Zeiñ deritzaizu gure antzesgilleen arteko gaitzik aundiena?
Ezjakintasuna. Gure antzesgille geinak teatro kulturik ia batere ez dute. Beste lurraldeko teatrorik ez dute ezagutzen. Eta, okerragoa oraindik, ezjakintasun ori batzueri gauz aundia iruditzen zaie. Ezjakiñean lasai bizitze ori ikaragarria da gero… Gure idazle askoz batere kulturik ez dute, eta ala ere lasai eskribitzen dute.
Ori gure literaturan… Arrazoiren bat izan bear du orrek.
Bai, bada arrazoi bat. Gure literaturan «plaga» bat dago.
Ze «plaga»?
Gramatikoak, «euskerologoak». Gure errian badirudi euskera’ren gaiñ bi edo iru gauza ikasi ditun edozeñek daukala euskeraz idazteko ta euskal literatura arteko gauzak juzgatzeko eskubidea. Ez dakit noiz arraio ikasi bear duten gramatika ta literatura bi gauza ezberdiñ dirala. Gramatika zienzia bat da. Literatura, berriz, esakizun bat, zerbait adierazteko premia. Orregatik da ain txarra gure literatura. Esateko gauz interesanterik ez duten pertsonak eskribitzen dutelako. Gure teatruak aspertu egiten gaitu. Bereala nabarmentzen da an esaten diran gauzak gezurrezkoak dirala.
Xabier Lete
Joseba izeneko lagun batek egindako elkarrizketa Zeruko Argian, 1965eko urtarrilaren 24an
