Inoiz ez da hain zehaztasunaren kontrakoa izan artistak «konpromisorik gabekoak» bezala definitzea

Iraultza bikoitzaren garaian [Iraultza Frantsesa eta Industria Iraultza] arteen garapena  aztertzen saiatzen bagara, harritzen gaituen lehenengo gauza bere loraldi aparta da. Mende erdi honek barne hartzen ditu Beethoven eta Schubert, Goethe heldu eta zaharra, Dickens, Dostoievski, Verdi eta Wagner gazteak, Mozarten azkena eta Goya, Pushkin eta Balzacen obra osoa edo gehiena, beste edozein konpainian kolosoak izango liratekeen gizon erregimentu bat ez aipatzearren, munduko historian antzeko iraupena duen beste edozein garairekin konparatzerik ez duena. Aparteko ugaritasun horren parte handi bat arteen berpizkundeari eta hedapenari zor zaio, Europako ia herrialde guztietan publiko kultu bat erakarri zuena.

The Posthumous Papers of the Pickwick Club liburuaren lehen edizioaren azala, Dickens beraren sinadurarekin

Irakurlea izen zerrendekin nekatzea baino hobe izango da kulturaren berpizkunde honen zabalera eta sakontasuna erakustea, aztertzen ari garen azpigaraietako gertaera garrantzitsuenak aipatuz. Horrela, 1798-1801ean, artean nobedadeak nahi zituen herritarrak ingelesez Wordsworth eta Coleridgen balada lirikoak gozatu ahal izan zituen eta, alemanez, Goethe, Schiller, Jean Paul eta Novalisen zenbait lan, Haydnen Sormena eta Urtaroak eta Beethovenen Lehen sinfonia eta Lehen hari-laukoteak entzuten zituen bitartean. Urte haietan J.-L. Davidek eta Francisco de Goyak Madame de Récamieren eta Karlos IV.aren familiaren erretratuak amaitu zituzten. 1824-1826an, herritar horrek Walter Scotten zenbait nobela berri irakurri ahal izan zituen ingelesez; Leopardiren poemak eta Manzoniren Ezkongaiak eleberriak italieraz; Victor Hugo eta Alfred de Vignyren poemak frantsesez, eta, horretarako gai bazen, Pushkinen Eugene Oneginen lehen atalak errusieraz, eta argitaratu berriak ziren saga nordikoak. Urte haietakoak dira Beethovenen Bederatzigarren sinfonia, Schuberten Herioa eta dontzeila, Chopinen lehen obra eta Weberren Oberon, baita Delacroixen Qufosen hilketa eta Constableren Belar-gurdia ere. Hamar urte geroago (1834-1836), literaturak honako lan hauek eman zituen: Gogolen Ikuskari nagusia eta Pushkinen Piken dama Errusian; Balzacen Papa Goriot eta Musset, Hugo, Gautier, Vigny, Lamartine eta Dumas aitaren lanak Frantzian; Alemanian, Buchner, Grabbe eta Heineren obrak; Austrian, Grillparzer eta Nestroyrenak; Danimarkan Hans Andersenenak; Polonian Mickiewiczen Pan Tedeusz; Finlandian Kalevala epopeia nazionalaren funtsezko edizioa; Ingalaterran Browningen eta Wordsworthen poesiak. Musikak Bellini eta Donizettiren operak eman zituen Italian, Chopinen obrak Polonian, Glinkarenak Errusian; pinturak, Constableren koadroak Ingalaterran, Caspar David Friedrichenak Alemanian. Urte batzuk lehenago eta hirurte honen ostean, Dickensen Pickwick Klubaren paper postumoak, Carlyleren Frantziako Iraultza, Goetheren Faustoren bigarren zatia, Platen, Eichendorff eta Mörikeren poemak Alemanian, flandriar eta hungariar literaturei egindako ekarpen garrantzitsuak, hala nola idazle frantziar, poloniar eta errusiar idazle garrantzitsuenen argitalpen berriak eta, musikan, Schumannen Davidsbuendlertaenze eta Berliozen Requiema.

Marat eraila, Jacques-Louis David, 1793

Datu eskematiko hauetatik bi gauza ondorioztatzen dira. Lehena, arte-gertaeren hedapen itzela nazioetan. Hau berria zen. XIX. mendearen lehen erdian, errusiar literatura eta musika, bat-batean, mundu mailako indar gisa agertu ziren eta, gauza bera egin zuen, askoz ere proportzio apalagoan izan bazen ere, Estatu Batuetako literaturak Fenimore Cooper (1787-1851), Edgar Allan Poe (1809-1849) eta Herman Melvillerekin (1819-1891). Poloniar eta hungariar literaturak eta musikak ere gauza bera egin zuten eta, sikiera abesti herrikoien, ipuinen eta elezaharren argitalpenei esker, iparraldeko Europako eta Balkanetako literaturek ere. Gainera, jaio berriak ziren kultura literario horietako batzuetan, arrakastak berehalakoak eta gaindiezinak izan ziren: Pushkin (1799-1837) poeta errusiar klasikoa bihurtu zen, Mickiewicz (1798-1855) Poloniako poeta handiena, Petoefi (1823-1849) Hungariako poeta nazionala.

