Imajina ezazu Franz Kafka Prahako kale batetan

2021-04-09

Imajina ezazu Franz Kafka Prahako kale batetan. Ez, Prahan ez, beste ziudade bat da. Imajina ezazu Berlingo kale batetan.

1923ko hazilean etxez aldatu ziren Dora Dymant eta bera, Grunewaldstrasse 13, mediku baten etxeko gela bi alokaturik.

Imajina ezazu, iadanik tuberkulosiak harturik zegoen idazle hura kalean barrena paseatzen, arratsalde lainotu eta barean.

Hume bat negarrez espaloian. Franz Kafka hurbildu egin da humearengana, aurpegia adats zurigorriaren azpian estaltzen duen neskatxarengana. Bere panpina galdu duelako dago negarrez.

—Ez, ez da galdu! —diotso Franz Kafkak.  

Ez dela galdu, negarrik ez egiteko, panpina joan egin behar izan dela bidaian eta aldentzea tristea zitzaiolako ez diola panpinak humeari adio esan.

—Zure panpina duela guti aurkitu du —dio Franz Kafkak— hiri irteeran, eta izkiriatu dizula esan dit.

Imajina ezazu humea, masaileko negar hanpuluak ukabiltxoaz lehortzen. Gizon beltzaran hari, mezulari ezezagun hari begira geratzen da humea bere begi urdinen butzutik. 

Mezularía, Franz Kafka, kalean gora doa bere traxe beltz eta urrats geldoaz, mezularirik misteriotsuenaren gisan kale kantoian galtzeko. Humeak, hurrengo asteetan, paripinaren gutunak jaso zituen, bidaia harrigarri bat kondatzen, geroago eta hurrinagotik.

(Urtarrilak 20) 

Joseba Sarrionandia

«Franz Kafka eta humea», Ni ez naiz hemengoa, Pamiela, 1985

Franz Kafka bost urte zituenean, 1888. urtean