Esan bare. Esan niri. Esan zakar.

Esan bare. Esan niri. Esan zakar
Esan ez dugula elkar maitatzen asmatzen
Esan ez dugula orbainak gozatzeko betarik hartzen
Esan niri. Esan zakar. Esan geldi

Esan zakar ez gaituela geroak horrela nahi
Esan ez dugula geroa horrela nahi
Esan gatz gehiegi eman diegula:
Esan gure irekiek larregi ikasi dutela

Esan baratx. Esan niri. Esan zakar
Esan hildura xarea hazi zaizula zuri ere
Esan aztarrika ekiten diola egunsenti bakoitzari
Esan nahikoa dela, akitu egiten direla bihotzak

Esan ez dugula oinazearen gorazarre eginen
Esan ez gaituela edonola nahi
Esan itxarotea ere badela bizitzea
Esan itxarotea ere badela bizitzea

Esan gozo. Esan soilik. Esan

Iñigo Aranbarri

«Berrogei minututan ez esateko beldurra», Harrien lauhazka, Susa, 1998

Irudia: Emakumeak kartzelan, 1989. urtean, Jane Evelyn Atwooden argazkia