Abuztuaren 15eko bazkalondoa: Hasieraren analisia

Abuztuaren 15eko bazkalondoa

Hasiera

Inoiz ez jakin batek gure sukaldean freskotasun apur bat egon zedin zer den hobe: patioko leihoa zabalik ala itxita eduki. Zabaltzen baldin baduzu, gurean pilatu den ke usaintsu itogarri guztia kanpora doa, bai, baina baita auzoko beste hamahiru sukaldeetakoa gurera sartzen ere. Alabaina, une honetan amak: «ireki ezak leiho hori, bestela ito beharrean gaituk-eta» esan eta jeiki egin haiz: maratila gogorrari eragin eta aski indarka tiratu behar duk heureganantz, leihoaren bi alderdiak elkarri ohi baino itsatsiagoak baitaude. Gaurko sargoriak zura dilatatu eta nahiko lan leiho demontre hau irekitzen, pentsatzen duk. «Ya está», diok, azkenik leihoa kirrinka luze batez zabaltzen zaianean. 

Hor dago patioa, hemen bertan. Lehenengo inpresioa nahiko zuzpergarria da. Aire pittin bat bederen sartzen da, ez askorik, egia esan, gure patio hau zoko hertsi mehar bat baita, baina zerbait: gaurko sargoriaz ez zitekeen gehiagorik espero. Laster erasotzen dik, ordea, keadar lodi batek. Beheko sukalde-leihoetatik gora datorren lurru-mordo likitsa, patio lizunduaren paretetako pitzatuei darien sargori hezearekin nahasia. Frejidura-usaina, arrozesne, «Faria» eta kafe egin berriaren usainak, zein zein den bereizten nekeza gertatzen den uholde trinko batean. Tendereteak, zenbaitetan arropa zintzilik, beste zenbait eskeleto hutsik. Andre Marianeko leihoan, ezker aldean, iltze batetik eskegita kaiola bat, barruan eper bat. Andre Bitxorineko leihoan, eskubi aldean, bakailau-isats bat, gedarrez zikin ez dadin plastiko batean bildurik: bakailau burugabetuaren gatz erdi ustelaren usaina ez da gaur, Abuztuaren 15eko bazkalordu honetan, bestetan bezain sarkor iristen gure sudurretara. Hura baino usain bortitzagorik bada patio bazterretan. Eper presoaren paparro sinkopatua: hura izaten da etxape osoan soinurik nabarmenena gehienetan, baina orain ez: bada soinu zaratatsuagorik, Abuztuaren 15eko bazkalordu honetan. 

Hamalau elkarrizketa diferenteren gora-beherak, murmurio eta farre-algarak, kafe-eiharaxken burrunbadak, txanpan-botilen deskortxeak, mahaitresnerien eta baxeren tintineoak, eta nonbaitetiko irrati piztua: «escuchen la comparsa de las iñudes y artxaias por gentileza de manufactura-ra-ras feli-li-lix ramo-mo-mos». Izan ere ez baita bat ere erraza erabakia hartzen, leiho hau zabalik ala itxita egotea komeni ote den. Kaleko balkoiak ere zabalik ditugu, bai, baina hain daude sukaldetik urruti non etxe barneko ate guztiak zabalik eduki arren ez baita honaino haize izpirik ere ailegatzen. Eta ia hobe ez iristea, pentsatzen duk, kalean ere hegoaize sargoritsu itogarria besterik ez baitabil, Abuztuaren 15eko arratsalde hasberri honetan.

