Zinemagintzaren ezagule (eta ikusle amorratu), zenbait filmeri egindako aipamenei esker (honi buruzko testigantzak bestela ere ugariak ditugu) badakigu, bestetik, amerikar jenero beltza, nahiz Chesterton, Graham Greene eta beste zenbait idazle maite zuela, batez ere, idazle hauek, dibertimendu soiletik landa, munduaren ikuspegi bat agertzen zutenean. Behin eta berriro «amor fati» aipatzen zuen errenderiarrak, fadoek bizitzan erakusten duten eragina ikusi nahi zuen, interpretatu egin nahi zuen bizitzaren zentzua eta literatura materiale garrantzitsua zitzaion horretarako. Sarritan, filmea ikusi eta kritikatu ondoren, badakigu Koldok filmeari oinarria eskaini zion nobela ere ezagutzen zuela. Orson Welles-en «Lady from Shanghai» filmea eta izen bereko nobela ezagutzen zituen, eta, sarritan, filme ezagun bat ikusi aurretik nobela irakurtzea bururatzen zitzaion tipo «estraino» horietakoa genuen Koldo. Hitchcock hoberena gustatuko zitzaion baina bilutsik bezala belaunikatuko zitzaigun Bergman-en filmeen aurrean ere. Joera errealisten maitale baldin bazen ere, joeren atzetik kalitatea antzematen eta dastatzen zekiena baitzen Mitxelena. Eklektikoa. Hori baldin bada, behintzat, Mitxelenaren izaera literarioa laburtzen duena.
Baina eklektiko izatera kriterio zehatzetik iritsi zena. Ezagupideak eskaintzen du aukera hori. Ezezagutzak, berriz, ez du eklektizismoa sortzen, perplejitatea eta ezinegona baizik.
Anjel Lertxundi
«Egarri literarioa» artikulua Koldo Mitxelena: Gizona eta Hizkuntza, Eganen ale berezian, 1987ko maiatza-abenduan