Orainaldia orainaldiaz garaitzeko lehia

1971an Mikel Lasak bere arreba Amaiarekin poemak liburu batean argitara eman zituenerako, argitaratuak zeuzkan poema gehienak Olerti eta Eganen, baina baita beste zenbait tokitan ere, horien artean itzulita erakutsi zituen Papeles de Son Armadans delarik sona haundiena duena.

Baina Poema bilduma hura argitara eman arte Mikel Lasa ezagunago zen, edo behintzat poeta bezain ezagun zen artikulugile gisara, gaur egun aipatu ere egiten ez den alderdia, berau. Artikulu haietan bi ardatz antzeman daitezke. Bata, literaturaz, eta batipat Frantziako literaturari buruzkoak (G. Bernanos, Camus, Malraux, baina baita Baroja, G. Grass edo Epikuro); horren hildoan 1972an argitara eman zuen Novela berria Hego Amerikan. Eta bestea ekonomia eta nazio arteko politikazko artikuluak, Zeruko Argian argitara emanak literaturari buruzko beste asko bezala. Ondorengo urtetan, 1976az geroztik gutxi gora-behera, etorri ziren euskara eta euskal irakaskuntzari buruzko lanak, nahiz eta aurretik aritua zen R. Arregirekin alfabetatze lanetan. Bere itzulpen lanak, bestalde, 1984tik aurrera eman izan ditu argitara.

Literatura eta bizia uztai beraren bi muturrak direla ziurtatzeak ematen du, bai, lanik franko. Eta Mikel Lasak bere poemak argitara eman zituenean bere alderdi bereizgarriari bakarrik erreparatu zitzaion, G. Arestiren itzalean abororik bilatzen ez zuen poetaren adigarriei. Eta guzti hori egia izanagatik, geure errainu propioari begira jartzen garenean eguzkiaren menpe gaudela egia den bezalaxe, uste dut gehiegi alderatu nahi izan dela Mikel Lasaren lana garaiko joeretatik, aldentze hori nola gauzatzen den esplikatu gabe.

Izan ere, Mikel Lasa eta bere garai modutsuan aritu ziren beste zenbait poetari begiratu ezkero (Amaia Lasa, Xabier Lete, Arantxa Urretavizcaya eta Ibon Sarasola, batzuren batzuk aipatzearren) aise antzematen da 1970ko hamarkadan G. Arestiren aldamenean bestelako hildorik zabaltzeko asmorik.

Geure errainu propioari begira jartzen garenean eguzkiaren menpe gaudela egia den bezalaxe, uste dut gehiegi alderatu nahi izan dela Mikel Lasaren lana garaiko joeretatik, aldentze hori nola gauzatzen den esplikatu gabe.

Apropos utziko ditut albora, erabiltzeke, belaunaldi-hazaldi edo talde kontzeptuak. Batetik honetaz luzeen ihardun dutenek ere (Dilthey, Pinder, Ortega y Gasset, Petersen, K. Manheim, R. Escarpit) aztertutako belaunaldietatik gertuegi daudelako iritziei balio orokorragoa eskeintzeko, eta bestetik, inolaz ere, uste dudalako, L. Goldmannek bezala, kontzeptu eta errealitate horiek ezin dituztela berez obraren inguruko elementu batzuk baino esplikatu, eta inolaz ere ez bere egitura sakonena. Hala eta guztiz ere Mikel Lasaren poesiagintzaren garrantzia ulertuko bada uste dut behar beharrezkoa dela bere garaiean kokatzea Poema Bilduma eta Mikel Lasaren ordura arteko lana.

G. Arestik zabaldutako hildoaz bereizten hasten diren poetok —horrek ez du esan nahi gauza guztietan bereizirik zebiltzanik—, herriaren egunerokotasuna baino gehiago gizakiarena hartzen dute oinarri. Hala ere, oraindik kontra-eredu gisara izanik ere, ideia funtsezko berriak eman nahi dituzte sarri: demagun bere sekulartasuna aldarrikatuz, bere arreba Amaia Lasak Poema bilduma hartan bertan egin zuenez Jaungoiko guztiak ukatzen dituen /emakume bat naiz zionean, Ibon Sarasolak «Artzai ona»ren antiparabola aurkeztean, edo A. Urretavizcayak ulertzen duenean ez duela mendirik mugituko, / itsasorik erdibituko/ eguzkirik itzaliko.

