Euskal asto-lasterrak

1.

Urte gehiegi ez dela, proba batzuk izan ziren Markina aldeko herriska batetan, harriarekin. Izenik aipatuko ez diodan baserritar indartsu batek (antiojuak apur ez dietzadan, nor den isilduko dut), asto baten kontra (honen izena ere ezkutuan gordeko dut, ostikoz ez nazan jo); gizonak irabazi zuen, alegia! Ez dakit zenbat iltze atera zizkion bentaja, eta gainera, bukatu ondoren, astoa eta astoaren harria bizkar gainean harturik, geratzen ziren iltzeak estaldu arte eraman zituen biak herrestaz. Bizkai aldean ere irakurtzen den astekari humorista batek, Euskal Herriko astorik astoenaren tituluaz galardonatu zuen gure baserritarra. Baina, guk uste, titulu hori jokoan jarri behar da, eta hona hemen zenbait aspirante berri, zenbait xapeldungai berri (nahiz ez dakigun nola jantz ahal litekeen xapel bat belarri luze biren artean).

2.

Izenik aipatu behar ez diodan erdal eskritore batek (nik ume denboratik ezagutzen ditut haren hazañak), Iparragirre ahotan hartzen duen bakoitzean (eta guztiz maiz, maizegi, hartzen du), bertsolari dela diosku. Edozein euskaldunek dakien bezala, Iparragirrek ez zion Xenpelarri Errenterian bisitarik egin… bertsolari ez zela arrazoi sinpleagatik. Beharbada, Gernikako beste arbola bati kantatu zion beste Iparragirre batez mintzatzen zaiku, antza, angulero hori.

3.

Galdamizko Montellanora baldin bazoazte, Antonio Truebari jarritako monumenta ikus ahal ukanen duzu. Guztiz polita da, eta, zenbait euskal gurutze zahar erdi borraturik badago ere, gustatuko zaitzu. Baina gauza batek ekarriko dauzkizu irriak hortzetara, bertan baitago erdal eskribu bat, guti gorabehera honela hasten dena: «Etxe honetan jaio zon Trueba…». Eta monumenta belardi ferde ferde eta gozo eta gizen baten erdian dago, eskribua jar erazi zuenarentzat oso bazkaleku egokia.

4.

Giputz kantari bati honela entzun genion erdaraz esplikatzen, erdal entzuleriaren aurrean egindako kanta saio batetan: «Orain adituko dituzuen euskal kanta hauen erdal itzulpenik ez dautzuet emanen… tontakeria batzuk ez baitira!».

5.

Portugaleteko Aiuntamenduak eta «La Gran Enciclopedia Vasca» erdal editorialak «Puente Colgante» izeneko nobela sari bat konbokatu dute. Hemen bi astakeria dugu. Lehena: Hain borondate frogatuz eta hain kuraje eta balentia handiz Erromako Elizama Santuaren etsaietatik euskara «defenditzen» duen euskal astekari baten zuzendariak, Bizkaian eta bizkaitarren diruarekin pagatuko den sariketa batetatik Bizkaiko hizkuntza desterratzea. Bigarrena: Portugaleteko hiriarekin zerikusirik duen zerbait gogora ekarri nahi ukan baldin bada jarri izan zaion izenarekin, kontuan eduki bezate, Ibaizabal hibaiaren itsasora-lekuan dagoen hirian ez dagoela orain, eta ez dela inoiz egon, «zintzilikako zubirik». Bertan dagoena, «transbordatzaile» huts bat da. Bilbaon bai, zintzilikako zubiak izan dira, eta ez bat bakarra, hiruzpalau baizik, epoka diferentetan, Martzanatik Riberara. Hala dio erdal kantak: «No hay en el mundo puente colgante más elegante que el de Bilbao…». Eta Portugalete, oraingoz, ez da Bilbao. Ba dakizu, Murube jauna.

6.

Abertzaletasun gaizki gidatuak, batzuetan, endelegurik prestuenak ere itsutzen ditu. Exenplu polita eman zeukun ihaz, erdaratik euskarara itzulpen gehiegi argitaratzen duen editorial batek, Aldous Huxley-ren «New Brave World» nobela ederra publikatu zuenean, autorearen eta translatzailearen ezagumendurik gabe izenez aldatu baitzuen. Iparragirre poeta eskasaren eta bertsolari deseatuaren bertsoska baten zati batez aldatu zuten Shakespeare-n «The Tempest» komedia liluragarritik hartutako titulu deliziosoa. Arrazoia hauxe izan zen: Euskaldunaren arimarekin eta kulturarekin ez datorrela ados ingeles espiritua eta kultura, Avon-go poetaren arterioak emanikakoa, behintzat. Frantsesera «Le meilleur des mondes» izenarekin translatatu edo itzuli izan zela nobela hori, frantses espirituarekin eta kulturarekin adosago datorren izena. Lastima da, munduko filosofo, filosofosko eta filosofogai guztiek dakiten bezala, Jainkoari posibleen artean mundurik hoberena sor erazi ziona, ez zela izan frantsesa, latinez eskribatzen zuen alemana baizik. Editorial horren kontseilarien artean lau filosofi estudiante badago ere, ez dira oraindik enteratu, Leibniz Leipzig-en jaio zela.

Gabriel Aresti

«Euskal asto-lasterrak», Anaitasuna, 235. zenbakian, 1972.eko maiatzaren 30ean

Irudia: Lehen asto-lasterketa Arabako Baranbio 1966. urtean. Juan Jose Diaz Oteroren argazkia Deian jasoa