Mikel Lasak gertutu duen lan eder honek baditu oso jakingarri diren hiru alderdi gutxienez:
1) Euskerak gora-bidean aurkitzen dituen oztopoak, asko eta handiak dira; poesia berrian langile ugari eta on asko baditu ere, ipui eta novelak eskatzen dituzten bide berrietarako, oraindik gordin, heldu gabe, aurkitzen da; batzuk (Mirande, Txillardegi, esate baterako.) saio on onak eginak dira; baina, hitz, imajina eta lankera edo estilo neurrian gaurko munduaren literatura mailan jartzeko kemenik ez du izan; eta gaurkoz munduan, gailen, iberoameriketarren literatura dugunez, honen lan ederrenetako batzuk aztertzeari oso beharrezkoa deritzat; batez ere, kritika hau euskeraz egina bada.
2) Bestetik, harrigarria da itsas-haruntzko herri berri horiek herri-kultura lantzeko izan dituzten oztopo batzuk guk ditugunetatik hain hurbil egotea; herri-neurriz berdinak ez badira ere, bertagotik ikusten ahalegintzen bagara, badute herri arteko Jokabideek beti kidetasun nabarmen bat: gizonaren neurria, eta iberoameriketar horien lanak aztertuz goazen bezala aurkituko ditugu geure lanbide batzuk ere; hontan lagundu nahi nioke Mikeli, hitzaurre hau bide dudala: honek idazleei banaka egin dien azterketa sakonaren ondoan, begirada osoko perspektiba-bidetxur bat jarri.
3) Ondo idatzi eta irakurri nahi duen guztiak behar du ikasi idazle puntakoenen lanetan ikusten; errazki, agerian, axalean ikusten diren gauzez beste, izaten da idazlan sakonetan (bai hizkuntza aldetik, bai lankera aldetik eta baita formaz ere) ezkutuan edo hain erraz ikusteko ez den aberastasunik; azterketa zail hau egiteko gai dena, ez da edozein: lehen, literaturako ikasketak egin behar ditu berak, egile garaienak ondo ezagutu eta aztertzen ikasi behar du eta jakintza hutsa den honetaz gainera sorraldiak berekiko dituen misterioak ikusteko behar den gaitasun bitxi bat: sendimena, sensibilidadea; eta hauxe esan nahi dut hasiera-hasieratik Mikel Lasaz: batetik kritika lanetarako oso jantzia eta adimenduna dela, eta, bestestik, bera sortzailea denez, sensibilidade handiko gizona dela.
Nik esateak ez du baliorik; liburu hau irakurtzen duenak, berez ikusiko du.
Martin Ugalde
«Hitzaurrea», Mikel Lasaren Novela berria Hego Amerikan (Gero, 1972) liburuari