Borroka bai, izarren kontenplazioa ere bai

Txillardegiren bakardadea ez da independentzian errefuxiatzea, problemak hastantzea. Miseria guztiak zinez bizkarrean kargatuz da, aitzitik, Txillardegik nola nahi duen zeru izarraren kontenplazioa. Baina existentziaren azken zentzuaren larriz eta laborriz nahi du izartegira begiak altxatu: guztiaren aurrean ezerezaren ideiarekin konfrontatzeko. Heriotza Osoaren ideiarekin. «Aizearen hosto segaillenerara dardaratzen gera hutsaren hutsean».

Zeruaren kontenplazioan, paradoxalki, Txillardegiri argitzen zaiona, ez da izango jainkotasuna, gizatasuna baizik. Progresoak, teknikak, ekonomiak, ez dute salbatzen gizona. Okerrago: ez digute erantzuten, zer den gizona. Ez dute ikusten ere. Baina, bestalde, gizonaren defentsak, diferentziaren aldezpenak eta nortasunaren hazkuntzak, borroka euskaltzaleak, abertzaleak, iraultzaileak, libertariak, diren bezain garrantzizkoak izanik, sentido erlatibo bat dute, ez dira absolutuak, kanpoko eta kaleko gizonaz komunitariaz ari dira barnekoaz eta ez dute haizu itotzea gure baitako guztion arima platoniko bakar, indibidual antsiatia. Izarrei begira durduzaturik airean geratzen dena. Gizatasuna ez da ahitzen gizonaren gizarteko joan etorrietan. «Jaiak bai, borroka ere bai», esaten da: Txillardegik, «borroka bai, izarren kontenplazioa ere bai», gehituko luke. 

Borrokak borroka eta progresoak pogreso, gizonaren neurria ez bait dute ekintzaileek erakusten: kontenplatiboek. Arrazioa da, kontenplatiboa dela —Buda, Unamuno, existentzialismoa, kristautasuna— bere ezerezari begiekin begiratu eta ohartzen ausartu den gizona. Egiazko gizona. «Teilharden goi-argia, Budarena bezala, gizon sakon guziena bezala, Ezerezaren amilburu izugarrietan sortu zan. —Heriotza Osoa, Ezereza, “Omega”: horra hor gizontasunaren neurria: horra hor gizon bat». 

Salbatorek, Txillardegik, existentzialismoaren ildoan garatu dute gerraondoko lehen gogoeta euskal saioan. (Kierkegaard, Unamuno, Sartreren izenak ez dira falta saio honetan). Salbatoreren «zer da euskal arima» eta Txillardegiren zer da gizonaren artean sintonia biribila dago. Biek, eraskin oro kendu, arazoa bere izatetasun gorrian planteatu nahi lukete. Akzidental guztia soildu. Baina horrela harrapatutako pertsona, biluztua geratzen da, mehatxatua, salatua kausitzen da bere ahulerietan, zeru izarratuaren azpian esaterako, inkisizio pertsonal, existentzial baten izualduraz eta noraezean (Kafka gogoratzen du). Ez ote dago kontenplazio bakezkoagorik? Txillardegiren saioa zaila da, exigitzen duen jarrera kontenplatiboa (kasik mistikoa) zaila delako duda gabe denboraotan. («Gizona ‘homo economicus‘ billakatu da, eta batzuetan gure gizatasunaz lotsarazi nahi gaituela dirudi»). Baina, gehiago, kontenplazio guztiz agresiboa desarroilatzen duelako gero, konpondiorik ezertan bilatu gabe. Borroka sozialak ez ote du deus balio? Justizia pittin bat gehixeagok ez ote du merezi? Galdera horiei saioak ez die jaramonik egingo. Bere gaiarekin bakarrik dago absorbituta: «Begira galaxiak, eta galaxiazko galaxiak: gizona ezer ez da, mundua ez da ezer». 

Joxe Azurmendi

«Euskarazko saioa XX. mendean», Txillardegiren Huntaz eta hartazi buruz , Hegats, 4. zenbakian, 1990eko azaroaren 13an

Irudia: Imanol Garciaren argazkia