Gogoratzen jarrita, hainbat gauza gogoratzen dut nire haurtzaroko Zegamatik. Beharbada orain ilobak harritu egiten dituen batzuk aipatzeko: eskola Tokitxoko ondoan zegoen, eta arboladi txiki bat eskola eta errekaren artean, hor ibiltzen ginen jolasean errekreoan. Bazegoen beste eskola bat ere: elizaren ondoko Jauregi etxetik aurrera zuzen segituta, ezkerrera Zirkulo Karlista zegoen, goiko partean sala handi batekin –hor ikusi genituen guk lehenengo filmeak– eta behean mojen kolegioa. Ni ere ibili nintzen. Aurreraxeago erreka, bitsez gainezka ia beti, azpiko ura askotan ikusi ere egiten ez zela, papelerarengatik. Erreka pasata, frontoia. Frontoi atzean zerreria bat eta Alkoholerako tximini handia. San Bartolome auzoa oraindik ez zegoen. Frontisaren eskuinera etxe zuri bat zegoen, erreka aldera. Goiko solairuan musika bandak ensaioak egiten zituen, beheko partea ganadu kartzela bezala daukat gogoan: behiak, behorrak, astoak egoten ziren preso, eta guk belarra botatzen genien leihotik. Behiak eta behorrak ez dakit zergatik. Astoak estraperloan harrapatu zituztela, esaten zen. (Kontrabandoari esaten zitzaion estraperloa). Beste kartzela bat udaletxeko behebarruan zegoen, baina ez dakit zeinentzako. Umeok pelotan udaletxeko eta elizako arkupeetan jokatu ohi genuen frontoian baino gehiago.
Lan egunaren erlojua papelerako adarra zen. Zegama baserritarra zen, baina herriko jende askok baserrian eta fabrikan, bietan lan egiten zuen. Hala egiten zuen gure aita zenak ere; fabrikako istripu batean hil zen. Aitari eta Joxepa arreba zaharrenari zor diet nik nire irakurzaletasuna; hau da, gero nire bizi guztian egin nahiko eta beharko dudana. Aitari kanta eta bertsozaletasuna ere bai. Arretxen Brabanteko Jenobebaren bertso-liburua urrea baino estimatuagoa zegoen, armario batean gordeta.
Maisuak, abadeak, herriko «jende jaunak» edo jauntxoak, denok gogoratu ohi ditugu. Giménez Caballero-tarrek itzal handia zuten (Don Ángel, Don Ernesto; azkeneko hau, falangista ilustrea, geroago liburuetan aurkituko nuen). Juan Telleria hil zenean eskolan libre izan genuen. Mundu guztiak daki Cara al sol himno falangistaren egilea zegamar hori izan zela. Baina musika horren iturria autore beraren Amanecer en Cegama omen da, eta hori inork ez dugu ezagutzen. Jauregiko presako petrilean eserita umeoi gozokiak ematen gogoratzen dut Juan Telleria. Haren emazteak bizkaieraz egiten zuen. Eskolan Cara al sol, Isabel y Fernando eta hainbat kanta falangista kantatzen genuen. Mutil eta mutiko falangisten banda bat ere etorri izan zen pare bat aldiz Zegamara 1950 aldera. Haiek entzutera joan gabe Maskarrean behizai egotera zigortu ninduen aitak, Arantzazura joan nahi nuela esana nuelako etxean. Aitari ez zitzaion batere gustatu.
Hamazazpi urterekin edo, Nafarroako Erriberri-Oliten hasi nintzen euskalduna nintzela ohartzen. Nire mundua euskal mundua izango zela erabaki nuen. Segurako Joseba Intxaustirekin zeharo atzendua neukan euskara berrikasten hasi nintzen.
Hauek, eta antzekoak, gogoratzen jarri eta gogoratzen diren kontuak dira. Hor daude golkoan kajoi batean gordeta bezala. Ez dira, ordea, benetan nire arimaren eta nortasunaren zati bihurtuta dauden oroipenak. Nik beti esaten dut, oso Zegamakoa naizela. Baina gero Zegamakoa izate hori nire kasuan zer den ez da erraza esatea. Ez dut harreman asko Zegamarekin, jende gutxi ezagutzen dut. Seguruenik beste edozeinentzat inportantziarik batere gabeko gauzatxoak dira niretzat inportanteenak, neu ere konturatu gabe. Inpresio batzuk, istante batzuk arima barruan. Behin, Drensteinfurten bizi nintzela, Gabon gauean, festako lagunak utzi eta nire gelan geratu nintzen, idazten. Alemanian Gabonak oso goratik ospatzen dituzte, eta ezaguna da, atzerrian daudenentzat Gabonak sorterriaz gogoratzeko egunak izaten direla. Nik ez dut sorterri minik inoiz sentitu. Baina gau hartan, neure pentsamenduetan nengoen, eta goizeko ordu txikietan, batbatean Ugatseko uraren usain fuerte bat sentitu nuen gelan. Gainera, apenas daukat usaimenik. Nik ez nuen Zegaman pentsatzen, baina bera piztu zen nire barruan, bere kasa, Ugatseko uraren usainaren forman. Holako gauzak dira nire barruko Zegama. Arratsaldeko argitasun bat, usain bat, askotan hitz bat, nik Zegaman bakarrik entzun izan dudana…
Aspaldiko urteotan uda partea Kolonian eman ohi dut. Uztail-abuztu aldeko arratsalde argietan enara eta enarakume bandak txilioka zirkuluak egiten hasten dira kale eta teilatu gainetan, hegoaldera migrazioa prestatzen. Ume tonto bat bezala begira-begira egoten naiz: Zegama da! Nire haurtzaroan Zegaman kale inguru guztia dena zelai eta soro zen, eta txori asko. Normalean enara bakarka ibiltzen da hegan. Baina kumeak egin eta, udaren buruan bandatan ibiltzen hasten dira, txilioka. Umetan harrituta egoten nintzen txorien jirabueltak miresten. Orain Zegamako enarak dira urtero txilioka Koloniatik pasatzen direnak.
