Nahita edo nahi gabe, Sarasolak bere poema eman digu

2020-08-28

Nola irudikatzen nuen nik Ibon Sarasola hura ezagutu aurretik? Internet existitzen ez zen urteetan, Bartzelonak Bartzelona izateari uko egin aurreko garaian, Kataluniako desterru autoinposatuan bizi zen hizkuntzalari harrapa ezina zen; gure hiztegigilerik behinena, zapata kaxa huts pila bat etxean zeukan gizona, hitzekin fitxak egiten zituena eta gero fitxa horiekin zapata kaxak bete, A-tik Z-ra, batek daki zenbat zapata-kaxa. Pertsonaia literarioa inondik ere, Ramon Saizarbitoriak Hamaika pauso nobelan eite eta mami nobeleskoa emango zizkiona. Hori gutxi balitz, pianoa jotzen zuela ere jakin genuen, eta horrekin jada, gerra-arteko intelektual europarraren traza mitikoa hartu zuen halabeharrez gure imajinarioan. Inor gutxi harrituko da, beraz, trintxera hitza beretzat hartu zuen banda literarioari izena jarri genionean Sarasolak hobesten zuen lubaki hautatu izana, Euskaltzaindiak garai hartan gomendatzen zuen luebakiren ordez. Ekonomia linguistikoa eta afro ukitua, biak nahi genituen, eta biak ematen zizkigun lubaki hitzarekin Ibon Sarasolak. Horregatik bakarrik ez bazen ere, bere tribukotzat geneukan guk geure burua. Estrasburgoko epaitegietarantz jurisprudentzia bila —eta are justiziaren esperoan— so egiten duenaren antzera esaten genituen esaldiak ziren «Sarasolak badio…», edo, «ea zer dioen Sarasolak…».

Ez dakit aurrez aurre ezagutzen ote nuen ordurako, baina gogoan dut behin Donostiako Okendo kafetegiko —kafetxeko esan behar genuke, agian?— sarreran harekin gurutzatu izana, bai eta nire nobela bati buruzko hainbat ohartarazpen egiteko gaztigua jaso izana ere, di-da, oinez zihoan ahala, hizketan egitera geratu gabe atea zeharkatu eta kalerantz ziztuan desagertzen zen bitartean; hartu behar genuela kafe bat, baina une hartan deus galdetzeko betarik utzi gabe. «Has hadi dardaraka: ajeren bat bilatuko dik hiri ere, itzuli duk enfant terriblea!» bota zidan nirekin zegoen adiskideak. Zorionez, zeharkako esaldi luzeegiak saihestu eta lantzean behin aditzak aurreratzeko bere aholkuez haratago, hizkuntza eta sintaxia pultsio baten zerbitzura daudela (eta ez alderantziz) argi eta garbi dakienaren eran, berehala jauzi egin zuen Ibon Sarasolak iruzkin literarioetara, «euskal literatura ez diruditen euskal liburuetara», Max Frischen nobeletara… Jeffrey Eugenidesen Middlesex nobela petoaren berri, esate baterako, harengandik jaso nuen. Hasiera hasieratik sumatu nion hari matazari jarraitzen dionaren grina kartsua. Pultsioa, pultsioa beti. Eta gozamena, pultsio horren zurrunbiloa harekin konpartitzen dugunona.

Hiztegi bat amaitu ondoren ez ote zen aspertuko, zer egin behar ote zuen galdetu zioten behin. Ez dut sekula kazetaria ahobete hortz utzi zuen erantzuna ahaztuko: «Beste hiztegi bat, zer bestela?»

