Liburu honen funtsari eta ekarriari hastapenetik beretik antzeman niela esango banu, gezurrez mintzatuko nintzateke. Lehendabizikorik nobela bat idatzi nuen: La Statue de Sel (=Gatzezko Imajina); eta honetan neure buruan barrena garbiago ikusi nahirik, norki nagusiaren biziera eta gorabeherak azaldu nituen.
Alderantziz, ordea, Ipar Afrikako gizonak giza-biziera oso eta beterik ezin mamitzea agertu zitzaidan nabarmen; eta, desarrazazko ezkontza gurutzatuan soluzioa bota ninduen ezintasun horrek.
Agar izkiriatu nuen horretara, baina hau ere frakasutan bukatu zen.
Bikotean ezarri nituen orduan neure begiak, baita esperantza gaitzak ere; gizonaren zorion-oinarririk zindoenetako bat horixe baitzitzaidan agian, gaur zaidan bezala, eta bakardadearen kontrako erremedio bakarra eta egiazkoa.
Baina berehala ulertu nuen ez dela bikotea ere zelula bakan bat, bere buruz ari, edo munduaren erdian ahazturik legokeen hozkirri-oasi bat. Alderantziz, arrunt, hain zuzen, bikotean dago mundu guztia.
Hots, ene gizauren eta umant zoritxarrekoen mundua, kolonizatuen mundua zen; eta haien menturaren hutsegina, koloni-bikote gurutzatuarena, arrazazko bakuntasunetik atekoa, konprenitu nahi izanez gero Kolonizatzailea eta Kolonizatua konprenitu behar aurretik; baita, beharbada, koloni-egoera et harremanak osoan hartuta.
Honek guztiak neure burutik eta neure bizi-arazoetatik urrutira jaurti ninduen. Azalpena itzuri egiten zitzaidan behin eta berriz; eta, non edo zertan bukatuko nuen jakin ez arren, eta horrelako baldinkera korapilotsu bat zeharo ikertzeko asmorik ere gabe, gutxienez amaiera bat ezarri nahi nion neure ezinegonari. (…)
Hitz batez, Kolonizatuaren egoearen ezagupideak neure buruan biltzetik hasi nintzen, eta neure lekua beste gizonen erdian bilatzetik. irakurleek sients arazi didate gero erretratu hau berena zutela. Eta tuneztarrak ez ziren denak gero. Piskanaka piskanaka, bideiek, elkarrizketek, eztabaiek eta irakurpenek beste iritzi honetara ekarri ninduten: alegia, nik azaldutakoa mundu guztiko anitz gizonen zoria bera zela.
Horrela, beraz, kolonizatu guztiak elkarren antz handia zutela ulertu nuen; eta, oraindik ere beranduago, zanpatu guztiek ere hein batean bederen badiruditela elkar.
Albert Memmi
«1966ko argitaraketarentzat egileak prestatutako hitzaurrea», Kolonizatuaren ezagugarria, euskaratzailea, Larresoro [Txillardegi], Jakin, 1974