Ondarruko erri euskalduna maitatzen ez dauanik ez dago Bilbotik Baionara. Niretzat onra aundi bat da onera berba egitera etortzea. Eta zuen aurrean gaur aitatu bear dodan lenengo gauzea au da: Txomin Agirre nobela-gille argidotar eta idazle gorengoaren akordua eta oroitzapena. Aurten betetzen dira eun urte mundu onetara jaio zanetik. Guztiok dakigun gauzea da, eta iñork baño obeto daki Ondarroako erriak.
Geienetan errietako seme argiak aaztu egiten dira, badirudi erria askotan bere semeez akordatzen ez dakiala. Aurten beste eun-urte betetzen dira bizkaitar seme argi bi jaio zirela, Lekeition Resurreccion Azkue, eta Bilbon Mikel Unamuno eta Jugo. Baina gizon bi orrein jaioera pizkat galditzen dira lañopean, badirudi Lekeitio eta Bilbo lotsatu egiten diradela auren altzoan alango semeak jaio egin zirealako. Alango aitarik asko dagoz munduan, euren semeak gauza andiak egiten dituanean lotsatu egiten direanik, munduari barkaziñoa eskatzen deutse, euren errua ez dala, seme normalak eduki gura izan zituen, eta alango seme andirik ezebela mundu onetara ekarri nai izan. Baña Ondarroako erria ez da orreitarikoa. Ez ezelan bere, Ondarroako erria seme argi batez erditu zan orain eun urte, Domingo Agirre abadea. Euskal literatura maitatzen dogunontzat, au urrezko izen bat da. Nobela bi eskribitu zituan, oso andiak biak: Kresala eta Garoa. Beste bat eskribitu zuan, Auñamendiko lorea, baña au ez dot kontuan eduki bear, beste biak dira-ta iñoiz ilgo ez dan famea eta ospea emon deutsenak.
Agirrez berba egiten daben bakotxean, orko kritiko arroputzak gogora ekarri gura dituez frantzes eskritore bat, Paul Feval eta espaiñol beste bat, Pereda. Aita Villasanteren euskal literaturaren kontaeran irakurtzen dot Fausto Arotzenak bein esan zuala Kresalak eta Garoak gogora ekarten dituela Peredaren Peñas Arriba eta Sotileza. Eta nire iritzia da onegaz injustizia egiten deutsagula gure ondarrutar argiari, beste bi orrein konparazinoak ez deutsa-ta mesede andirik egiten. Onegaz probatzen dabe euskalduna izateko arrotasunik ez dadukatela, orrein iritzian euskeraz idazteak kalte egiten deutsa-ta eskritoreari, eta benetan berbakuntzeak idatz-obreagaz alkar-ikusi gutxi dadukala, eta gaurko jentearen ustez Feval orrek eta Pereda orrek ezer eskribitu ez balebe, oba. Baña gure Agirre’tar Domeka oso bestelakoa. Len esan dodan legez, Agirri famea jatorka bere nobela bi orreitatik, Kresalatik eta Garoatik. Orain bide-batez, nire iritzia azalduko dot bi orrein gañean. Garoak ospe gaiago daduka Kresalak baño. Baña Garoa ez da ain nobela andia. Garoa eskribitu eban Agirrek bere denporako erromantiko espirituari amore emoteagatik, eta erromantiko ez dan gizonari eskuetatik jausten jako libura. Sustraitik arakatzen badogu liburua, faltsotasun aire bat arkituko dogu lehengo orrietatik asita eta amaia lortu arte.
Agirrek bere pertsonaiak Arantzazu gañeko Urbiako zelaietan jartzen ditu, eta Agirre ez zan egundo bere bertan egon.
