Nola esan poesia

Demagun tximeleta hitza. Hitz hau erabiltzeko ez duzu zertan ahotsa txanpon bat baino arinago bihurtu edota hautsez estalitako hego ttipiz hornitu. Ez daukazu egun eguzkitsu bat eta nartziso zelai bat irudikatu beharrik ere. Ez dago zertan maiteminduta egon eta ez dago zertan tximeletekin maiteminduta egon. Tximeleta hitza ez da benetako tximeleta bat. Hitza dago batetik, tximeleta bestetik. Bata bestearekin nahastuz gero, ez harritu jendeak zure lepotik barre egiten badu. Ez eman hitzari berez ez daukan garrantziarik. Zer iradoki nahi duzu, ez dagoela inor tximeletak zuk adina maite dituenik, zinez ulertzen duzula haien izatea? Tximeleta hitza, datuak dira. Ez dizu hitz horrek zeure kasa hegaldatu, airean mantendu edota loreekin senidetzeko gaitasunik emango; ez dizu edertasunaren eta hauskortasunaren sinbolo bilakatu edo tximeleten larruan sartzeko ahalmenik emango. Ez antzeztu hitzak sobera. Ez inoiz halakorik egin. Ez saiatu hegan egiteaz mintzo zarelarik lurra uzten. Ez itxi sekula begiak burua alboratuz heriotzaz mintzo zarenean. Ez finkatu zure begirada sutsua nigan maitasunaz ari zarelarik. Maitasunari buruz dakizunarekin ahozabalik utzi nahi banauzu, sartu eskua patrikan edota soinekoaren azpian eta laztandu zeure burua. Anbizioak eta txalo goseak ekarri bazaituzte hona maitasunaz hitz egitera, saiatu zeure burua eta esku artean darabilzuna desohoratu gabe hori lortzen. 

Vietnamdar preso bat galdeketaren zain 1967. urtean. AEBetako Artxibo Nazionalak

Zein da gure sasoiak eskatzen duen esateko modua? Gure sasoiak ez du ezein esateko modu eskatzen. Ikusi ditugu Asiako ama atsekabetuen argazkiak. Ez zaigu zeure organo zangarren agonia interesatzen. Zeure hazpegietan ez da deus bizi ditugun garaion horrorea berdindu dezakeenik. Ez saiatzea hobe. Leize sakon hori benetan ezagutzen dutenen mespretxua besterik ez duzu, bestela, jasoko. Ikusi ditugu beso-zangoak oinazez bihurritutako gizakiei buruzko albisteak. Denek dakite ez zaizula jatekorik falta. Ordaindu egin dizutela hemen haien aurrean agertzearren. Hondamena zer den badakien jendearen aurrean ari zara. Isilarazi egin behar zintuzke horrek, lehenaz beste. Hitzak esan, informazioa adierazi eta utzi besteei lekua. Denek dakite minduta zaudela. Ezin diezu entzuleei maitasunari buruz dakizun guztia lerro bakoitzean kontatu. Egin albo batera eta aise jakingo dute haiek ere zuk dakizuna, lehendik bazekitelako jada. Ezin diezu ezer erakutsi. Ez zara haiek baino ederragoa. Ezta jakintsuagoa ere. Oihurik ez. Ez sarrera lehorrik behartu, sexu eskasa da hori. Zure sexuaren ertzak iradokiz gero, eman gero agindu diezuna. Eta gogoratu jendeak ez duela ohean akrobatarik nahi. Zeren premia dugu? Gizon naturalak gertu sentitzekoa; emakume naturalak gertu sentitzekoa. Ez agertu hemen zeure bizitzako gorabehera guztiak xehetasunik galdu gabe jarraitu dituen entzulego zabal eta leialarengana datorren kantari maitatua bazina bezala. Bonbek, su-jaurtigailuek eta kaka guzti horrek herriak eta zuhaitzak baino zerbait gehiago birrindu dute: oholtza birrindu dute. Zer uste zenuen, zeure ogibideak suntsipen orokorrari ihes egingo ziola, ala? Akabo oholtzak. Akabo eszenatokiko argiak. Jende artean zaude. Apal jokatu, beraz. Hitzak esan, informazioa adierazi, utzi lekua besteei. Zeure buruarekin egoteko garaia da. Zeure gelan. Ez zeure buruaz mozorrotu.

