Arantzazun ezer ulertzen ez nuelarik jarraitu nuen, baina Arantzazun euskara maskaltzeraino ikasi nuen. Ez behingoan, eskolarik ez nuelako bost urtetan ihardun behar izan bainuen hiru urteko ikasteak egiten. Baina bitartean hobeto malgortu ahal izan nuen euskara. Arantzazuko urte haietan buruz ikasi nituen zure KIXOTE liburuko zati batzu. Marrotan jokatzen genuenean «non fuiades, cobardes y viles criaturas; que un solo caballero es el que os acomete» esanez jarraitzen nien aurreko taldetik gure talderantz ateratzen zirenei erasotzerakoan. Literaturako liburutan ageri ziren zure idazlan zati guztiak irakurtzen nituen gustora.
Oporraldi batzutan eskola-mutikoentzat prantatutako zure KIXOTEAren laburpen iragazi bat ere irakurri nuen. KIXOTEA, bere osoan, fraide eginda gero irakurri nuen teologi urtetako batenbitan. Arantzazuko gau isiletan eskandalu handiak sortu nituen zure liburu hori irakurri-ahala. Lo-ordutan irri ta barre izaten nuela gelan eta fraide on batek behin baino gehiagotan egin zidan akar eta nagusiengana salatuko ninduela zemaia egin ere bai, baita gelara etorri eta gela guztia miatu ere inoiz, ea han nortzu ote ginen ikusteko. Nik han nuen zure liburua, baina fraideak ez zuen ikusi, ez-eta beste inor ere. Auskalo zertzu pentsatuko ote zituen nitaz. Gero nire barreak-eta aditzen zituenean, negarrik ez zuen aditzen, erratz girtenaz edo makilaren batez jotzen zuen nire gelapea. Hala irakurtzea noizpait bukatu nuen arte. Harrez gero ia ez dut eskutan ere hartu, ez gogorik ez dudalako, astirik ez dudalako baino.
Irakurri izan dudan libururik ederrenetakoa zure hori izan dut. Ez duzu alferrik hitz bat ere jarri.
Bitoriano Gandiaga
Uda batez Madrilen, Jakin, 1977