Bestalde, ez da batere ahaztekoa, zertaraino diren 1966 inguru horretan eta 1970ean oso sartu arte, garai hartako idazleen iritzi artikuluak G. Aresti erakusle nabarmenetarikoa izan duten iritzikoak, bai euskara batuaren gaiean, bai modernotasun eta sekulartasunaren gaiean, besteak beste. Mikel Zaratek ere sekulartasun horren defentsa eta euskarazko eredu berriaren hautapenarekin bereizten zituen garai hartan «Belaunaldi errekoak». Nolanahi, lehen aipatutako poeta horiek, bere erlijioaren aurkako joera aldarrikatu beharrean sentitzen ziren eta badute Arestiren antzerkian egindako aitorpen anti klerikalarekin antzik franko.

Mikel Lasak ere antiklerikaltasun horretan kokatzen zuen bere burua. Hala frogatzen da Memory Dumpen, Beloken 1961an Iratzederrekin izandako elkarrizketaren berri ematen duenean. Hiru urte beranduago, 1964ean Eganen idatzi zuen gure badaezpadako kristautasunaren anbiguitatea, nobiziaduen aszetika dudakoaren aurka. Baina, haatik, Mikel Lasaren poesiara ez da halako zorroztasunik iritzi. Mikel Lasak ez du sekulartasuna erlijioaren aurkako iritziz defendituko; zehatzago aritzeko, ez du defendituko, eta poesietako errealismoaren baitan kokatu du, errealitatearen konstatazio sentsual hori bihurtuz, orainaldia orainaldiaz garaitzeko leiha, beste atal batean erakusten saiatuko naizenez.

Alde horretatik Jainkoaren esperientzia ere ez erlijiozkoa da eta uste dut Felipe Juaristik aipatzen duen Jangoikotasun hori zertxobait argitu beharreko geratzen dela batipat garai hartakoak izanagatik poema asko eta asko ez zituelako bere liburura bildu. Erabaki horrekin, PB garai hartako G. Aresti baten bideetatik kanpo kokatu beharreko gertatzen zen. Baina baita bere lirismoaren kariagatik, Elorri batekin lot zezaketen erreferentzietatik ere. Dudarik gabe, MDn «Osagarriak» izenekoan lan argitaratu gabeen kaleraketak Mikel Lasaren nondik-norakoak ulertzeko aukera ezin hobea ematen du, baina garai hartan PB1ean Jainkoaz ez gaitzat hartzea, bere poesiak garaiko eztabaida ideologikoen parametroetatik uzteko borondatea erakuts dezake.

Dudarik gabe 1971n bere poemak bildu zituenean, eta aldez aurretik argitara emandako lanetan ere, beti oso argi utzi izan zuen bere mesfidantza izpiritualitatea gandutzen duen erlijioaz. Hori bai, Poema Bildumako poesia errepasatuta ikusten da ez zuela batere kredo berririk aldarrikatu eta horren ordez izpiritualtasunari kutsu paganoa lotu ziola. Hara nola, liburu hartako lehen poemaren buruan jartzen dituen Axularrek jasotzen dituen hitzok Goiz heltzen diren pikuak maite ditu nere arimak irakurkera profanatzailea erakusten duten testuinguru honetan, zeren eta Geroko testuinguru hartatik kanpo (non goiztar/ berandutarrari kontrajartzen zaion), fruta heldu berriaren, eta gainera pikuaren irakurkera arras sentsuala bideratzen baitu, aurrez argitara emandako beste poema batean bezala gorputz-arima kontzeptuen kontrajartzea hautsiz. Beste horrenbeste esan daiteke egiten dituen erlijio munduko aipamen guztietan Kalbario mendia eliz zaharreko paret bazterrean izorkerian egiten ari direnak deskribatzen dituenean, edo bere kredoa hirugarren egunik gabeko Kristo batena dela dionean, poema horretan bertan. «Poeta berria» lanean, aldiz, Testamentu Zaharreko Jainkoak bezala mundua populatzeaz eta berhatzeaz ari delarik, esapidea modu honetan zehazten du

ene animaren bakardadea
gizonaren irriz ta neskatxen musuz.

Tere Irastortza

«Mikel Lasa: Arakatzaile», Hegats, 12. zenbakia, 1995eko azaroan

Irudia: Mikel Lasa Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbaran. Ricardo Iriarteren irudia, Wikipedia