Apocalypse Now

2021-07-28

Vietnamgo gerra. Willard kapitainak buruzagiengandik hartzen du Kurtz koronel erotua hiltzeko agindua. Willard hibaian gora abiatzen da, frontean eta oihanetan barrena, Kurtz kausitu eta hil arte.

Hauxe da, funtsean, filmearen argumentua. Egitura edo hari argumental hau Joseph Conrad idazle polakoaren Ilunpeetako Bihotza (1902) delako nobelatik hartua. Hala ere, literaturari bakarrik bagagozkio ere, T.S.Eliot-en The Wasteland, J.L. Borges, F. Nietzsche eta beste erreferentzia asko aipatu ahal dira filmearen gaia ohartzeara heldu gabe.

Filmea egiteko ideia aspaldikoa da. Duela hamar urte mintzatu omen ziren John Milius gidoigilea eta Francis Ford Coppola zuzendaria. Baina 1976.ean hasi ziren filmatzen, Filipinetan eta 230 egunetan zehar lan egin behar izan zuten. Oztopoak milaka, ondoko hauk esate baterako. 2976.eko maiatzaren hamaikan «Olga» tifoiak Filipina uharteak xahutu zituen filmeko dekoratu guztiak deseginez. Bestalde, USAko harmadak laguntzen ez zuenez Filipinetakoaren helikopteroak eskatu eta jaso zituzten, 24 helikoptero hilabete bitan, baina Mindanao hegoaldeko gerrilleroen aurka burrukatzeko gobernuak ere behar zituenez, egunero goizez USAko ezaugarriez pintatu behar ziren eta gero berriz Filipinakoez ofizialki iharduteko. Edozelan ere, orobat, 450 langile ari ziren filmatzen. 25 miloi dolar kostatu du filmeak. Filmaturiko pelikularen luzera 90 ordukoa da, lehen muntaiak zortzi ordu eta erdi zituen jadanik, eta azken bertsioak hiruren bat.

Apocalypse Now sortzen parte hartu dutenak asko dira, haien artean John Milius gidoigilea, Vittorio Storaro fotografiako arduraduna (B. Bertolucciren ohizkoa hain zuzen), Dean Tavoularis dekoradorea e.a. Aktoreen artean: Martin Sheen (bere benetako izena Ramon Estevez da), Marlon Brando, Robert Duval, Dennis Hopper eta abar.

Francis Ford Coppola, filme honen buruzagia, duela berrogei urte sortu zen Detroiten eta 1962az geroztik filme ugari egin izan ditu. The Goodfather biak eta The Conversation dirateke bere filmerik interesgarrienak.

Apocalypse Now honetan bera da gidoigile, produktore eta zuzendaria eta bere aspaldiko asmo baten fruitua baino ez da. Filme honen ondoren Hammet delako filmea produzitu dio Win Wenders-i eta bere aldetik The Brotherhood of the Grape delako Jon Fante-ren nobelaren adaptazio bat prestatzen ari da.

Apocalypse Now delako filme erraldoi hau, berriz, espektakuluaren eta narrazio psikologikoaren artean agertzen zaigu eta aspaldidanik pantailan ikusi ez genuen bezain odisea izugarria eskaintzen digu, zeinetan Vietnamgo gerlaren ikuspegi dramatiko batekin batera eromenari eta heriotzari kantu bat sortzen baita, ilunpetako kolore eta eztanden artean. Zalantzarik gabe, filme on eta atsegin baten aurrean gara, eta hauxe da garrantzitsuena zineman, azken finean eskuindarra ala ezkertiarra deneko espekulazioetatik aparte, atsegina izatea eta esperientzia zinematografiko berriak eskaintzen dizkigula. Agian, Apocalypse Now filmeak historia eginen du zinemagintzan, zeren eta hain zuzen, Hollywood berpiztutik sorturik, azken urteotako filme ikusgarrienetariko bat baita bere preziosismo formalaren aldetik, nahiz bidaia psikologiko eta dramatikoaren aldetik.

Joseba Sarrionandia

«Apocalypse now», Anaitasunan, 393-394 zenbakian, 1979ko abenduan

«Apocalipsis Now» gogoratzen dut. Eta alboan eserita Bilboko egunkari ezaguneko zine kritikoa, Luis Mari, errime zurrunka. 

Joseba Sarrionandia

Akordatzen, Txalaparta, 2004

Irudia: Francis Ford Coppola Apocalypse Now filmean, 1979. Chas Gerretsen argazkia