Zuria da, kolorerik gabeko kolorea. Zuriak, kolore guztiak bere baitan harturik, zuriaren pean estaltzen ditu.
Guri gehien gustatzen zitzaigun kolorea urdina izaten zen.
Nik badakit, betidanik jakin dut, sorgin guztiak urdinak izan direla; bainan historiaren iragaiteak, sorginaren urdina, zuri bihurtu du.
SORGIN ZURIA
Ez dakigu sorginak lurpeko ala lurgaineko izan diren, ezin esan bada sorgin urdin hura, lurpean sartu edo betidanik lurpean bizitu zen. Gertatzen dena da, sorgina, aspaldidanik lurpean zegoela, geldirik, geldi-geldi, urdin, lurpean estalia, amets eztietan babestua, itzalpearen iluntasunean.
Sorginak ez daki mogitzearen berri; urdin dago gorri den lurraren pean. Gorputza zuen sendo, sendotasuna xamur, xamurtasuna ezti, eztitasuna maitagarri; hala zen ezagutzen ez genuen sorgina. Ez genuen inoiz ikusi eta bagenekigun zela.
Gu, lur azalean bizi garenok, maiz, lur-azal honen giro aldaketak ezagutu ditugu; eguzkiak berotu, hotzak hoztu, euriak busti eta mila eratako haizeak astindu dute. Haize beroak eta besteek. Denboraren iragaiteak ez du joan etorririk. Denbora doa; joatea balitz bezala bere eginkizun bakarra.
Gure lur-azaleko eginkizun, gertakizunak dira, denboraren iragaitea unetan zulatzen dutenak.
Denboraren une hoietako batean, eta egia esateko ez dakigu sorginarentzat zoriontsua izan zen ala ez, gure lur-azal hau haize izugarri batek eraginda, lau zatitan zartatu zen, lurpeko sorginaren iluntasuna argituz.
Sorginaren itzal iluna argitu da. Zer egingo ote sorginak?
Erantzuna xamurra da; geldirik, geldi-geldi egon.
Argira ekarri zuen haizea, hegoa izan zen.
Ez da geldirik egotea hegoaren asmoa. Hegoaren indarra nahikoa zen sorginaren gorputz arin hura mogitzeko; haize hark eraginda sorgin urdina etengabeko joan etorrian ibili zen, bere gorputzaren zatitxo bat bera ere mogitu gabe.
Hego haizeak bere berotasunez inguratzen gaitu; neguko hotzak kontuan harturik, kolorez betetako bero garbi hartan egotea gustatzen zaigu. Herriko haizeak biluz zegoen lur-azala irentsirik estali zuen. Zurrunbilo bat egin zuen, goian zabal eta behean hestu zena; beheruntz zijoan haizea, behealdera joatea baita hegoak agintzen duena.
Sorgiña, zurrunbilo hartan sartuta, gure lur-azaleko punta borobilera heldu zen.
Hego aldeko begirakada guztiak sorginarengan so jarri ziren. Ia erre zuten gauza bitxi hura suzko begirakada haiekin; haiek uste baitzuten gorputz txiki urdin hura zerbait berri zela. Sorgin txikia zerbait berri zen, bainan hori ez zekien sorginak eta ezin eman bere berritasunaren berririk.
Sorgina, oin, esku, beso, begi, behatz, belarriduna da, bainan ez ditu inoiz erabili begi, beso, oin, esku hoiek.
Hego haizearen indarra ahulduz doa. Badoa hegoa.
Iparralderuntz?
Haize berri bat dator. Iparra da.
Iparra hegoa baino hotzagoa da; geldirik egoten den sorgina kizkurtu egin da, hotzik balego bezala.
Kexu ote da?
Iparrak, sorgina, bere haizetan jaso zuenean, berotasuna somatu zuen. Iparra epeldu egin zela zirudien; egun hartan iparrak zokoak goxatu zituen. Sorgina haizeak eraginda munduan zehar ibili zen. Hala zebilerarik gauza harrigarri bat gertatzen ari zitzaion sorginari. Bere jantzi urdinak zuritu egin zitzaizkion, lur-azal honek mindu egin balu bezala bere urdina.
Iparrak sorgina eraman du. Herriz herri. Lekuz leku. Herriz herri. Zokoz zoko. Itsasoetan. Hibaietan. Zuhaitzetan. Eta gauza hauek denak guk ezagutzen ditugun bezala ezagutu ez baditu ere, hasi da bere begiekin, belarriekin, eskuekin, ikusten, entzuten, ikutzen. Jakin du zokoak noiz diren latzak, noiz goxoak eta noiz ederrak. Hasi da lur-azalaren zentzua ezagutzen; latza izanagatik ez gutxiago desiratua.
