Gizakion adimen-mekanismo ezkutu desberdinak direla kari, errealitatea parametro ulergarrietara mugatzeko premiak maiz asko jokaera oroberdintzaile eta eskematizatzaileegiak erabiltzera bultzatzen du. Eta erabili ere, kategoria finkoak eta zalantzarik gabekoak bailiren erabili ohi dira sarri.
Garai zaharreko idazle eta pentsalarien esparrua jorratzerakoan, esaterako, arrunt bihurtu izan da haien ezaugarri esanguratsuenak (literarioak, ideologikoak zein psikologikoak) batzeko joera eta, ageriko kontraesanik ez dagoenean bederen, nortasun bakar eta logiko baten inguruan integratzekoa, ohartu gabe (eta, ondorioz, bereizi gabe) uste baino gehiagotan zinezko izaera bikoiztu kontrajarriak gorpuzteko parada uzten diela errealitateak autoreei.
Ez da euskal literaturaren eremua horretan salbuespen, jite horretakoa baizik, anitzetan autoreez iritsi zaizkigun datu urriek ez baitute argirik eskaintzen esparru ez-literarioetan pertsonaiaren profila burutu ahal izateko. Baina, okerrago dena, ez gutxitan inpresioa da jokaera oroberdintzaileok, autorearen alde zein aurka, diskrezionalitate gehiegirik gabe erabiltzen direla.
Areago: inoiz haien testuetatik lekukotasun argi-emaile berezirik espero izatekoa zenean ere, autoreen isiltasunak berak jokaera berdintzaile horiek gizentzeko baino ez du balio izan. Ildo horretan, ezaguna da euskal historian bortizkeriaren kalifikatiboaz irudikaturik (halakoxeak izan baitziren!) geratu izan diren gertaeren ingurukoez jazotakoa.
XVII. mendearen hasieran, eta besteak beste «egiazko» erlijioaren aurka ornen ziharduten sorginen xahupenaren aitzakiapean, Sarako esparrua (sorgin gaiztoen kopururik handiena biltzen ornen zuena) zeharo astindua suertatu zen.
Printzipioz —eta teorian bederen—, errealitatearen oihartzun izpiren bat literaturan islaturik ikustea espero izateko zerbait bazen ere, ezagun da ez zela horrela gertatu euskal letretan; dakigularik, ez islada argi, zuzen eta zalantzarik gabekoen bidez, behinik behin. Izan ere, une latz horiek isiltasuna baino ez baitzuten utzi idatzirik, pairatu zuten errealitatea ohikoa izan balitz bezala, inork ezer nozitu izan ez balu legez, gizarte hartan ezer gertatu izan ez bailitzen.
Esan liteke kategoria isil eta hutsen (= formalki hutsik diruditenen) mailako izan zirela horiek euskaraz idatziriko orrialdeetan, nahiz eta hemen usatu den historiografiak gero akritikoki —eta honekin, hasieran adierazi puntura itzultzen ari gara— orrialde horien egileen soslaia taxutzerakoan normalean haien «aldeko» irudia egiteko erabili dituen.
Eta egoerarik nabarmen eta larriena isiltasun horren «aprobetxamendua» ezinbestean bortizkeriaren lekukorik garrantzitsuena izan behar zuenaren alde agertzean emango zen, inguru haietako jende jipoituaren ardura eklesiastiko-izpirituala zeramanaren aldeko erabilera antzematean, euskal literatura klasikoan lehen idazletzat hartua izan denaren beraren aldekoa hain zuzen. Sarako erretoreaz ari gara, jakina.
1. Urdazubin jaiotako idazlearena sarritan arazo bezala planteatu izan bada ere, ez da gogoratu behar, histori dinamika garaileen mitifikaziorako joeragatik nonbait, haren alde jokatu izan dela salbuespenik gabe. Ondorioz, haren irudiaren handitasunak irabazi egin du etengabe, eta idazle gisa zuen ospe gaindiezinari ezin hobetuzko «portaera»-ren bertutea erantsi zaio sistematikoki.
Izan ere, Axularrez geratu zaigun estereotipoa giza-perfekziotik hurbil dago. Eta ez da estereotipatze horrena gure garaiko historialari bati edo besteri egotz dakiokeen errua, azken batean tradizioaren eta, nola ez, kausalitate legearen poderioz gertatu bide baita horrela. Villasanteren eskutik Axularrez agertu zen irudi «ulerkorra», esaterako, pixkanaka osatuaz joango zen eredu finko baten lehen urrats modura geratuko zen ondokoentzat. Eta Villasanteren hitz zuhurrak betiere «menturaz» delakoaz lagundurik agertu arren, hipotesiaren benebolentziak inolako kalterik ekarriko ez zuelakoan edo (alderantziz baizik, «santifikatuago» agertzen zen gure idazle klasikoa), luzatutako formulazio hori handik aurrera Axularrez «ofizialki» onartu eta mantenduko zen iritzia izango zen, frogarik behar ez zuen ideia alegia.
Patxi Salaberri
«Axular Jekyll, Axular Hyde», Nerekin yaio nun: Txillardegiri omenaldia, 2005