihoazkiolarik, beti dlago hainbeste paper ikusita galdera egiten ausartzen den bat.
—Eta liburutza honentzat, baduzu asegururik?
Zorrotza bada ere, gizon umoretsua da Julio Urkijo, benetan edo gezurretan ari den ezin harrapa badaiteke ere.
—Ez. Egizu lepoa hau erretzen bada neuk ere neure burua garretara botako dudala.
Iñigo Aranbarri
«Liburuen gaitza», Gure mendea: Ehun urte euskal kulturan, Argia, 1999