«Izkiria ezazu hiztegi propio bat, azken plazeretako bat da» esaten digu Joao Vagalumek. Ambrose Biercek Deabruaren hiztegia egin zuen; Hitzen ondoeza Joseba Sarrionandiak. Hiztegigilearen gaiztakeria aldarrikatzen du batak, hitzen ezinegon bizia besteak. Bihurriak eta ezinegonak joak —hizkuntzaren taupadak eta arritmiak konpartitzen dituzten seinale—, horratx, beharbada, nolakoak behar luketen izan hiztegigileek. Ibon Sarasolak baldintza biak betetzen dituelakoan nago. Hiztegi bat sormen lan bat delako, ez pilaketa hutsa, hautu eta aukeraketa etengabe bat baizik, nola den nobela baten idazketa. Bere literaturtasuna kamuflatzen saiatzen den idazlea da hiztegigilea. Hiztegi on bat haztegi ere badela dakiena. Corpusa du meatze, baina gorputz bizia den corpus mota hori. Zentsatutako-hitz-posible-guztiekin ezkutaketara jolasten da, jolas horrek bere literatur izaera nabarmenduko duen jakinaren gainean. Basoa maite du eta baso horretan barna irakurle arretatsuak xehetasunak irakurtzen jakingo duen itxaropena dauka. Hiztegi bat amaitu ondoren ez ote zen aspertuko, zer egin behar ote zuen galdetu zioten behin. Ez dut sekula kazetaria ahobete hortz utzi zuen erantzuna ahaztuko: «Beste hiztegi bat, zer bestela?». Gauza bera esango luke nobelista batek.

Joera apolinear neurtu eta kalkulatuaren eta sormen libre-zoro dionisiarraren arteko bereizketan, nekez koka liteke Sarasola besterik gabe lehen taldean. Pentsa liteke bere ingeniari formazioak eta bere lanak eskatzen duen sistematizazio alimalekoak apolinear izatera lerratu beharko luketela derrigor, baina… bai zera. Kodifikazio bat edo osotasun ezinezko bat bilatzen duenak badu —izan behar luke— bere Quixote ukitua ere. Horregatik, ez ninduen batere harritu Sarasola The Ramonesen maitale zela jakiteak, ez eta taldeari eskainitako erakusketara egindako sartu-irtena zein modu apasionatuan kontatzen zuen entzuteak ere. Saturnoren pultsioa, zarata, kaosa ezagutu behar du gero haren lege ezkutuak atzematen saiatu nahi duenak. Hiztegietako hurrenkera arkitektoniko hiperplanifikatuarekin batera —hori suposatu egiten diot—, badu Sarasolak grina gaztea eta garra zirtolaria, maite duen literaturarekiko lilura poz adierazkor bihurtzeko ahalmena, arbuiatzen duen literaturarekiko aizto erretxina baduen legez… Horregatik da beti dibertitua harekin solastatzea.

Hiztegiek eskatzen duten patxada eta denbora neurrigabearen kontrapuntu, azkarra eta zorrotza da haren hizkera, solaskideak osatu behar dituen eten puntuz betea, elokuentzia handiko elipsiekin markatua, kolpekako trenpuz eta egonean doazen geziz josia. Hiztegigile bat ezagutzen duzunean —idazle bat ezagutzen duzunean bezalaxe, bestalde— beste modu batera hasten zara haren liburuak irakurtzen. Hiztegiak talde-lan diren jakinaren gainean egon arren, haren izaera eta nortasunaren markak ikusi uste dituzu hitzen adierak emateko moduan, eta mezu zifratuak edo keinuak ere bai. A-tik Z-rako kortse estu horren baitan, zenbat sormen ezusteko! 

Blanca Urgell, Josu Landa, Miren Azkarate, Ibon Sarasola, Beatriz Fernández, Pello Salaburu, Itziar Laka, Beñat Oihartzabal eta Patxi Goenaga, 2014ko martxoaren 14an, Donostiako Carlos Santamaria Zentroan Ibon Sarasolari egindako omenaldian. Argazkia, Mitxelena