Jende askok itsasoa maite du, nire arimako paisaia mendia da. Aizkorri, noski, zegamar guztientzat bezala. Arkaitz handiago eta potenteagoak asko daude. Baina ez da hori. Aizkorri aurpegi bat da, alaia, gaiztoa, kanbiatzen dena, nagusi handi baten edo izaki mitologiko baten antzera gure arimaren zoruan grabatuta daramaguna. Aizkorriko argia, iluna, trumoi zartadak, ni ibili naizen bideetan nirekin ibili dira. Eta ez da Aizkorri bakarrik. Zegama inguratzen duten beste mendi mantsoen forma leunak, borobilduak, nekaturik nagoenetan, arimaren deskantsurako paisaiaren ereduak dira. Ez da egia, mendiek horizontea itxi egiten dutela. Oazurtzagain, Mendieta, Elortxiki, Arranoaitz, Hirumugarrietak, arratsaldeko eguzkitan, mugagaberantz jaso eta ireki egiten dute ostertza.
Zegama hau, nik bera baino, berak nauka ni, esango nuke.
Gero, beste Zegama bat ere badago nire barruan, neuk distantziatik erakarria, ez bera oharkabe-oharkabe nire ariman txikitan sartua. Ni hamar urterekin joan nintzen Arantzazura; nire barruko Zegama umetakoa da, hortaz. Edo, ezta hori ere. Arantzazun erdara ikasi behar genuen, ordura arteko mundua ahaztu, beste batera jarri.
Gero, beste Zegama bat ere badago nire barruan, neuk distantziatik erakarria, ez bera oharkabe-oharkabe nire ariman txikitan sartua. Ni hamar urterekin joan nintzen Arantzazura; nire barruko Zegama umetakoa da, hortaz. Edo, ezta hori ere. Arantzazun erdara ikasi behar genuen, ordura arteko mundua ahaztu, beste batera jarri. Lehenengo lau urteetan ez ginen behin ere etxera joaten; gero bi urtetan segidan hogeiren bat egunerako; hurrengo zortzi urteetan inoiz ez. Beraz, hamairu urte horietan hilabete eta erdi inguru egongo nintzen Zegaman. Ondorengo hamar urteetan atzerrian bizi izan naiz, Alemanian gehienbat, orain Donostia eta Alemania artean. Arantzazun beste mundu bat ikasten genuen bitartean (latina, grekoa, frantsesa, ingelesa), Zegamako mundua nik berehala ahaztu nuen. Hamazazpi urterekin edo, Nafarroako Erriberri-Oliten hasi nintzen euskalduna nintzela ohartzen. Nire mundua euskal mundua izango zela erabaki nuen. Segurako Joseba Intxaustirekin zeharo atzendua neukan euskara berrikasten hasi nintzen. Eta Alesandro Arrieta Lartzagurengoarekin orduak eta orduak aritzen nintzen umetako mundu galdua birreskuratu nahita: Zegamako hitzak, esaldiak, sorginen eta tartaloen ipuinak, berak oso gogoan zeuzkan, eta hura maisu nuela, koaderno batean notak hartzen nituen. Uste dut, ez diodala inoiz behar bezala eskertu, eta lerro hauekin nire aspaldiko zorra aitortu eta eskerrona adierazi nahi nioke.
Ni orain, neure modura, Zegama ikasten ari naiz beti. Etxera –Arretxera– joaten naizenean, inoiz ez naiz zerbait berri ikasi gabe bueltatzen: hitz bat, esaera bat. (Oso euskara ona egiten da Zegaman). Inaxita eta Joxean Ormazabalek asko irakatsi didate. Nire liburuak egiten Ariztimuñoko Joan Larrea zenaren alaba bixkiek laguntzen didate, Mila eta Pili, eta Mendietako Jakatarrek argitaratzen dituzte (eta zuzentzailea Xabier Mendiguren beasaindarra izaten dut!). Semaforo aurrean ere, edo zerbait itxaron behar dudanean edonon, ezin egoten naiz irakurtzen hasi gabe. Horregatik autoan Pio Berasategiren libururen bat daukat beti eskura: Zegamako ipuinak, Zegamako airea.
Joxe Azurmendi
«Nire Zegama, nire barruko Zegama da», Urtekaria 2011, Zegamako Udala