Berriro eseritzerakoan, aitaren aurpegi asea eta amaren aurpegi gorriztatua dakuskik, amaren esku zaintsua gure tazetara kafe-txorrotada beltza isurtzen ari eta aitaren begi horiztatuak lurrun laino baten atzean izkutaturik. Maite mahai gainetik postre platerak erretiratzen ari da eta harraskara eramaten: plater zuriak eta natilazko errekasto horiak. Arantxak harraska gaineko berogailua piztu du eta «venga, maja, gaur hire txanda dun» diotsa Maiteri. Amak sugaina detergente-hautsez estaltzen dihardu eta Maite «ez, ba, nik atzo egin ninan». Aitak purua haztatzen du, jiraka dabil eta fruizioz usaintzen. Ontzi-garbiketarako txanda ez dutela orain arte egunez egun eraman, igandez igande baizik, dio Arantxak, ez baita berdin egun normal bateko ontziteria eta jaiegun handietakoa, «alde handia zegon, aizan»: venga, no te hagas la longuis». «Gaur ez dun igandea, ordea». «Eta zer?, baina jaieguna dun».

Aitak purua pizten du: koroa gori bat eratzen da «Montecristo»aren tontorrean, lehen ahokada urdinskak eta aitaren onespen-keinua zigarro puruaren puntara begiratuz: «ondo tiratzen dik». «Datorren igandean neuk egingo dinat eta kitto», gaineratzen du Arantxak. «Bai: berdinetako dun, datorren igandean plater bakarrarekin jango-eta» Maitek. «Bueno, nahikoa da», ebaki nahi du amak: «handia da, gero, zuek beti sesioan ibiltzea», baina harraska ondoko marmara ez dirudi berehalakoan atertuko denik. Urruti xamarreko interes aspertuxe bat arreben eztabaidarekiko: azken finean, pentsatzen duk, nesken gauzak dira horiek eta hi etxeko mutila.  

Aitaren «Ducados»etatik bat hartzen duk-eta «ederki eman ere», dio amak konbikzio ahul batez «hamasei urteko kakagixona eta zigarroak erretzen, horratik?», baina bai, gaur egun seinalatua da eta bai, xeme, «utziozu, emakumea» diotsa aitak amari zakar antxean, eta bada haren bozean eta batez ere begi batez egiten dian keinuan halako konplizidade harro baten zantzua, «hi eta biok ederki entenitzen gaituk, xeme» esan nahi balu bezala, «hi etxeko mutila haiz, xeme, etxeko seme estudiantea». Patioko leihotik auzoko hamahiru sukaldeetako olio frejitu eta kafe egin berriaren usainak zigarroa pizten duan bitartean.

Azkenik Maite garbitzen eta Arantxa txukatzen. «Hau sargori nazkagarria» dio aitak eta taza ahoratzen du: kafetikako lurrunak eta zigarro puruaren ke hodeiak aurpegia lanbrotzen diote, «eta gainera, honenbeste ke…, ezin al liteke leiho hori atzera berriz itxi?». «Itxoin pixka bat, gizona, harik eta gure sukaldekoa joan arte», erantzuten du amak espartzuaz sugaina ferekatzen duelarik. Maitek txurruan pasaten ditu plater zuri sakonak, erantsita geratu diren arroz-pinportak harraskara erortzen dira ur beroaren eraginez, ondoren platerok ur-xaboizko balde batean jartzen ditu beratzen. Arantxak esku-zatar zuri koadro gorriduna atera du sukalde bazterreko armario handitik eta orain zutik dago harraska ondoan ontzien zain. Hik zigarroari lehen zurrupadak damaizkiok eta aitak «baina, hori bai, hobe erretzeko biziorik hartuko ez bahu» dio, «gero oso nekeza duk eta kentzen». «Izan ere, hori baino bizio tontoagorik: kea hartu eta kea bota» gainteratzen du amak. «Kea, kea, sukalde honetan dagoena, alajaina» dio aitak, «Ziskarrek berak ere ez zian horrenbesterik bota, ihes egin beharra gertatu zitzaigunean», eta azken partea bere burua hiregana pixka bat makurtuz esan duela ohartzen haiz. Ciscaren historia, pentsatzen duk… hamaika aldiz kontatua diguzu baina beti dakizu, aita, detaile berriren bat eransten: «nola izan zen hori, aita?»