Bigarren gertaera nabarmena, arte eta genero jakin batzuen aparteko garapena da. Literatura, adibidez, eta horren baitan nobela. Segurasko ez du beste mende erdirik horrelako nobelisten kontzentraziorik; Stendhal eta Balzac, Frantzian; Jane Austen, Dickens, Thackeray eta Bronte ahizpak, Ingalaterran; Gogol, Dostoievski gaztea eta Turgenev, Errusian (Tolstoiren lehen idatziak 1850 eta 1860 bitartean agertu ziren). Musika harrigarriagoa da. Gaur egungo kontzertuen errepertorioa, batez ere, aldi honetan aktibo zeuden konpositoreen obrek osatzen dute: Mozart eta Haydn –nahiz eta biak berez aurreko garai batekoak izan–, Beethoven eta Schubert, Mendelssohn, Schumann, Chopin eta Liszt. 

Paul Gustave Dorek egindako Poeren Belearen marrazkia

Musika instrumentalaren garai «klasikoa», batez ere, alemaniar eta austriar lorpen bat izan zen, baina genero bat egon zen –opera– era nabarmenagoan eta, beharbada besteak baino arrakasta handiagoz loratu zena: Rossini, Donizetti, Bellini eta Verdi gaztearekin Italian; Weber eta Wagner gaztearekin Alemanian (Mozarten azken bi operak ez aipatzearren); Glinka Errusian, eta garrantzi apalagoko hainbat figura Frantzian. Arte plastikoetan, harremana ez da hain distiratsua, pinturaren salbuespen partzialarekin. Espainiak, Francisco de Goya y Lucientesekin (1746-1828), ohi dituen aldizkako jeinuetariko bat eman zuen, eta garai guztietako margolari onenetako bat. Esan daiteke pintura britainiarrak maisutasun eta originaltasun gailur bat lortu zuela (J.M.W. Turner, 1775-1851, eta John Constable, 1776-1837), XVIII. mendekoa baino pixka bat altuagoa, lehenago eta geroago baino eragin handiagoa izango zuena nazioartean. Esan daiteke pintura frantsesak bere historiako beste aldi batzuetan izan zen bezain gailena izan zela (J.-L. Davidekin, 1748-1825; J.-L. Gérícaultekin, 1791-1824; J.-D. Ingresekin, 1780-1867; F.-E. Delacroixekin 1790- 1863; Honoré Daumierrekin, 1808-1879;  eta Gustave Coubert gaztearekin, 1819-1877). Bestalde, italiar pintura birtualki bere ospe eta distirazko mendeen amaierara heldu zen, eta alemaniarra literaturaren eta musikaren alorreko garaipen handietara edo XVI. mendeko bere garaipenetara hurbiltzea ez zuen lortu. Eskultura, herrialde guztietan, XVIII. mendean baino maila baxuagoan zegoen, eta arkitektura ere bai, Alemanian eta Errusian lan nabarmenak egin arren. Zalantzarik gabe, gure garaiko arkitektura-obra handienak ingeniarien lanak izan ziren.

Oraindik ez dago argi garai jakin batean arteen loratzea edo agortzea zerk dakarren. Hala ere, zalantzarik gabe, 1789 eta 1848 bitartean, erantzuna iraultza bikoitzaren eraginean bilatu behar da batez ere. Artistaren eta gizartearen arteko harremanak esaldi batean laburbildu baditzakegu, esan dezakegu Frantziako Iraultzak bere ereduarekin inspiratu egin zuela eta Industria Iraultzak bere orrorearekin, bietatik sortutako gizarte burgesak bere existentzia eta sortzeko moduak eraldatzen zituen bitartean.

Artistaren eta gizartearen arteko harremanak esaldi batean laburbildu baditzakegu, esan dezakegu Frantziako Iraultzak bere ereduarekin inspiratu egin zuela eta industria-iraultzak bere orrorearekin, bietatik sortutako gizarte burgesak bere existentzia eta sortzeko moduak eraldatzen zituen bitartean.

Ez dago zalantzarik garai hartako artistek gai publikoetan inspiratzen zirela eta horietan parte hartzen zutela. Mozartek guztiz politikoa zen frankmasoneriaren opera propagandistiko bat idatzi zuen (Flauta magikoa, 1790), Beethovenek, Frantziar Iraultzaren oinordeko gisa, Napoleoni eskaini zion bere Heroikoa. Goethe, gutxienez, estatu-gizon eta funtzionario saiatua zen, eta Dickens gizarte-gehiegikerien kontrako eleberriak idazten zituen. Dostoievski bere jarduera iraultzaileengatik hiltzera kondenatu zuten 1849an. Wagnerrek eta Goyak deserri politikoa ezagutu zuten. Pushkin «dezembristak» laguntzeagatik zigortu zuten, eta Balzacen Giza Komedia osoa kontzientzia sozialeko monumentu bat da. Inoiz ez da hain zehaztasunaren kontrakoa izan artistak «konpromisorik gabekoak» bezala definitzea. Izan ere, jauregi rokoko eta boudoiretako dekoratzaile atseginak, edo bildumagileei piezak lortzen zizkietenak, hain zuzen ere, artea zimeldua zutenak ziren. Gutako zenbatek gogoratzen dugu Fragonardek hamazazpi urtez biziraun ziola iraultzari? Itxura batean, arteen tartean politika gutxien duenak ere –musikak– lotura politiko sendoak izan zituen. Gure garai hau izan zen beharbada historian operak manifestu politiko eta eta arma iraultzaile gisa idazten ziren aldi bakarra. 

Eric Hobsbawm

The Age of Revolution (1789-1848), Weidenfeld & Nicolson, 1962. Mikel Sotok euskaratua

Irudia: Medusaren baltsa, Jean Louis Theodore Gericault, 1818