Irakurri nahi genukeena aurkitzen ez genuenez gero irakurri nahi genituzkeen liburuak egiten hasi ginen

Ni idazten hasi nintzenean, euskaraz argitaratzen ziren liburu ia guztiak irakurri ahal ziren. Literatura oso eskasa zen eta uste dut irakurle bokazioarekin hasi ginela idazten, orrialde gehienak zuri zeuden eta, irakurri nahi genukeena aurkitzen ez genuenez gero irakurri nahi genituzkeen liburuak egiten.

Gauzak aldatu egin direla iruditzen zait, orain orrialde asko daude euskaraz idatzita, argitaratzen diren liburuen zerrendak luzeak dira eta Gutenberg Bibliotekan apal txiki bat dago euskaraz. Bernardo Atxaga eta beste batzuk primerako gauzak idazten dituzte eta errekonozimendua dute gainera Europa osoan. Baina duela hogei urte sehaskan zegoen jendeak ere oso ondo idazten du, edozein liburu hartzen duzu Unai ez dakit nork egina, Iturriagak, edo Elorriagak, edo Kirmen moduko izen berriko jendeak, eta idazten dutena oso ona da eta nik behintzat jadanik galdu egin dut orduan genuen idazteko «betebehar» sentimendu hori, nik egin dezakedana baino gehiago eta askozaz hobeto idazten duelako gazte pilo batek.

Ez dakit zertarako idazten dudan, lasai itzul naiteke irakurle izatera. Nobelan aitzakia hori ematen dut, gauzen errealitatea berez ahula dela, irrealitate arriskuekin bizi garela, eta bizitza benetakoagoa egiten dela harremanen bidez, hitzen eta literaturaren bidez. Lurra janez esaten da nobelan, errealitate kontzientzia gehiagorekin. Baina hori oso axiomatikoa eta oso literarioa da, aitzakia hori. Orrialde zuri batzuk topatzen ditut oraindik, betetzeko modukoak.

Ez dut liburu batekin mundua alda daitekeenik sinesten, baina tiroka ere ez da gehienetan ezer hobetzen. Zeharo alferrikakoa ez dela izango pentsatu nahi dut, lana ez dakit zertarako baina zeozertarako izango dela, hau ere sineskeria izan arren. Bizitzarekin loturiko zerbait izan beharko luke. Geroan badakizu liburuak zer izango diren. Dinosauroen oinatzen bila ibiltzen dira orain batzuk. Liburuak ere oinatzen modukoak izango dira, desagertuko diren animalien aztarnak.

Joseba Sarrionandia

Lagun izoztua nobelaren argitalpena dela eta elkarrizketa Argian, 2001eko azaroaren 18an