Barrura begirako leihoa da hau. Barruan dago. Pribatua da. Errespetatu lehengaiaren pribatutasuna. Ale hauek isilean idatzi dituzu eta kuraia eskatzen du jendaurrean adierazteak. Adieraztearen diziplina, haiek ez bortxatzean datza. Utzi entzulegoari pribatua denari diozun maitasuna senti dezan, baita pribatutasunik ez dagoenean ere. Izan prostituta zintzoa. Poema ez da eslogana. Ezin zaitu iragarri. Ezin du zure sentiberatasunaren gorazarrea egin. Ez zara hazitarako animalia. Ez zara femme fatale bat. Amorante bandidoei buruzko zabor hori guztia. Diziplinaren ikaslea zara. Ez hitzak sobera antzeztu. Hil egingo zenituzke hori eginez gero, ximelduarazi, ez litzaiguke zeure anbizioa besterik geratuko.

Garbigailutik atera ahala arropa bakoitzari erreparatzen diozun zehaztasun berberarekin adierazi berbak. Ez parpailadun blusa bat topatze hutsarekin hunkitu. Ez diezazula kulot pareak zakila tentetu. Dardararik ez xukadera bat medio. Ez dezatela izarek lilura ameskoirik eragin begiradan. Ez dago zertan malkoak garbitzeko painelua erabili. Galtzerdiak ez dira bidaia exotiko eta urrunen gogorazle. Gobada besterik ez da. Zeure arropa baino ez. Ez erabili arropa behatxuloa bailitzan. Soinean jarri eta kito. 

Poema, informazioa besterik ez da. Eskualde intimoen Konstituzioa. Bozgora esan ahala asmo nobleekin puzten baduzu, ez zara mespretxatzen dituzun politikariak baino askoz hobea. Bandera astindu eta aberkoikeria emozionalik merkeenari deika ari zara. Pentsatu hitzetan zientzia balira bezala eta ez artea. Txosten bat dira. Mintzatu National Geographiceko esploratzaile saldo baten aurrean ari bazina bezala. Sobera ezagutzen dituzte haiek mendigoizaletasunaren arriskuak. Jakintzat ematen dute hori; beste hainbeste espero dute zugandik. Muturraren aurrean gogorarazten badiezu, iseka egiten diozu haien abegi onari. Konta iezaiezu zerbait mendiaren altuerari buruz, erabili zenituen jantzi eta trepetei buruz; izan zaitez zehatza zapaldutako azalerei eta haiei aurre egiteko behar izan zenuen denborari buruz mintzatzean. Zure helburua ez da audientzia ahozabalik uztea. Inoren txundidura merezi izatekotan, izan dadila entzuleek kontatzen diezuna hautemateko duten moduagatik; ez zeureagatik. Izan dadila estatistikei esker eta ez zeure ahots kartsuagatik edota eskuak gora eta behera astintzeko duzun eragatik. Izan dadila informazioagatik eta zeure burua haien aurrean hezurmamitzen den modu lasaiagatik.

Saihestu lore-jokoak. Ez izan ahul izateari beldurrik. Ez lotsatu zure nekeaz. Itxura ona duzu nekatuta zaudenean. Sekula gelditu gabe aurrera jarraitzeko gai denaren itxura. Orain, zatoz nire besoetara. Zeuk irudikatzen duzu nire edertasuna.

Leonard Cohen

«Nola esan poesia», Death of a Lady’s Man (McClelland & Stewart) liburuan argia ikusi zuena aurrenekoz 1978an.

Harkaitz Canok euskaratua

Irudia: Leonard Cohen poesia irakurtzen 1967ean. Michael Reichmannen argazkia, CBC Still Photo Collection

«How to speak poetry» Leonard Cohenek irakurria