Idazleei izugarri gustatzen zaien idazle batek, Raymond Carverrek, izenburu zoragarria jarri zion bere narrazio liburuetako bati. ¿De qué hablamos cuando hablamos del amor? edo Zertaz hitz egiten dugu maitasunaz hitz egiten dugunean? Liluratu egiten ninduen baita irakurri baino lehen ere, etxeko apalategian ikusten nuenean, eta askotan izaten dut «maitasuna» hitza beste batekin ordezkatu eta era guztietako hitz jokoak egiteko bulkada. Gaur ez diot gogo horri eutsiko eta literaturaz hitz egiten dugunean zertaz hitz egiten dugun galdetuko dizuet. Bai, zuoi, irakurleoi. Ze, zuei ere gertatuko zitzaizuen inoiz, literaturari buruzko artikulu bat irakurtzerakoan, bereziki egilea idazle bat denean, artikuluaren bukaerara iristea eta pentsatzea «ez du literaturari buruz ezer esan». Eta literatura esaten dudanean «testu literarioak» esan nahi dut edo, kaleko hizkeran esatearren, «liburuak».
Pertsonaiak, gaiak, ikuspuntuak, deskribapenak, elkarrizketak edo argumentua. Horiek testuaren —liburuaren— elementuak dira. Baina literaturari buruz hitz egiterakoan ez dira gehiegi agertzen, ezta? Askotan hitz egiten da, ostera, kanon literarioari buruz; kritika literarioari buruz, bereziki kritika bigunegia edo gogorregia ote dugun —enegarrenez— galdetzeko; eta idazlearen profesionaltasunari buruz. Bereziki profesionalak izan nahi dutela erreibindikatzeko.
Aspaldi iruditzen zait euskal literatura esaten diogunaren gaitz endemiko gehienak irakurleei bizkarra ematetik sortzen direla.
Argi dago idazleentzat gai hauek interesgarriak direla, azken batean, kanon literarioaz hitz egiten dugunean literaturaren historiara pasatzen diren lan literarioei buruz hitz egiten dugu eta horiek aukeratzeko irizpideei buruz; kritikari buruz hitz egiten dugunean, beste maila batean, baina horretaz hitz egiten dugu; eta idazlearen profesionaltasunez berba egiten badugu… tira, esan beharrik ere ez dago horrek idazlearentzat garrantzia duela. Beraz, eta hona nire teoria, ez ote da izango literaturari buruzko hausnarketak eta iritziak eta artikuluak idazleentzat direla interesgarriak —izatekotan— baina irakurleei bost axola zaizkiela? Izan ere, eta honezkero beharbada konturatuko zineten idazle bat protagonista zuen beste nobela bat irakurtzerakoan, idazleak oso gai garrantzitsua dira… idazleentzat. Baina eta irakurleak? Literaturaz hitz egiten dugunean akordatzen gara irakurleentzat ere idatzi beharko genukeela edo irakurleentzat nagusiki? Eta literatura egiten dugunean?
Aspaldi iruditzen zait euskal literatura esaten diogunaren gaitz endemiko gehienak irakurleei bizkarra ematetik sortzen direla. Literaturari buruz hitz egiten dugunean eta literatura egiten dugunean.
Azkenik, eta hiru gai horiei dagokionez neure iritzia ere ematearren. Ez dut uste idazleok kanonari buruz kezkatu behar dugunik. Irakurleek erabakitzen dute zeintzuk izango diren belaunaldi bakarrean hilko diren autoreak eta zeintzuk literaturaren historia iluminatuko dutenak.
Kritika literarioari dagokionez, biguna edo gogorra baino gehiago ona ala txarra izango da, alegia, testua ulertzen eta uler arazten duena edo ariketa literarioarekin zerikusirik ez duena. Eta idazlearen profesionaltasunari dagokionez, Idazleak beti izan behar du profesionala, alegia, beti egin behar du bere ofizioa profesionaltasunez. Hortik bizi ahal badu edo ez bere kontableari dagokion kontua da.
Azken asteotan hiru liburu zoragarri irakurri ditut. Benito Perez Galdosen Trafalgar, Julio Cortazarren Final de Juego eta Lope de Vegaren El valor de las mujeres. Denak bere sasoian kritikak eta sistema literarioak gutxietsitako autoreenak, denek lortu zuten irakurleen errepublikan leku bat eta literaturaren lorian betikotasuna. Idazleek beste idazle batzuen adibiderik jarraitzekotan, haiena jarraitu beharko genukeelakoan nago.
Irati Jimenez
«Irakurleak, akordatzen?», Elkar aldizkarian, 56. zenbakian, 2019ko udan
