Zertarako dira harriak tiratzeko ez bada zertarako ukabilak jotzeko ez bada?

2021-09-16

lruiñera heldu naiz 
eta galdatzean 
zer gertatzen den 
kalean 
San Ferminak esan didate 
San Ferminak etengabe 
erresuma zaharrean 
Nola baina hain goiz 
nola hain berandu? 
Lehengo San Ferminak 
uztailaren zazpian 
zazpi uztailetan 
oraingoak 
uztailetik uztailera 
uztailetan zehar 

    «Badiatozak badiatozak 
    goiko kaletik beheko kalera 
    badiatozak badiatozak 
    goiko kaletik zezenak» 

Hau duk hiria
hau duk jendea
hauxe duk hauxe
bila nentorrena
uhu eta aha 
kaleak barrena 

    «Zezenak irten arkupetik
     kakak ipurdiko zulotik
     triauskititun triauskititun
     jendeen artetik» 

Bizitza izanik 
hain urri laburra 
duen gatz apurra 
kentzen bazaio
hobe duk ez jaio 

    «Zezenak dira
    bel-beltzak dira
    harrapatzen bazaitu
    harrapatzen bazaitu 
    bertan bertan hilko zaitu»

Jende artean sartzen naiz 
galdu naiz 
eta ez naiz ni 
jendea baizik 
eta jendea ez da gu 
uholdea baizik 
Uhu eta aha 
hau duk hau sasoia 
igelek arrazoia 

    «Badiatozak badiatozak...»
    
Non datoz baina zezenak
ikustera etorri-naizenak? 

Bukatu zuan galdera garaia!
Hago hor eta laster 
ikusiko dituk 

Zezenak nahi ditut 
zezenak nahi 
aaaiii! 
Adarkada edo ez dakit 
zerkada batek
airez aire 
jaurtiki nau
zer duk hau
nire saihets bat
teilatu zaharrera
erori da
katu beltzak
ai ama 
darama 
harrapa hezak hori! 
beste saihetsak beren
lekuan ote dauden
gutti gora behera bederen
arduratan naizela
haizea urrikaldu da nitaz
eta hartu nau bere bizkar
ez nadin berriro
adartegira eror
Zer gertatzen da lruiñean?
Muturrak ferekatuz
isi eta ikus 
diost haizeak
isi eta entzun
entzun eta ikus
lkusten dut ikusten
hiri bete jende
zezenen mende
zezenen aurka
Entzuten dut entzuten
hiri bete orroa
nola Nafarroa
adarkatzen duten
Zer gertatzen da lruiñean
arratoiek ere txilioka
hauts dezaten besta
satorrak ere uholka
daitezen manifesta
haitzurren kontra?
lsi eta iso
entzun eta ikus 
lruinear langileak
eskubide guztien
jabe bakarrak
jabetasun guztiaren
eskubidedun bakarrak
makinak eta labeak
eulien eta herdoilaren
kontura utzirik
haizearen bideetatik
abiatu dira
harriz eta eztarriz
aldarrika:
Non dira zezenak
esplotatzen gaituztenak?
«Badiatozak badiatozak 
goiko kaletik beheko kalera» 
Nork debeka diezaguke
irtetea kalerik kale
geurea bada hiria
alderik alde 

Badiatozak badiatozak
kuartelkadak autobuskadak
hiri modernoetako
hondamendi plagak:
zertarako dira fusilak
tiratzeko ez bada
zertarako makilak
jotzeko ez bada? 
Jo eta tira mutilak
biziak eta hilak 
Hiri honi hortz eta guzti
irents erazi behar zaio
bere errebeldia berriro 

Kanposainduko hezurrak
txitak bezala pilatu dira
elkarren dardaraz defenditzeko
Baina biziek
trumoia buruzagi
aurrea damaiote
ifernikolen inbasioari
Zertarako dira harriak
tiratzeko ez bada
zertarako ukabilak jotzeko ez bada?
Jo eta tira mutilak
hiri esplotatu honek
errementa dezan norabait 
Eman dizuegu izerdia
eskatu diguzue larrua
eman larrua 
eskatu haragia
eman dizuegu haragia
geratu zaigu abotsa
eta abotsari lepoa
bihurtu diozue
Zertarako dira harriak
zertarako ukabilak
jo eta tira mutilak
hiri esplotatu honek
errementa dezan noizbait 

lruiñear andreek
urteetan zehar
komoda zaharrean
gorderik edukiriko
amorru urdinbera
baldeka bota dute
balkoietatik behera
eta hona orain: 
abotsarekin batera
dena birgeuretzea
erabaki dugula 
haragia eta bere-larrua
izerdia eta bere balioa
lkusi dut ikusi
hiri bete jende
zezenen mende
zezenen aurka
Entzun dut entzun
hiri bete orroa
nola Nafarroa
adarkatu duten
lruiñear seme-alabek
ezagutu dute zezena
Picassorena 
baina kostatuko zaio
Gernika bezain erraz
apurtzea arras
hain erraz 
hain arras
lruiñea 

Orain lagun haize
bila dezagun nire
saihetsa
miatzen ari den
katu beltza
zeren nahiz eta badakidan
saihets baten gabea
ez dela hain grabea
nahi nuke gera lekidan
bat behintzat
besteak galdutakoan
lruiñeako San Ferminetan
San Fermin etengabeetan

Xabier Amuriza

«San Fermin etengabeak»*, “Zer gertatzen da Iruñean?” atalean, Menditik mundura, Egilea editore, 1977

*1973eko udaberrian greba historiko bat izan zen Iruiñean Nafarroa airean jarri zuena.

Irudia: Barrikada Iruñeko Errotxapea auzoko Marcelo Celayeta etorbidean 1970eko hasierako greba batean. Iturria Memorias del viejo Pamplona wegbunea