Bitxia bada ere, artikulu hau Pedro Miguel Etxenike aipatuz hasi nahi dut. Nik miresten dut Pedro Miguel. Susmatzen dut ez nintzela gauza askotan sekula berarekin konforme egongo, baina, aldi berean, uste dut oso tipo bizkorra dela. Gutxi bezala bizkorra. Herri honetan areago. Hutsak egin eta egingo ditu, baina zenbait gauzatan bete-betean asmatu eta asmatuko du. Zientzia ez dago mundutik eta ideologiatik kanpo, noski, baina, aukeran, nahiago izabar euskaldun bat elektroien zirkulazioa zaintzen ezen ez Kaliforniako txiklejale bat. Nire probintzian agintaritzaren itxura eta ordezkaritza egiten duen joteroak —hau ere herrikide, nonbait—, aldeanismo nazionalista iritziko dio ene aburu honi, baina nago unibertsalagoa dela Pedro Miguelen jarduna Korellako O.H.O.ko maisuaren ergelkeriak baino. Hala dirudi, ezta?
Lehengoan irakurri nuen Etxenikeri egiten zioten elkarrizketa bat, Donostia International Physics Center delako bat aurkeztu dutela-eta. Roher Nobel saria etorri zen, gonbidatu. «Etorkizuna elkarren artean harreman iraunkor baino informalean dauden zentroek osatutako sare lauso bat da», esan zuen, edo horrelako zerbait. Unibertsitateaz eta ikerketaz ari zen. Eta gero: «Hemen hasieran gaude, baina, esaterako, Madrilgo Konplutensean baino hobeki. Nor norekin konparatzen den». Zera, ikerketa zientifikoaren mailan euskaldunek zerbait egin dute, egiten ari dira, taxuz, buruz, ikuspegi orokor batez, etorkizuna prestatzeko asmoz.
Ekologoak kezkatuta dabiltza munduan gertatzen diren desertizazio-prozesuekin. Gauza jakina da basoak mozten direnean desertizazioak egiten duela aurrera, lehen basoa egon den lurra ez dela hain erraz lehengoratzen, basoa bera baita lurraren babeslea; esaterako, euria ari duelarik, zuhaitzetako adar eta hostoei esker ura barreiatzen da eta hezetasuna atxikitzen da, eta lurrak erraz asimilatzen du ezinbestekoa duen ura; aitzitik, basorik ez den tokian, euri erauntsi handia botaz gero, ura uharka doa, eta lurra higatu eta garraiatzen du; lur horrek ez du erori zaion uretik probetxurik ateratzen.
Konparaketa zilegi bazait, esango nuke fisikoak beren basoa prestatzen ari direla, ekosistema bat sortzen ari direla, non haiek bizitzeko eta beren jarduna aurrera eramateko beharrezkoak diren baldintzak izango baitira.
Guk ere, fisikoek bezala, Nobel sari bat ekarri genuen. Roher delako horrek jakingo zuen zertara zetorren, ez zen kasualitatez etorriko. Saramago kasualitatez etorri zen. Jose Saramagoren eskuzabaltasuna eta bihotz ona aprobetxatzen jakin zuen pertsona multzo txiki baten kemenari esker. Horra diferentzia. Euskal literaturak ez du basorik, basamortua da.
Nire oroimen intimoan beti gogoratuko naiz, nire baitan beti entzungo ditut Jose Saramago arnasaldi luzeak eta urduriak, hizketan hasi baino lehen nire ondo-ondotik botatakoak.
