Literatura, euskal literatura, idazlez beteta dago. Ez dugu labelik behar

Artikulu honi eman diodan lerro-buru berbera erabili zuen kazetari batek Tentazioak liburuaren prentsaurrekoa egin eta hurrengo egunean argitaratu zuen notizian. Lau urte pasa dira ordutik baina, oraindik ere, emakumea eta gaztea izaten jarraitzen dut askorentzat; emakumea eta gaztea batez ere. Eta ez pentsa honi kontra egingo diodanik. Izan ere, gazte izatea bertute handia da egungo gizartean eta gustatzen zait kanpotik oraindik ere Jasone Osoro idazle gazte bezala ikustea. Edozein modutan, urteekin sendatzen den gaixotasuna da hori, gazte izatea alegia. Emakume izatea ere azpimarratu zuen kazetariak, eta honen aurrean ere ez naiz iraultzan sartuko. Emakumea naiz, bai. Ez dut harro nagoenik esango baina ezta gizonezkoa izatea gustatuko zitzaidanik ere. Halaxe jaio nintzen eta halaxe jarraituko dut hiltzen naizen arte; gustura asko gainera.

Honezkero batek baino gehiagok pentsatuko zuen ea zertara datorren gaztetasunari eta emakume izateari buruzko berbeta hau. Ba ez dira debaldeko hitzak, badute beren zentzua eta logika. Izan ere, gizakiak, gizaki denetik, zaletasun bitxia izan du: etiketak jartzea, hain zuzen. Gizonak eta emakumeak daude. Zerua eta lurra. Ura eta sua. Beltza eta zuria. Pertsonak eta animaliak. Aberatsak eta pobreak. Abeslariak eta aktoreak. Jefeak eta langileak. Zatarrak eta ederrak. Argalak eta lodiak. Idazleak eta idazle gazteak. Idazleak eta emakume idazleak.

Orixeri harrera Ameriketatik bueltan, litekeena da 1955eko maiatzaren 30ean, Olaberrian. Zutik, ezkerretik, Klaudio Sagartzazu Satarka, Antonio Valverde Ayalde, Nemesio Etxaniz, Orixe bera, Manuel Lekuona, Antonio Maria Labaien, Jose Arteche eta Jose Aguerre. Makurtuta, ezkerretik, (?), Jokin Zaitegi (txapelarekin), Koldo Mitxelena, Andres Bereziartua (?) eta Juan Garmendia.

Hara, eman dezagun 50 urte dituen gizonezko batek bere estreinako liburua plazaratu duela. Egunkariek idazlearen izena eta lanaren izenburua azpimarratuko lituzkete. Agian, sarreran edo, jaioteguna aipatuko luke norbaitek, baina inork ez luke nabarmenduko gizonezkoa denik, betaurrekoak dituenik edo burusoiltzen hasia denik.

Badakit emakume gutxi dagoela euskal literaturan, baita gazte izateak ere xarma berezia ematen diola izenari. Baina exotikoak frutak dira, edo loreak, edo arrainak. Emakumeak etxekoandre izan gaitezke, injineruak, medikuak, edo idazleak. Gazteak estudianteak izan daitezke, etxekoandreak, injineruak, medikuak edo idazleak. Baina ez dezagun dena zaku berean sar. Gauzak orokortzen hasten garenean badirudi balioa galtzen dutela. Badirudi meritu bakarra hori dela, gaztea izatea, soinekoa janztea edo beti bufanda gorria jantzita ateratzea kalera. Badirudi etiketa zintzilik ateratzen garela kalera, merkatura. Badirudi marketing hutsa garela. Tertulietan ondo geratzen den koadrila. Zutabeak itxuratzen dituzten «codigo de barras» xelebrea.

Askotan galdetzen digute ea idazletzat daukagun gure burua. Eta guk zalantzaz beteta, herabe, beldurrez bezala erantzuten dugu… «bueno, idazle, idazle….» edo, «idazle bai, idazle ona edo ez…» . Baina inork ez digu galdetzen idazle gazteak garen. Badirudi askoz errazagoa dela idazlegazte esatea, horrela, dena arrapaladan, idazle soilik baino.

Idazle gazte asko dago euskal literaturan. Bakoitzak bere estiloa dauka, bere kontatzeko modua. Istorio propioak komunikatu nahi dituzte eta horietako bakoitzak bere izaera eransten dio. Literatura, euskal literatura, idazlez beteta dago. Ez dugu labelik behar. Letren unibertsoan badago tokia guztientzat.

Ixiar Rozas, Unai Elorriaga, Etxeberria anaiak, Harkaitz Cano, Fernando Morillo, Asier Serrano, Julen Gabiria, Kirmen Uribe…. Idazle gazte asko dago euskal literaturan. Bakoitzak bere estiloa dauka, bere kontatzeko modua. Istorio propioak komunikatu nahi dituzte eta horietako bakoitzak bere izaera eransten dio. Literatura, euskal literatura, idazlez beteta dago. Ez dugu labelik behar. Letren unibertsoan badago tokia guztientzat. Bakoitzak bere txokoa aurkitu behar du, etiketetatik at egongo dena. Edo, asko jota, bakoitzari bere narrazio, poema eta eleberriek ezarriko dio kode berezi bat. Batzuk urrezko letretan idatzia ikusiko dute historian beren izena. Asko ez dira sekula plazaratuko. Baina etiketetatik at, sortzaileak gara, edo ameslariak. Edo, besterik gabe, bizitza egunez egun disfrutatuz pasa nahi dugun tunante edo zalapartariak. Guk disfrutatuz eta, noski, ahal dugun neurrian, irakurleei disfrutaraziz.

Jasone Osoro

«Gaztea eta emakumea», Argian, 2002ko maiatzaren 26an