Aitaren begiak –poltsa more batzuk betazpietan, masai izerditsu distiratsuak, beherago– zigarro puruaren errauts-tontorrean galtzen dira, eskua bekokiko zimurren eta buruko soilunearen gainetik pasatzen du oroitzapenak jorratu nahian. Aitaren begi horiztatu txikiak: diabetesa, izorratua zaude, aita, pentsatzen duk. Eper presoaren txor-txor monotonoa garbi-garbi ailegatu da gure belarrietara oraingo isilunean, patiotik. Ahaleginak egin zenituzten aita. Patioko irratia ere mututu egin da. 

Joxe Austin Arrieta

Abuztuaren 15eko bazkalondoa, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1979

Modernitatearen leihoak zabaltzen dira

Analisia

Joxe Austin Arrieta 1949an sortu zen, Donostian. Idazlea, itzultzailea, filologoa, Arrieta maisua da gure literaturan, eta maisuen maisua. Gabriel Arestik eta Mikel Lasak poesiara ekarri zutena ekarri zuen Arrietak Mirandetik at apenas existitzen zen euskal nobelagintzara: modernidadea. Antzerki lanak, saiakerak, itzulpenak eta poema bikainak idatzi ditu, kantu eder batzuk eta liluratu gaituen eleberrigintza esperimental, sailkaezin bat. Hiru hamarkadetan, hiru eleberri idatzi zituen: 2008an, Terra Sigillata abentura metaliterarioa; 21 urte lehenago, Manu Militari zorabio esperimentala; eta 1979an, teknika narratiboen ikuspuntutik iraultzailea suertatu zen nobela fundamental bat, gaur, hemen, zuekin zabalduko duguna, lehen sekuentzia irakurtzeko eta euskarazko liburu batek ia dena lehen aldiz egin zezakeen garaian Abuztuaren 15eko bazkalondoak ia dena egin zuela konprobatzeko. Bere ondoan, 100 metro tebeo bat zela esan zuen Ramon Saizarbitoriak, 100 metroren egileak berak. 

Joxe Austin Arrieta 1990eko hamarkada hasieran

Nobela handi honetan seminarioa utzi- ez-utzi dabilen gazte batek erabaki hori hartzeko eta erabaki hori familiari komunikatzeko dituen zailtasunak kontatzen zaizkigu. Horrekin, Arrietak gaztaroko oroitzapenetatik abiatutako famili-erretratu intimo bat egiten du, adinez nagusitzeari buruzko errelato unibertsal bat, eta diktaduraren bortxak zauritutako herri baten erretratu politiko-sentimentala. Beste zerbait ere badago liburu honetan, ostera. Belaunaldien arteko talka bat, aita-semeen artekoa, gerra galdu zuten eta gerra ostean jaio ziren euskaldunen artekoa. Gabriel Arestik Harri eta herri poemategiarekin hasi zuen gure literatura garaikidea. Eta Joxe Austin Arrietak harrikoarekin, bere Abuztuaren 15eko bazkalondoa

Usainak, zaratak, ahotsak

Nobelaren hasiera gogoangarria da. Usainak. Zaratak. Ahotsak. Ama hitz egiten lehenik, protagonistaren arrebak gero. Sukaldean gaude, bero dago etxea, eta sargori kalea. Sentsazio guztiak konbokatzen ditu testuak. Barruraino sartzen gaitu sukalde horretako giroan. Eta hipnosi saio batean bezala, apur bat geure barrura ere bagaramatza.

Testuaren musikalitateak asko laguntzen du, letania baten antza dauka, apur bat horditu egiten gaitu, apur bat narkotizatu. Titulutik hasita. Irakurri ahots goran: a-buz-tu-a-ren / ha-ma-bos-te-ko / baz-ka-lon-doa. Hiru hitz, askotan errepikatzen direnak, errosarioa esaten ariko bagina bezala, eta hirurak bost silabakoak, Abuztuaren. Hamabosteko. Bazkalondoa. Liturgia guztietan existitzen dira salmoak, kantuak, otoiak, mantrak. Eta sarri erabiltzen dituzte errepikapenak, hitzenak edo soinuenak. 