Euskal idazleek hil ala bizikoa dute kanpora ateratzea, itzuliak izatea. Ez dago horretarako inolako politikarik. Euskal edizioak beharko luke ikusten hasi zer komeni den argitaratzea eta zer ez, edo ez hainbeste. Baina nork bere esparrutxoari eusten dio eta ez da ezer planifikatzen. Eta abar. Poztu nintzen euskaldunak zerbait egiten ari direlako ikerketa alorrean, tristetu nintzen euskaldunak ez direlako ezer egiten ari kultur idatziaren esparruan. Euskal letrek ez dute Etxenikerik izan, edo euskal letretako balizko Etxenikeek —ez hainbeste, bestalde, ale kontatuak baitziren hautagaiak— amore eman dute, edo ez diete kasurik egin, edo beste zereginetan dabiltza. Ez dakit. Nik ez ditut EAEko pasiloak ezagutzen. Ni napar ostia bat naiz eta Iruñeko pasiloak baizik ez ditut ezagutzen, eta ez gehiegi, joteroak ez dituelako ni bezalakoak sobera maite, pasilo orotatik urrun nahi gaitu. Zer egingo diogu.
Saramagok gure artean bost ordu pasatu zituenetik zazpi hilabete joan dira, eta nire inpresio pertsonala da aukera eder bat galdu genuela; edo, hobe esan, ez genuela jakin une batez ireki zitzaigun aukera behar bezala aprobetxatzen. Alderdi pertsonaletik ari naiz, baina kolektibotik ere bai. Bestetik, kontuan hartuz gero nortzuk garen, zeintzuk diren gure antolamenduak, zer giro dagoen gure artean, eta zer kamuts eta begimotz garen gure planteamenduetan, aitortu behar da ez dela harritzekoa. Harritzekoa dena da Saramagok gurera etorri nahi izana.
Ekologiako adibidea erabiliz, esango nuke Saramagoren bisita hain beharrezkoa dugun euria izan zela, baina, euskal letren basorik ez dagoenez, hain beharrezkoa genuen ura ihes egin zitzaigula uharka.
Esan behar da, hala ere, EIZIE portatu zela, eta esker oneko natzaiola.
Itzulpenaz inor gutxik esan dit ezer. Ez nau harritzen, bestalde. Txarra, ona edo erdipurdikoa izango da, baina, edozein kasutan, euskal hizkuntzak urteak beharko ditu oraindik hori bezalako testu bat bikarbonatorik gabe liseritzeko. Torrealdairi entzun nion lehengoan Francoren zentsurak itzulpenak zigortzen zituela, testu itzuliak frogatzen duelako xede hizkuntzak jatorrizkoak adina balio duela. Ez da erabat egia. Hori guztia frogatzen da xede hizkuntzako irakurleek jatorrizkoek bezainbeste gozamen eta zukua ateratzen diotenean testuari. Gero eta komentzituago nago irakurleek egiten dutela, idazleek baino areago, literatura sendo bat. Euskarazkoak oso ahul segitzen du.
Guztiarekin ere, ez dut ukatuko niretzat esperientzia positiboa eta hagitz ederra izan zela. Estatubatuarrek esan ohi dute, oker ez banago, denok dugula eskubidea hamar minutuko loria-tartea bizitzeko gure mundualdian. Nik nire loriazko hamar minutuak bizi ditut, eta horrenbestez pozik nago; niretzat ere, denentzat bezala, urteak igarotzen dira, eta gero eta gutxiago komeni da ezer biharko uztea, badaezpada ere. Tira, orrialdea pasa eta aurrera.
Eta nire oroimen intimoan beti gogoratuko naiz, nire baitan beti entzungo ditut Jose Saramago arnasaldi luzeak eta urduriak, hizketan hasi baino lehen nire ondo-ondotik botatakoak. Esaten duena sinesten duen eta sinesten duena esaten duen pertsona bat iruditu zitzaidan. Egun, ia denak eszeptizismora, konpromisorik ezera eta etsipenera bultzatzen zaituenean, zer esanik ez literaturaren mundu nahikoa nazkagarrian, berean tinko egonagatik sinesgarritasuna galdu ez duen pertsona bat aurkitzea, niretzat, ikasgai ederra izan da.
Horregatik bakarrik merezi izan du.
Jon Alonso
«Fisikaz eta ekologiaz», Senez, 22. zenbakia, 2000