Gorputz txiki bero hura iparrak darama bere baitan, eta haizeak ez ditu gehiago gure herriko harriak zulatuko; behin eta berriro laztanduz, borobilduko ditu.
Bat batean ipar haizea gelditu egin da. Sorginak lurra jo du; lur gainean geldirik, geldi-geldi, gelditu da berriro.
Denbora ez da inoiz gelditzen, ez eta makaltzen; gure lur-azaleko giroa bai ordea.
Haizeak baretu ziren; euria, aspaldi, ageri ez zela; eguzkia ere ez zen esnatzen. Lur gaina giro hits batean murgildu zen. Egunak duen argi izpi hura ere lanbroak erabat estali zuen.
Sorginak lurpean dela uste ote?
Lurpea desio ahal du?
Ez du zalantza erabakitzeko astirik izango; uholde izugarri batek busti ditu gure mendi, itsaso, herri eta jendeak; sorgina bera ere blai geratu da.
Ipar haize hark, nolaz malda baten gainean utzi zuen, euriak sortutako errekatxo batek hartu zuen, malda behera eramanik, behera, beheruntz, beheraino, ez dakigu nungo itsas ertz batekin topo egin arazi arte.
Eta han, itsasoa ilargiarekin elkartzen den unean, sorginak bere gorputzaren berri jakin du.
Sorgina, lehen urdin orain zuri dena, itsas ertzean dago.
Bukaerarik gabeko urzabal, lasai harek Iiluratu du sorgina. Itsas hura bai izan zela, lur azpiko lozorroak ukatu ziona.
Ez du keinurik egin. Geldirik, begiratzen ari da.
Uhinak behin eta berriro, gudu baten antzo, harkaitzak uzten ez zien lekua hartzen. Uhin borrokatzaileen zipriztinek busti zuten sorgina, borroka haren zertxobait dastatuz.
Sorgina ikasten ari da; itsasoa du irakasle.
Itsasoak esan dio, ezpainak direla uhinaren gazitasuna dastatuz mogitzen zaizkion bi zatitxo biguin hoiek. Besoak direla itsasoa ikutu nahian luzatzen eta lurra besarkaturik biribiltzen zaizkionak. Oinak, lur latz horixka horrekin bustitzen direnak. Badaki. Gauza asko dakizki. Geldirik, geldi-geldi dago. Itsasoko mugimenduak zerbait esan dio, ordea.
Gure sorginak badu mugitzearen zentzua; lurpeko ametsak ahaztu ez baditu ere, bizi nahi du ezagutu berria duen bizitza ausarta hori.
Bere jantzi urdinak betiko zuritu dira. Zuria da orain sorgina.
Tristea da bere zuria. Lur gaineko argiak zuritu du bere urdina.
Itsasoak ez du inoiz ikusi gorputz txiki, zuri hura. Uhin baten bidez bereganatzen du, ur sakonetara eramanik.
Itsas barruan igeri dabil.
Itotakoaren aurpegirik nolaz ez duen inoiz ikusi, ez du pentsatu ur haundi, zabal, geldi hoiek bera ito lezaketenik. Lurpean bezain ziur dabil itsas gainean. Badabil gora, behera, alde batera, bestera, aurrera eta atzera; gorputz guztia balantzan duelarik, dabil, itsasoaren indarrak eraginda.
Itsasoa baretu zaio, ez du ekaitzik nahi; urak ez zaizkio haserretuko, gutxienez, gorputz ttiki, bero, biguin hura berarekin den artio. Itsasoko urak, sorgina, uhin borobiletan laztanduz biltzen du.
Sorgina itsasoko urez inguratua, itsasoagatik besarkatua, amodiozko jolas isil batean murgildua dabil.
Sorginak ez zuen inoiz itsasoa ikusi; betiko gordeko du bere gogoan itsasoaren imajina. Horregatik, itsasoa hasere ikusi zuen egun batean, ezin ulerturik geratu zen. Halere ezin zuen ukatu itsas haserretuaren edertasun izugarria.
Uhin bat urrutitik dator; haren bultzadak sorgina, lehorrean utzi du poliki, goxo-goxo.
Sorginak lo hartu du. Amets bat egin du. Oinez mugitzen zela amets egin du. Ikusi du nolaz bere besoak luzatzen zituen itsasoa ikutzeko; behatzak hestutu, zabaltzen zituen, labaindurik ihesten zitzaizkion itsas tantolak jaso nahirik.
Oinez ibili eta ibili, itxura gabeko ibilaldiari, ibiltzearekin arrazoiz beterik.
Esnatzerakoan, sorgin zuriak, oinez ibiltzen jarraitu zuen.
Amaia Lasa
«Fantasia bat», Egan, 34. zenbakian (1-6), 1974. urtean