Gramsciren errautsak

2021-02-03

Zapi gorri bat, partisanoek
lepoan daramatenen modukoa,
eta ontzitik gertu, ezkoa dirudien

lurraren gainean, asko gisaz
gorri, bi geranio. Han hago hi,
doilor eta dotorezia ez katoliko

sendoz, hildako arrotzen artean
sailkatua: Gramsciren errautsak…
hala hurreratu nauk, halako

itxaropen eta fede zahar batez,
halabeharrez heldua lur xehatu
honetara, hire hilobira,

jende libre hauen artean
geratu den hire izpirituaren
aurrera (Agian bestelako zerbait

da, sorgortuagoa eta apalagoa,
sexuzko eta heriozko sinbiosi
nerabe hordia…). Eta herri

honetatik, hire eten-nahiak
atsedenik ezagutu ez zuen
honetatik, huts egite gisa

ikusten diat —hemen hilobi
bareon artean— zergatik —gure
zori urdurian— isuri hintuan

orririk gorenak hil hinduten
egun haietan. Hona hemen,
ororen lekuko, oraindik hedatu

gabeko dominio zaharraren hazi,
hildako hauek, lotuak gaitzestea
eta handitasuna mendeekin

galtzen duten zerbaiti; eta hauekin
batera, temati, ingudeen hots
itoa, moteldua, nahigabetua,

auzo xumetik heltzen amaieraren
lekukotza emateko. Eta hona hemen
non nagoen, pobre, behartsuek

distira arruntezko erakusleihoetan
ikusten dituzten arropez jantzia,
bide galduetako hautsak lohitua,

tranbia aulkietan xehaturik
gaurko eguna: bitartean, bizitzari
eusteko sufrikario honetan,

bakanagoak dira atsedenaldi
hauek; eta mundua maite badut
honen biolentziagatik da,

eta amodio sentsual xaloagatik,
garai batean, gazte ilun nintzela,
nigan zegoen ni burgesari

gaitz burgesa zauritzen zionean
gorrotatu izan nuen bezala.
Eta orain, —hirekin— banaturik

mundua, ez da akaso botereak
daukan zati hori erdeinu eta
arrangura mistikozko objektu

gisa ageri? Eta halere, hire
zorroztasunik gabe ere, bizirik
nagok, ez baitiat ezer aukeratzen.

Gerraoste itzali honen gogoezean
bizi nauk,  gorroto dudan mundua
maitatzen, —miseria galdua,

etsigarria— kontzientzia-eskandalu
ilun bati esker…

Pier Paolo Pasolini

Le ceneri di Gramsci, 1951 eta 1956 urte bitartean aldizkarietan argitaratutako poema, Iñigo Aranbarrik euskaratua

Irudia: Pier Paolo Pasolini Antonio Gramsciren hilobiaren aurrean Erromako Hilerri Ez-katolikoan. Paolo di Paoloren argazkia