Harea mugikor liluragarriak

Aipa dezagun gabezia esanguratsu bat: ekintzaren ekortzea. Berdin dio kontakizuna ordu gutxi batzuetan igarotzen den, pertsonaien bizitza osoa zeharkatzen duen edo mendeetan zehar luzatzen den: bere orrialdeek abenturarik ez dute; kanpoko gertaerak gutxienera mugatzen dira: festa bat prestatzea, txango egun bat, marearen joan-etorriak, antzerki emanaldi bat… Taula literarioa hustu ondoren, pertzepzioen, ideien, sentimenduen, emozioen eta desioen burrunba batek nahasitako adimenak aztertzen ditu Woolfek. Gutako edozeinena bezalako adimenak. Esan liteke Woolfek lente-handitzaile bat proiektatzen duela errealitatearen zati baten gainean, baina aurkitzen duena ez da «gauza txikien balioa»-ren segurtasun merkea, baizik eta ñabardura eta modulazioen unibertso beldurgarri baten hedapena, mugikortasun ñimiñoen amildegi bat: etengabeko egonezin bat.

Woolf ez dago Joyce bezain interesatua kontzientziaren hitzezko berezitasunetan, ezta zeharkatzen gaituen hitz-korrontearen azterketan ere, sentitzen, desiratzen eta gogoratzen ditugun gauza zehatzek axola diote. Eta kontzientziak beste adimen batzuekin duen harremanaz ere asko arduratzen da, bere dimentsio sozialaz.

Farorantzen lehen edizioa

Dantza kanpoko munduaren deskribapenean hasten da. Woolf paisajista bikaina da, baina ez du natura deskribatzen idazleak «margotu» arte geldi, pasibo eta obedientea balitz bezala, baizik eta aldatzen den eszenatoki baten gisa, inpresio aldakorren ikuskizun baten gisa. Woolfek bere kide gehienek baino gutxiago erreparatzen die haranei, mendiei eta ibaien ibilera egonkorrei, ez dute erakartzen denborak hemen utzitako eta belaunaldiz belaunaldi gizateriarekin geratuko diren –gehiago irauten ez badute– gorabehera geografiko eta hidrografikoek. Bere begiak nahiago du atzeman klimak eta argiak eremu, zeru edo ur-masa horietan eragiten duena: paisaiarik ezagunena aldatzen (eta batzuetan arrotz bihurtzen) duten konfigurazio iragankorrak, hala nola, bat-batean eguneroko paisaiaren koloreak aldaratzen dituen eklipsea, «naturari bere odoletik ihes eginarazten diona».

Natura ezegonkor honek inguraturik, gogamenak ere ezin du esan etxean bezala dagoenik; pentsatzen duenari, sentitzen duenari eta lortu nahi duenari buruzko ziurtasunen zorua bere oinen azpian astintzen da. Woolfek probetxu handia atera zion Joyceren irakurketari, honek bere pertsonaien kontzientzian mikrofono bat murgiltzeko zuen moduari (Joycek ez zuen barne-bakarrizketa asmatu, baina lehena izan zen Tolstoin edo Galdosen aurkitzen genuen baliabide narratibo bat orrialdeetan eta orrialdeetan luzatzen, pertsonaia baten adierazteko era nagusi –batzuetan bakarra– bihurtzen), eta bere-bereak diren bi instantzia gehitu zizkion. Woolf ez dago Joyce bezain interesatua kontzientziaren hitzezko berezitasunetan, ezta zeharkatzen gaituen hitz-korrontearen azterketan ere, sentitzen, desiratzen eta gogoratzen ditugun gauza zehatzek axola diote. Eta kontzientziak beste adimen batzuekin duen harremanaz ere asko arduratzen da, bere dimentsio sozialaz. Woolfek adiskidetasunaren eta sexu-maitasunaren artean hedatzen den sentimendu-sorta osoa aztertzen du –baita oraindik izendatu ez ditugun emozioak ere–; beste pertsona batzuengandik nola hurbiltzen eta urruntzen garen aztertzen du, baita interesatzen zaizkigun gizakion balioari eta moralari buruzko ondorioak ateratzeko dugun zailtasuna ere (eta litekeena da mixed feelingen jai honek arrastaka eramaten duen irakurlea konbentzitzea pertsona bat interesgarritzat jotzen dugula pertsona horri buruzko behin betiko ondoriorik atera ezin dugun neurrian). Eta oso adi dago oroitzapen berrien agerpen apetatsuak iraganari esanahi berri bat ematera nola bultzatzen gaituen… Emaitza psikologiaren, afektuen maparen, sinesmen moralen desitxuratzea da: bizirik zegoela sailkatzeko ardura zuten kritikariak aztoratu zituzten harea mugikor liluragarriak.

Gonzalo Torné

«Virginia Woolf: Al faro», ctxt, 2020ko ekainaren 30ean, Mikel Sotok euskaratua

Irudia: Virginia Woolfi Leonard Woolfek ateratako argazkia