Nobelaren hasiera honetan apenas kontatzen zaigu ezer, baina asko da kontatzen zaiguna. Protagonistak leihoa zabaltzen du, une batez, eta airea sartzen da sukaldean, baina ez dugu freskotasunik sentitzen, erasoa baino: ke adar lodi bat, lurruna, likitsa. Puru usaina dator patiotik, ez guztiz atsegina, eta auzokideek frijitzen dituzten jakien usain sakorra. Berotik libratzeko zabaldu du protagonistak leihoa baina patioko giroa jasangaitza egin zaio. Erabaki bat hartzearen zailtasuna, bi aldeetan dagoena desatsegina denean.

Ikusten duguna ere esanguratsua da. Jalgita dauden jantziei buruz batzuk hutsik daudela esaten zaigu, gorputzak faltako balira bezala. Beste batzuk eskeletoak direla esan zaigu. Irudi biolentoak dira eta biolentziaren iragarpena dakarte, edo bere oihartzuna. Unibertso errealista batean gauden arren, leihotik ikusita, patioak surrealismora jo du. Totem sobrenaturalak diruditen animali batzuk ikusi ditugu. «Ezker aldean» esan zaigu, iltze batetik eskegita kaiola bat. Barruan eper bat. Eskubian, «bakailu-isats bat, zikina, plastikoz bildua». Ustela edo erdi ustela. Bururik gabeko gorputza. Plastikoa buruan. Eskeletoak. Kaiola bat. 

Guernicaren oihartzunak

Komisaldegietako torturak etorri zaizkigu burura. Kartzela. Fusilatutako gizonak. Hobiak. Segundu batez, Picassoren koadro baten aurrean gaudela iruditu zaigu. Guernica ote da begi aurrean daukaguna? Txoria dago hemen, sufritzen, Guernican bezala. Kea baino keadarra dagoela esan zaigu, eta adar horrek zezena ekarri digu gogora, Guernican bezala. Hildakoak, eskeletoak. Guernican bezala. Burua atera du gure protagonistak leihotik, Guernican sutik ihes egiten dabilen buruak bezala. Gorputzak bururik gabe, zatituta, Guernican bezala. Gerra zibileko irudirik unibertsalenak bere oihartzuna du hasiera honetan, letania ia zorabiozko honetan. Errosarioaren antzera irakurtzen da: «bakailu burugabetuaren gatz erdi ustelaren usaina ez da gaur, Abuztuaren 15eko bazkalordu honetan, bestetan bezain sakor iristen gure sudurretara». 

Picasso Guernica margotzen Grands Augustins kaleko atelierrean, 1937. urtean. Dora Maar

Zenbat zenbaki. Abuztuaren 15eko arratsalde honetan 14 elkarrizketa diferente entzuten dira sukalde horretan. 14 ziren Oteizaren 14 apostoluak, 14 sorgin tronpeta jotzen, abesti zaharrean. 11 historia kontatzeko oraindik, sukalde horretan. Zenbaki magikoak diren ez dakigu baina une batez, sukalde honetan, magikoak iruditu zaizkigu. Badu zerbait konjurotik hasiera honek. 

Laino artean gabiltzala dirudi. Leihoak ireki edo itxi ez dakigu. Larria beroa, larria lurruna sukaldean. Ahalegina eskatzen digu egoerak, baina era berean leihoak ixteko mugimenduak, bizirik dagoela sentitzen laguntzen digu eta geu ere bizirik gaudela. Protagonista ez da obserbadore huts bat, mugitu egiten da, erabaki dezake eta nobela honetan zehar erabaki egin beharko du: zer estudiatu nahi duen, nor izango den gizontzen denean eta ze gizon izan nahiko duen. Momentuz, leihoak ireki edo itxi egin behar ditu, erabaki txiki bat, baina ez da erraza, esan digu. Erraza balitz ez ginateke oroitzapen honetan egongo, nobela honetan, bere familiaren intimitatera eta bere oroitzapenen barrunbera ekarri gaituen honekin. Berari buruz ezer gutxi dakigu, momentuz, baina badakigu gauza inportante bat: amak eskatuta atzeratu duen erabakia hartu beharko duela, leihoak ireki edo itxi, eta erabaki txiki hori beretzat zaila dela. 

