Balekite, besteek ere nahi lukete guretik

2020-12-16

Jon Benitoren Bulkada poemategiko lehen poema aipatu nahi nuke, «Hastapena» deitzen dena, hortxe geratu bainaiz oraingoz, aurrerago joan nahi izan gabe, poema neuretzat gorde eta bilduz, utzi nahi gabe, gehiago irakurtzeak poema honek eman didan poza pitzatuko didan beldurrez, dakidan arren, onenak barruan daudela zain-zain…

Honela dio lehen lerroak: «Historia nirekin hasten da».

Honela azkenak: «Ez naiz lehena, nire aurretikoa da dena, / baina historia hau nirekin hasten da».

Lehen poema batek ez dezake honek adina gogorik piztu geroagoko orrialdeen promesan murgiltzeko. Desiratzen nago, eta aldi berean atzeratzen, liburua irakurtzeko unea. Zer gertaera hoberik irakurle batentzat!

Jonen poemak, Anjel Erroren beste esaldi gogoangarri hura ekarri dit gogora: «Oro errana da, baina ez nik». Jonen aurretik ere mundua bazen, baina ez bere mundurik.

Ez naiz poeta, baina bai irakurle, eta esateko moduan nago orain neu ere: «Balekite, besteek ere nahi lukete guretik».

Hasier Etxeberria

«Batzuetan gustu ematen dugu, zinez», Alua mundua, 2010eko azaroaren 19an

Oihana Leundak egindako Bulkadaren azala (Susa, 2010)