Estatu Batuetako Mississippi Estatuko New Albany izeneko hirira jaio zen William Faulkner 1897.eko irailaren 25ean (hala ere, bere lanak beti Faulkner izenarekin sinatuko zituen). Ia eskola gabea, bolondres sartu zen Lehendabiziko Mundu Gerran, baina gerra bukatu zen arte parte hartu gabe. New Yorken urte batzuk bizi eta Europan zehar bidaiatu ondoren, bere jaiotzako Estatuko Oxford hirira erretiratu zen literatur-lanetan huts-hutsean aritzeko. 1949.ean Nobel saria eman zioten, eta, horri esker, bai Estatu Batuetan eta bai munduan ezagunago bilakatu zen. Bere bizitzaren azken urteetan zerbait bidaiatu zuen, hitzaldiak emanez; eta bizitzeko eta idazteko aukeraturiko hirian, Oxforden, 1962.eko uztailaren 6an hil zen.
Era askotako literaturtankera landu zuen Faulknerrek (poesia, teatroa, zinema-gidoiak…), baina dudarik gabe bere eginkizun apartekoena eleberria izan zen. Bere eleberriak idazterakoan Europan zehar zebiltzan tankera berriak Melvilleren ildotik zihoan eleberri amerikar klasikoan sartu zituen. Horrela, Joyceren bidetik idatzi zuen The sound and the fury. Baina bere produkzio nagusia Yoknapatawphako saga osatzen duten liburuak dira: Sartoris; Absalon, Absalon; The Unvanquished; Go Down, Moses; Intruders in the Night… Bertan, Estatu Batuetako Hegoaldean kokaturiko alegiazko herri bateko istorioan zehar, pertsonaiak, tokiak, bizimoduak… agertzen dira. Lurrarekin hain itsatsia egon arren, azaltzen diren arazoak ia unibertsalak dira, inorentzat arrotz gertatzen ez direnak.
Itzultzeko aukeraturiko ipuin hau ez dateke, beharbada, ezagunena edo hoberena, baina hedapen-herstasunek mugaturik, idazle honen ordezkari ona dela deritzogu. Irakurtzerakoan kontuan hartu, halaber, Faulkner ez dela idazle erraza. Irakurlearengandik lankidetza eskatzen du bere obra guztian. Zailtasun horretaz, Faulknerrek berak ere zera esan omen zuen: «Bi edo hiru aldiz irakurri ondoren ez bada ulertzen, lau aldiz irakur».
Arrosa bat Emilyrentzat
(Ipuin hau Forum aldizkarian argitara zen lehen aldiz 1930ean. Frantsesera Maurice-Edgar Coindreauk itzuli zuen 1932an, eta 1970erako 25 birargitarapenak eginak ziren)
Miss Emily Grierson hil zenean, gure hiri osoa joan zen haren hiletara: gizonak monumentu erori batentzako errespetuzko afekzio bat dela bide: emakumeak, gehienez, haren etxebarrua ikusteko kuriositateagatik, zein, otsein zahar batek salbu —lorazain eta sukaldari konbinatua—, gutxienez azken hamar urteetan inork ez baitzuen ikusi.
Egitura sendoko etxe bat zen, tenore batean zuria izandakoa, kupulez, orratzez eta balkoi bilgutuez hornitua, hirurogeita hamarretako estilo astunki airosoan, eta inoiz gure kale selektuena izandakoan eraikia. Baina garajeek eta kotoia hazietatik bereizteko makinek auzune hartako izen gorenak ere inbaditu eta suntsitu zituzten; Miss Emilyren etxea geratu zen bakarrik, beraren gainbehera pollit eta setatsua altxatuz kotoi-bagoi eta gasolina-ponpen gainetik —gauza itsusien arteko gauza itsusi bat—. Eta orain Miss Emily joanda zegoen izen gorenetako ordezkariak elkartzera, haiek dautzan hilerri zedro-nahasira, Jefferson-eko batailan eroritako Batasuneko eta Konfederakuntzako soldaduen hilobi izengabeko eta zerrendatuen artean.
Bizirik, Miss Emily tradizio bat, obligazio eta ardura izan zen; hiriarengan eginbehar heredagarri antzeko zerbait, 1894.eko egun hartatik datatua, zeinetan Sartoris koronelak, alkateak -amantal gabe emakume beltzik kaleetan ager ezin zitekeela zioen ediktua eman zuen berberak- zergak barkatu baitzizkion, dispentsa aitaren heriotzatik betirako izango zelarik. Eta hori Miss Emilyk ez zukeelako karitaterik onartuko. Sartoris koronelak ipuin bihurri bat asmatu zuen, Miss Emilyren aitak hiriari dirua utzi ziola, eta hiriak, negozio bezala, berrordaintzeko bide hau nahiago zuela. Sartoris koronelaren belaunaldiko eta pentsamenduko gizon batek bakarrik asma zezakeen hura, eta bakarrik emakume batek sinets zezakeen.
Hurrengo belaunaldia, ideia modernoagoekin, alkate eta zinegotzi bihurtu zenean, akordio horrek deserosotasun txiki zenbait sortu zuen. Urtearen lehendabiziko egunean zergen berria bidali zioten postaz. Otsaila heldu zen, eta ez zegoen erantzunik. Eskutitz formal bat bidali zioten, berari eroso zitzaionean sheriffaren bulegotik joatea eskatuz. Aste bat beranduago alkateak berak idatzi zion bisita bat edo bere autoa eskainiz, eta erantzunez zera jaso zuen, itxura arkaikoko paper batean ohar bat, tinda kolorgetuan eta kaligrafia jarrai eta mehe batean, ez zela gehiago etxetik ateratzen gaztigatuz. Zergen berria ere estalki barruan zetorren, iruzkinik gabe.
Zinegotzien Batzordearen biltzar berezi batera deitu zuten. Ordezkaritza bat joan zen andrea kunplimentatzera, eta atea jo zuten, zortzi edo hamar urte lehenago portzelana-pinturazko eskolak emateari utzi zionetik beste bisitarik zeharkatu ez zuen atea. Beltz zaharrak sartu zituen gela ilun batera, zeinetatik eskailera bat itzal handiagotara igotzen baitzen. Hautsa eta erabilmendurik eza usaintzen ziren, usain hertsi eta hezeak. Beltzak mintzagelara zuzendu zituen. Larruz gaineztaturiko altzari astunez jantzirik zegoen. Beltzak leiho bateko pertsianak ireki zituenean, larrua arrakalatuta zegoela ikus zezaketen; eta eseri zirenean, hauts ahul bat nagikiro azaldu zen beren izterren inguruan, fits geldoekin eguzki-izpi bakarrean biraka. Tximinia aurrean, pintatze-asto urreztatu eta deserlantzatu batean Miss Emilyren aitaren lapitz-erretratu bat zegoen (ipuinak jarraitzen du Hegats aldizkariaren 29-41 orr.).
William Faulkner
Imanol Zubiriak apailatu eta euskaratua, Hegats 15-16 zenbakian, 1997ko abenduan