Aita semeak tabernan, ama-alabak etxean

Hasiera honetan aita-semeak etxean daude baina tabernan egon zitezkeen, erretzen, edaten, berbetan. Eta ama-alabak etxean daude, baina harrikoa egiten. Banatuta, beraz, nahiz eta nobelak aurrera egin ahala dantza eginez batuko diren, sukalde horretan bertan. Baina hasteko, patriarkatuaren genero banaketa modu nabarmenean erakusten zaigu. Ama-alabak lanean, eztabaidan; gizonak haien erritualean, tabakoa konpartitzen, zeremonia intimoa da bien artekoa eta ebidentea da semearentzat inportantea dela. Are kanporago oraindik, mundua. Intimitate horretan aitak eta semeak konpartitzen duten momentua esanguratsua da, zeremonia pribatu bat, semearentzat guztiz hunkigarria suertatzen dena. 

Izan ere, ez da erraza mundu honetan gurasoekin harreman benetakoa egitea eta zeremonia intimo honetan harreman horren, konexio humano horren gosea dago. Are zailagoa izan daiteke lotura hori, gure protagonistak bezala, dudak dituzunean, seminarioa utzi-ez-utzi zabiltzanean, jakinda aita disgustatu egin daitekeela, ez dela hori familiak zuretzat daukan plana. Ez ditugu gurasoak dezepzionatu nahi izaten. Nahiko genituzke baita salbatu ere. Bereziki, mina daukaten gurasoak badira, gerra galdu duten euskaldunek bezala. 

Aitaren figura ikusteko objektu magikoa: purua

Ama agertu da lehenik kontakizunean baina aitak hartu du gero garrantzia. «Izkutaturik» dagoela esan zaigu: ez dugu ondo ikusten edo ez du guk ikusterik nahi. Normala da aita ondo ez ikustea: oroitzapenak lausoak izan daitezke eta gurasoak benetan diren moduan ikustea, zaila izaten da. Kearen atzean dagoen figura bat, begi horiztatuak, hori da aita. Ia sobrenaturala dirudi. Interesgarria da narratzaileak bigarren pertsona nola erabiltzen duen: bere burua gidatzen ari da, oroitzapenean zehar kapitainduko balu bezala, bere buruari laguntzen ari zaio. Enfokatzen ari da denbora guztian. 

Lan hori egiten lagundu du gure arreta guztia eskatu duen objektu bizidunak, aitaren puruak. Aitaren aurkezpena memorablea da; umetan gurasoek daukaten neurri apur bat sobrenaturala konbokatzen du bere irudiak. Puruak objektu magikoa dirudi. Montecristo. Izen mitikoa da, literarioa. Koroa gorria dauka, erregeek eta printzeek bezala, patriarkatuan pater, aitari dagokion moduan. Aitak semeari bizioa ez hartzeko esaten dionean, irribarre egiten dugu. Badakigu semeak betiko erreko duela, aitari lotutako bizioa izango da, maitasunezkoa. 

Gero etorri da Ciscar baten izena, ihesaldi bati buruz hitz egiten digu aitak. Abentura bat dirudi horrek. Entzun, entzun egin nahi dugu aita. Istorio bat kontatzen, umeak bagina bezala. Nork ez du maite istorio on bat? 

Espainiako Armadaren Ciscar destruktorea 1931n

Narratzaile on batek beti daki irakurlearen interesa bizirik mantentzen. Eta gure protagonistaren aita oso narratzaile ona dela dirudi. «Hamaika aldiz kontatua diguzu», esan dio semeak, «baina beti dakizu, aita, detaile berriren bat eransten». Pluralak oso ondo funtzionatzen du hor. «Kontatu diguzu» horretan irakurleak ere sartu egin gaitezke, guri ere ari zaigu aita bere istorioa kontatzen. «Nola izan zen hori, aita?» galdetzen dugunak geu ere bagara, neurri batean, eta horregatik sentitu dugu gorputzean emozio bortitz hori, ezustean, argumentuaren twist emozionala, orain arteko giro apur bat nostalgikoari bere benetako sakontasuna eman diona, eta bere tristura. Tragedia sartu da sukaldean. 

