Oso hedatua da gure artean, eta kanpoan ere bai, literaturaren ezagumen sakona, kreazioari dagokionez, baliagarri baina oztopogarriago daitekalakoaren ustea. Badu bere funtsa iritzi honek; baina, uste arrunta guztien modura, ez du asko balio. Dena den, Cortazar, uste honen kontraexenplu borobila deritzait. Cortazar-ek sakonki ezagutzen du literatura-kondaira eta, batez ere, XX gizaldiko literatura frantseza; eta bere iskribuak irakurri besterik ez dago, ezagumen hortaz nolako probetxua atera duen ikusteko.
Cortazar idazle polimorfo horietako bat dugu; esan nahi dut, bere idazkietan barna kidetasun ugari atxeman dezakegula. Arian-arian, zenbait aipatu dugu: Lewis Carrol-en animismoa eta absurdozko logika, Borges-en fikzio zaletasuna, Henry Michaux-en eta surrealisten hiz-joko zaletasuna, Ionesco-ren humore «zuria», Robbe-Grillet eta «nouveau roman»-ekoen estilo objetiboa, e.a… Denetarik ikus diteke idazle honen idazlanean. Eta ez dut uste, zerrenda luze hau egiterakoan, kritikoen «influentzia-salatari-manian» erortzen naizenik; kasu hontan ez behintzat.
Harrigarria dirudi, hainbeste influentzia jasan arren bere prestutasuna eta jatortasuna galdu ez izatea. Literaturaren bide-gurutze erdian egon arren, beti aurkitu izan du berari zegokion bidea.
Beharbada literatura hezikera honen arrastorik sakonena, estiloan dakuzgu. Estilista harrigarri bezala agertzen zaigu; agian, Hego-ameriketako aberatsena, hoberena ez bada. Estiloaren jakinduri sakon honi esker, edozein gai bere tonu juxtuan darabil eta, bide batez, bere idazlana ugaritasun maila handi batertara heltzen da. Nehork ez du Cortazar-ek bezainbat (Borges ez bada) egungo Hego-ameriketako literatura aberastu, korronte berrien txertoak eginaz. Gisa honetako idazleak behar beharrezkoak dira literatura batetan, noizik behin aurrera ekiteko bultzada izan dezan.
Estiloaren zaintzeak baditu bere arriskuak eta nork uka, Cortazar horien arteko zenbaitetan erori ez denik? Egia da, beraz, maiz estetizismo eta formalismoaren aldapa labainean erori dela. Hasiera batetan, batez ere, idazle honentzat, literatura hitza zen, eta hitzaren «haragi-hartzea» ez zitzaion axola. Eta hitza Iiluragarri zen, atsegin emaile eta jolas-gai, soil soilik. Halabaina, gero eta gehiago, kontra-joera berri bat somatzen dugu azkenengo urte hauetan: «Es muy fácil advertir que cada vez escribo menos bien y esa es precisamente mi manera de buscar un estilo. Algunos críticos han hablado de represión lamentable, porque naturalmente el proceso tradicional es ir del escribir mal al escribir bien. Pero a mí me parece que entre nosotros el estilo es también un problema ético, una cuestión de decencia. Es tan fácil escribir bien. ¿No deberíamos los argentinos (y esto no vale solamente para la literatura) retroceder primero, bajar primero, tocar lo más amargo, lo más repugnante, lo más horrible, lo más obsceno, todo lo que una historia de espaldas al país nos escamoteó tanto tiempo a cambio de la ilusión de nuestra grandeza y nuestra cultura, y así, después de haber tocado fondo, ganarnos el derecho a remontar hacia nosotros mismos, a ser de verdad lo que tenemos que ser?».
Mikel Lasa
Novela berria Hego Amerikan, Gero, 1972