Orduan beltzak orain baino gogorragoak ziren, batez ere Georgiakoak

1931ko arratsalde batean Wilfred, Hilda, Philbert eta laurok etxera itzuli ginenean, ama eta aita beren eztabaidetako bat izaten ari ziren. Azken aldian tentsio handia zegoen etxean, Legio Beltzaren mehatxuengatik. Nolanahi ere, gure aitak hazten ari ginen untzietako bat hartu zuen eta sukaldatzeko agindu zion amari. Untxiak hazten genituen, baina zuriei saltzen genizkien. Aitak untxi bat haztegitik hartu zuen. Untxiari burua erauzi zion. Hain zen indartsua, ez zuen labanarik behar oiloei eta untxiei lepoa mozteko. Haren esku beltz handiekin buelta batez burua bihurritu eta nire amaren oinetara bota zuen lepo odoleztatua zeukan burua.

Ama negarrez ari zen. Untxia larrutzen hasi zen, sukaldatzeko prestatzen. Baina aita hain haserre zegoen, ate nagusitik irten eta bidean gora abiatu zela, hirirantz.

Orduan izan zuen amak begitazio hura. Beti izan zen emakume bitxia zentzu horretan, eta beti izan zuen gertatzear zeuden gauzei buruzko intuizio sendoa. Eta bere seme-alaba gehienak berdinak gara, nik uste. Zerbait gertatzear dagoenean, zerbait nabaritu dezaket, zerbait sentitu. Inoiz ez da gertatu jokoz kanpo harrapatu nauen ezer. Behin baino ez, berearen truke nire bizitza pozik asko emango nuen gizon bati buruz une hartara arte sinetsi ezin nituen gauzak deskubritu nituenean. 

Inoiz ez da gertatu jokoz kanpo harrapatu nauen ezer. Behin baino ez, berearen truke nire bizitza pozik asko emango nuen gizon bati buruz une hartara arte sinetsi ezin nituen gauzak deskubritu nituenean. 

Nire aita kalean zegoen dagoeneko nire ama oihuka etxeko atarira atera zenean. «Early! Early», bere izena oihukatu zuen. Amantalari esku batez heldu, patioa zeharkatu eta korrika jaitsi zen errepidera. Aita jiratu egin zen. Ikusi egin zuen. Ez dakit zergatik, alde egin zuenean zein haserre zegoen kontuan hartuta, keinu bat egin zion. Baina aurrera jarraitu zuen.

Nire amak geroago esan zidan aitaren amaierari buruzko begitazio bat izan zuela. Arratsalde osoa eman zuen bere onetik aterata, negarrez eta nahigabeturik. Untxia prestatzen amaitu zuen eta labe beltzaren alde beroenean utzi zuen. Ohera sartu ohi ginen ordurako aita itzuli ez zenean, amak besarkatu eta laztandu egin gintuen, eta gu arraro sentitu ginen, zer egin ez genekiela, inoiz ez baitzuen horrela jokatu.

Ku Klux Klaneko kideen argazkia taldearen ekintza batean

Gogoan dut amaren garrasiak berriro entzuterakoan esnatu nintzela. Altxatu nintzenean, polizia ikusi nuen egongelan, ama lasaitu nahian. Arropa hartu zuen haiekin joateko. Eta guk, haurrok, inork ezer esan gabe, jakin genuen gure aitari gauza ikaragarriren bat gertatu zitzaiola.

Poliziak ama ospitalera eraman zuen, ohe batean zegoen nire aitaren gainetik maindire bat zeukan gela batera. Amak ez zuen begiratu nahi izan, begiratzearen beldur zen. Litekeena da zentzuzkoa izatea ez begiratzea. Gero esango zidatenez, aitaren burezurra guztiz zanpatuta zegoen alde batean. Lansingeko beltzek beti xuxurlatu izan dute eraso egin ziotela, eta gero tranbiaren errailetan utzi zutela gainetik pasa ziezaion. Ia erditik ebakia zeukan gorputza.

Bi ordu eta erdi bizirik eman zituen egoera hartan. Orduan beltzak orain baino gogorragoak ziren, batez ere Georgiakoak. Georgian jaiotako beltzek gogorrak izan behar zuten bizirik irauteko.

Malcolm X

The Autobiography of Malcolm X (Groove Press, 1965), Malcolmek berak Alex Haley kazetariaren laguntzaz idatzitako autobiografia, Mikel Sotok euskaratua