Hauta-lanerako euskal-hiztegia osatzen zuten bederatzi faszikulu gris haiek izan ziren urte luzetan nire bizitzako hiztegia, gehien begiratu nuena (eta baita gehien madarikatu ere, emari faszikularrak ez baitzuen beti zuk bilatu nahi zenuen hitzari zegokion alea jada aterea egongo zenik ziurtatzen…). Arrazoi askorengatik da hori nire bizitzako hiztegia: ez da garrantzi gabeena liburuska gris eta estu haiek apurka-apurka eta urte batetik bestera nola etortzen ziren ikustearen suspentsea eta irakaspena. Bukatu gabeko lanaren indarra. Moteltasunaren gorazarrea. Literarioa zen hiztegiaren garapena bera, harekin batera hiztegiaren ifrentzua ematen zuelako Sarasolak: hiztegiaren ez-lekua; ez-hiztegia edo hiztegi ikusezina, zitroi urez idatzita balego bezala, eta haren lana ezkutukoak oro apurka-apurka argitara ateratzea bailitzan, denborari denbora emanez. Ez zen hiztegiaren xarma hor amaitzen, ordea. Hor zegoen izenburua ere, misterioz josia: Hauta-lanerako euskal-hiztegia, probisionaltasunaren aitorpen halako bat, hitzei adina dagokiona giza kondizioari. Liburuki haietako bat hartu nuen lehen aldian, hiztegiaren ertzetan orri horietako lehen eta azken hitzek sortzen zuten jokoa kasuala ote zen ala ez ibili nuen burutan. Hitz horiek, orrialde bakoitzeko lehena eta azkena, hiztegiaren podiumera altxatuak, orrialdearen goiko aldean hain modu seinalatuan emanak, kasualki zeuden beti hor, aleatorioki? Ala Sarasolak hautatzen zituen, maleziaz, nobela bateko atalari goiburua jartzen dionak bezala? Beti pentsatu izan dut baietz, ezin duela kasualitatea izan, hiztegigile oro den idazlearen gutizia subjektiboak ere baduela batzuetan zerikusia, eta lerro-arteetan tranpa egingo duela zenbaitetan, sinpatia gehien dien hitzen bidez hiztegiaren intrahistoria edo hiztegigilearen autobiografia kontatzeko. Ala kasualitatea da Zehazki hiztegian senyera agertzea pribilegiozko lekuan, ser hitzarekin pare pare?

Literarioa zen hiztegiaren garapena bera, harekin batera hiztegiaren ifrentzua ematen zuelako Sarasolak: hiztegiaren ez-lekua; ez-hiztegia edo hiztegi ikusezina, zitroi urez idatzita balego bezala, eta haren lana ezkutukoak oro apurka-apurka argitara ateratzea bailitzan, denborari denbora emanez

Bederatzi liburuki horietako lehen eta azken hitzek ere —liburuki bakoitzak bere izenburua ez al du, bada?— ezin dute kasualak izan: a-aurten bitarteko hitzak jasotzen zituen lehen aleari broma pribatu baten ironia halako bat zerion —aquest any sí, baietz aurten hiztegiaren lehen alea amaitu!—. Aurtiki-ebaki, bigarren liburukiak hitzen hurrenkera moztearen kapritxoaren aitorpena zirudien. Ebaki-gabizain poesiari eta nabigazioari egindako belaontzi baten neurtitza zen ia; gabon-hegazterren multzo semantiko bereko bi hitzen besarkadatik jaiotzen zen, Carverren ipuin bateko gabon-afari bat irudikatuz; hegazti-jabe animalia libreen eta jabetza pribatuaren arteko talka agerikoa zen; jabedun-loratze bere helburuetara —loratzera— hurbiltzen ari denaren aldarrikapena; lorbide-orbain, helburuak gero eta gertuago sentitzean sortzen ziren zauriez mintzo zen; orbaindu-tolesdun zaurien peko toles ez beti ezkorrez; eta azken-azken liburukiaren izenburua, bederatzigarrenarena, tolesgabe-zuztartu, bizitza oso baten laburpena zen: tolesgabea zuztartu da, xaloa heldu, lana sustraitu… Nahita edo nahi gabe, Sarasolak bere poema eman digu, urte luzetan, hitz bikote horien bidez, ezari-ezarian.

Hiztegigilea ezagutzearen ajeak baino ez dira akaso izango, baina Ibon Sarasolaren hiztegietan badago, beti egon da —edo hala iruditu izan zait niri behintzat—, idazlearen egile-marka, isuri bihurria harrapatzeko gogoa, deabruaren ezinegona. Gaur egun hain zabaldua dagoen konformismoaren etsai den jarrera apasionatua. Zurrunbiloa bridatzeko gurari ezinezkoak ondratzen du. Hari matazari jarraitzen dionaren grina kartsuak.

Pultsioa. Pultsioa, beti.

Harkaitz Cano

«Hiztegi nobelatuak», Ibon Sarasolari gorazarre, Beatriz Fernandez eta Pello Salaburu apailatzaile, EHU, Donostian, 2014ko martxoaren 14an