Gaur irakurleen abangoardia kritikaren abangoardia baino askoz eraginkorragoa da, hainbat kritikori mingarria bazaio ere

Camillerik eta Vazquez Montalbanek elkar ezagutu zuten 1998an edo 1999an. Vazquez Montalbanek Camilleriren Un mes con Montalbano (Emecé, 1999) gaztelaniazko edizioaren hitzaurrea idatzi zuen.

Afera Camilleri Espainiako Estatuan jaulkitzea izango zen, noski. Emecéren eskutik irten zen (Planeta taldea). Guztiarekin, merkataritza-operazioak operazio, esanguratsua da bartzelonarraren hitzaurrea.

Ez geunden publizitateak prefabrikatutako fenomeno baten aurrean; aitzitik, fenomenoak baieztatzen zuen publiko zabalak maite dezakeela artisautza-literatura, gustu literarioa moldatzen duen eragile berri bati esker: irakurleen abangoardiari esker, alegia; gaur kritikaren abangoardia baino askoz eraginkorragoa dena, hau esatea hainbat kritikori mingarria bazaio ere; eta kritiko horiek tematzen badira ere publikoa merkatuarekin identifikatzen, epaile ona ezin delako izan frogatu nahian.

Zeinak baieztatzen baitu, zeharka, publizitateak fenomenoak prefabrikatzen dituela (baina hainbeste bagenekien). Carvalhoren sortzaileak folio oso bat erabili zuen, hitzaurre hartan, Camilleriren artisau-izaera goratzeko: argitaletxe handiekin ezin lehia zitekeen Sellerio argitaletxe txikian argitaratzen zuen —lau lagunek, Sciascia tartean, 69an sortutako argitaletxea, Palermon—, liburuak ahoz ahokoari esker errepikatzen ziren bost mila aleko botaldietan saltzen zituen…

Emilio Manzano kazetariak biak, Camilleri eta Vazquez Montalban, elkartu zituen 1999ko otsailean, Vazquezen hitzaurrea zeraman Camilleriren liburuaren aurkezpena kari. Montalbanek hauxe zioen:

Gure pertsonaien artean, Carvalhoren eta Montalbanoren artean, ezberdintasun asko daude, antzekotasunak ere bai. Beharbada ezberdintasunik esanguratsuena da zurea polizia publiko bat dela, Estatuaren polizia bat, eta Carvalho, aldiz, ikertzaile pribatu bat da. Hala ere, zurea polizia oso berezia da, ez dut uste egiazko polizia italiar askoren antza edukiko duenik.

Hor dago berriro ikuspuntuaren kezka. Camillerik erantzun zuen aitortuz Montalbanok ez zuela iraungo ezta hiru egun ere, Italiako Poliziarena bezalako egitura baten barruan. «Elementu arrotz bat da, literarioki polizian txertatu dudana».

Txertaketa literario honen ideia errepikatzen da, nolabait, aipatu hitzaurrean:

Erreferentzia kultuek (Montalbanorenek) Pounden poemetan hieroglifiko egiptoarrek duten funtzio bera daukate, beste unibertso baterantz irekitako leihoak dira, sinestezinak egiazko komisario batentzat, baina sinesgarriak polizia literario batentzat, hitzez egindako sorkaria den ber. Camillerik Montalbanoren bizitza bikoitz eta kultuarekin jolas egiten du, irakurlearen konplizitatea bilatuz.

Baina irakurlearen «konplizitatea» bilatzen denean sinesgarritasuna lortzeko, seinale zerbaitek egiten duela huts. Zer? Nire ustez, ez Camillerik eta ez Vazquez Montalbanek, ez Montalbanok eta ez Carvalhok, beste gauza askoz larriago batek baizik: errealismoaren pretentsioa da huts egiten duena, nobela beltz bat klabe errealistan irakurtzen ahal delako ustea. Alegia, nobela beltza errealista izan zitekeen, eta zen 1929an, baina 1999an jada ezin da izan, artefaktu historikoa denez; eta berriz itzuliko ginateke lehen ere aipatu ditugun Manchetteren hitzetara, Borgesen Pierre Menard, autor del Quijote aipatzen dutenetara.

Irakurleen konplizitatearen bila hasita, ez da makala Vazquez Montalbanek aukeratu zuen bidea; zer eta, Kennedyren bizkartzaina eta CIAko agentea izan den detektibe katalan bat, komunista ohia gainera, bulegoa Rambletan daukana. Esango baligu bezala, tira, hau onartzen badidazue, joko-zelai hau eta arau hauek onartzen badizkidazue, hortik aurrera denari men egitea, besterik ez daukazue. Konplizitatea ez, eta erabateko entrega da eskatzen duena. Eta bere irakurleak izan garenok onartu, gorabeherak gorabehera eta okerrak oker, asko eman digulako.

Eta, lehenengo gaira itzuliz, konplizitatea eskatzen didatenean ere, ez da berdina Camillerik eskatzen didana edo Vazquez Montalbanek eskatzen didana. Ludikoagoa eta ironikoagoa da katalanak eskatzen duena, motzagoa eta politikoki zuzenagoa siziliarrak eskatzen duena.

Azken finean, Manuel Vazquez Montalbanek interes handiz eta onenak emanda —nire ustez— egin zuen hitzaurre horretan, amaieran, esaten zuen bezala:

Ipar kultural bateko irakurlea izan da, ipar geografiko batekoa bainoago, aukerak eman dituena genero poliziakoa gehiago izan ez zedin azpigeneroa eta adjektibo soila, eta ezagutza narratiboaren estrategia bilaka zedin.

Eta Camilleri ere baiezkoan dago, baina hala ere, lehen aipatu dudan bien arteko topaketa horretan, arrakasta dela eta ez dela, saltzea dela eta ez dela, hitz hauek eskapatzen zaizkio: «Batzuetan uste dut ergelentzako moda bat baino ez naizela».

Jon Alonso

Beltzaren koloreak, Susa, 2016

Irudia: Manuel Vazquez Montalban ardo bat zerbitzatzen Bartzelonako jatetxe batean