Ezin dezakegu ahaztu Arestiren obra euskararen kinka larri batean azaldu dela, eta sentipen berri baten jaiotze momentuan. Dudarik ez dago gazteria berriak amesten zuen literatura Aranismoaren espresio bidetik ezin zitekeela etorri. Aranismoa sistema itxi bat zen eta zenbaiten begietan sistema bizia agertzen bazen, bere bizitasuna edo eboluzioa itxurazkoa zen bere hedapena minbiziaren hedapen beldurgarria besterik ez: Hori hala izanik, eta ez dago dudarik hala zela, ez zen behar linguistika ezagupen handirik, beste bide bat, handik edo hemendik, bilatu nahi izateko. Batzuek, euskal idazle zaharrei eskatu zieten, besteak, instinto bidez, senez (menez ez bazen) bilatzen zebiltzatena. Idazle berri bakoitzak bilaketa hori askotan, eta zorionez, bere estilo pertsonalarekin nahasten zuen. Alde batetik hizkuntzari bide berriak aurkitu nahian, kreaziozko literatura nahi zutelako sortu bide batez. Gauzak horrela izan ziren bitartean, une batean bederen, momentu oso aberatsa izan zen, eta benetan sentitu genuen orduan literatura berri eta gazte baten esperantza ernegarria. Ene ustez, ikusmira horretatik ikusi behar dugu Arestiren obraren inpaktoa gazteenengan.
Haren bidea, soluzio pertsonal oso ona zen (eta oroz gainetik) bidezkoa. Funtsezko soluzio gisa. Hizkuntzari buruz eta literaturaren espresio orokor gisa ez. Eta horretan datza zenbait gazteren engainua. Bestalde, orduko soluzio guztiak pertsonalak besterik ez ziren izan. Ezin zitekeen bestela.
Mikel Lasa
13/10/1969, Memory Dump, EHUko Argitalpen Zerbitzua, 1993