Adinez nagusitzeari buruzko kontakizun bat

Oroitzapen honen hasieratik, eleberri honen hasieratik nostalgia moduko bat sentitu dugu: bagenekien aita edo ama hilda egon zitezkeela narratzailearentzat, ezta? Baina ez da berdina norbaiten aita hil zela pentsatzea edo gure aurrean ikusi dugun gizon hori, aita hori, gaixo dagoela eta hil egingo dela jakitea. 

Estutu egiten zaigu eztarria semearen hitzekin: «Izorratuta zaude, aita, pentsatzen duk». Eta pentsamendu terrible horrekin, adinez nagusitzeari buruzko istorio honetan adinez nagusitzen gaituen aitaren hilkortasunaren kontzientzia horrekin, soinu berri bat sartzen da trantzean. Txoria entzuten da. Patioan dago, kartzelan bezala, patioan. Normaltasun horren azalpean, ebidentea da biolentzia terrible bat dagoela. Ez dakigu zer pasatu zen Ciscarekin. Baina nahi dugu jakin eta jakin baino gehiago, nahi diogu esan aitari kontsolagarri den zerbait. Bere sufrimenduetatik salbatu nahiko genituzke maite ditugunak. Gurasoek seme-alabak, semeak kasu honetan, aita. «Ahaleginak egin zenituzten, aita». Azken esaldiak trantzeari bukaera ematen dio, agur zaratak, kendu lainoa, geldiune bat, arnasa eten egiten duena: patioko irratia ere mututu egin da.

Une txiki, esanguratsu bat

Bizitzaren une labur bat kontatzen digu Abuztuaren 15eko bazkalondoak, bidegurutzean dagoen bizitza arrunt batean. Une hori esanguratsua dela edo modu esanguratsuan kontatzen zaigula, hori da inportantea. XX. mendeko literatura ia estreinatu gabe geneukanez, liburu honetan dagoen ia guztia iraultzailea izan zen guretzat. Ariketa tekniko bezala, oso ondo pentsatuta dago eta are hobeto idatzita. 

Hasiera honetan sekuentzia dinamiko bat ikusi dugu, eskenatoki tridimentsionalean sartu gara, idazketa emozionalak bizipenak transmititu dizkigu, hizkuntzaren oparotasunak edertasunaren esperientzia eskaini digu eta kontakizuna entzun egin dugu. Euskararentzat berriak ziren kontatzeko teknikak inkorporatu zituelako merezi du leku bat liburu honek gure historian, baina teknika horiek ondo erabili zituelako jarraitu du bizirik hemen, orain, irakurri dugun bitartean. Ez dut uste irakurri berri ditugun hitzak gogoratzen dituzuenik baina sentitzen duzue barruan sukalde hori? Inpresio bat utzi du gugan, bihar edo etzi gogoratu dezakeguna, sukalde horretan egon izan bagina bezala, egon garelako sukalde horretan. 

Hiru-lau orrialdetan eszenatoki erreal batean sartu gara, benetako pertsonaiak ziruditen pertsonaiak ezagutu ditugu, sortu dira gatazkak, prometitu zaigu abentura bat, ihesaldi batena, ezagutu dugu aita gaixo bat, eta egin dugu konexio hauskor bat, noraino helduko den ez dakiguna. Ezin da eszena labur batekin gehiago lortu: irakurtzen jarraitu nahi genuke, kea arteko gizonaren misterioa argitu. Hil baino lehen, aita ezagutu, salbatu, eta ahal badugu, barkatu.

Irati Jimenez

Deabruaren Eskolarako, 2022ko uztailean

Euskal Herria, 1966. urtea. Nicolas Müllerren argazkia

Gaiari lotua

Joxe Austin Arrieta, tabakoaz eta literaturaz Deabruaren Eskolan