Gañera Gipuzkoako euskereaz idatzi eban. Nik egia esan bear badot, eta jentea neugaz asarratu dadin arriskuan jartzen banaiz bere, au esan bear dot, Garoa ez dala nire atsegiñekoa, ez jatala gustatzen. Baña Kresala beste gauza bat da. Bertan ez dago erromantiko usañik. Azken larogei urte oneitan pizka bat aldatu dira denporak, eta gaurkoak ez gara erromantikoak. Literaturak beste jo-muga batzuk dadukaz, eta orain gizarteko edo gizaldeko gaia billatzen da. Eta literatura barri onetan aparteko lekua merezi dau Kresalak. Agirrek bere euskera propian idatzi eban, Bizkaiko euskera latzean, Gipuzkoako eztitasunetatik igesi. lndarra billatu eban, eta gauza egiazkoak tratatu ebazan, egunero gertatzen diraden gauzak kontatu ebazan, gizonak dadukazan problemak arakatu ebazan. Mesede andi egin euskun gaurko literatur-zaleori, eta guk eskerrak emon bear deutsaguz, gorazarre bizi batean.
Bai, orain eun urte dira Bilbon Mikel Unamuno eta Jugo jaio zanetik, eta Bilboko erria ezta gogoratzen bein batean Unamunoren izenagaz eduki ebala seme bat. Orain gomutarri bat ukatu deutsa erreaziñoko indarrak ukatu deutse. Baña Ondarroa bestelakoa da. Ondarroa ondo, oso ondo, gogoratzen da bein batean seme bat eduki ebala Txomin Agirreren izenagaz. Ondarroa ezta gogoratzen bizikleteroen edo futboleroen izenakaz. Ondarroa nobelisten eta artisten izenakaz gogoratzen da. Ondarroan nagoan ordu onetan, jaun-andreak, nire biotza alegrantzaz, pozkidaz eta eskerronez zabaltzen da. Jaun-andreak, kulturearen izenean, Ondarroako uri guztiari, nola agintarieri, ala erri xumeari bere, eskerrik asko. Zuentzat danontzat joan beitez nire txaloak!
Nik bere, euskal poeta trakets onek, nire gorazarrea aurkeztu gura deutsat Txomin Agirre andiaren oroitzapenari. Alan egiteko, zer eskeindu neio nik? Esku artean bakarrik nire poesia erabilli nei. Beraz olerkitxo bat idatzi dot, orain, zuen pazientzia akabatu dedin baño len, irakurri gura deutsuedana. Baña eztadilla nire gorazarrea Txomin Agirrerentzat bakarrik. Oroitu gaitezin aurten betetzen direala eun urte Azkue eta Unamuno jaio zireanetik bere, eta zelan Lekeition eta Bilbon ain urriak eta eskaxak dirian, nire gorazarrean iru izen oneik bildu gura eta bear ditut: Nire gorazarrea entzun egizue:
Orain eun urte jaio ziran
gizonak:
Lekeition Azkue;
Ondarroan Agirre;
Bilbon Unamuno:
zuek ohoratu duzue
Bizkaia,
zuek ekarri duzue
onera,
lur tormentatu onetara,
argi pizka bat;
esplikatu duzue
argia;
esan duzue
egia,
orain guk
isiltzen dugun
egia.
Ondarroako Domeko Agirre,
Txomin zelaia,
ongi kantatu. zenduen
itsasoko gezala
eta lurreko garoa:
Eskerrik asko.
Zazp! kaleetako Mikel
Unamuno eta Jugo,
ederki maitatu zenituen
bi lur,
komunio batera ekarri nai izan zenituen
Kantabria
eta
Gaztela:
Eskerrik asko.
Lekeitioko Piztuera,
Resurrección de Azkue,
hizkuntzaren oinarriak
aztertu zenituen:
Eskerrik asko.
Baina nik orain,
eun urte igaro dan orduan,
zuen oroitzapena hartzen dut esku artean,
nire poesiaren hegaletan jasotzen dut,
eta ingude baten gainean jarririk,
esperantzaren mailuarekin
apurtzen dut
ankerki.
Zuen gorazarrea
gizonaren probetxuan
gerta dedin
hemen.
Gabriel Aresti
«Lengo eta oraingo euskal poesia erritarra» hitzaldia, Txomin Agirreri Ondarroan egindako omenaldian, 1964ko ekainaren 8an. Gabriel Arestiren literatur lanak-10: Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak. Susa, 1986.