Batzuetan, geure buruari entzutean, irudi lezake gure nortasuna eta patua bera anekdoten gainean ote dauden eutsita. «Orain eta hemen lehen pertsonan kontatzera noan guztia anekdotikoa da» dio Mikel Sotok printzipio deklarazio bat den poeman. «Orain eta hemen lehen pertsonan kontatzera noan guztia anekdotikoa da; ez niretzat, noski», eransten du. Anekdotaren kategoria hatzeman eta harekin esperimentatzen du gora eta behera, ezker eta eskuin, lituzketen aukera guztiak agortzea bilatzen duten poemetan. Pentsatzen jartzen bagara, agian ez dagoelako ezer anekdota baino unibertsalagoa edo iraunkorragoa denik… Ongi kontatutako anekdotak beren bidea egin eta eskubide osoz arketipo bihurtzen direlako denboraren poderioz, kontatzaile trebeari kontatzeak ematen dion plazera eta gozamena bitarteko. Dabilen anekdotari ez zaio goroldiorik lotzen.
Poemak batzuetan ezagun eta beti esanguratsu diren izen-abizenez populatuak daude. Hiperpopulatuak ere bai, esango luke norbaitek. Poema hauetan jendea bizi da. Historiako eta istorioetako jendea. Poemen lerro artean, politikaz eta iraultzaz, eta maitasunaz, eta maitasuna ere baden politikaz, eta iraultza ere baden maitasun mota horretaz ari denean, haurtzaroko printzak ageri dira han-hemenka, lekuz kanpo egotetik urrun, poemari zentzu bitalista gehigarria ematera datozen metraila organiko zatiñoak. Kolorea, zentzua eta arrazoiak. Anekdota horietatik heltzen da ulermena. Haurtzaroa koefiziente zuzentzaile bat balitz bezala.

Kontzientzia afektibo eta politikoaren zuhaitz genealogikoa ere badira poemok. Arrametan gora doaz neurtitzak, kontzientzia politikoa piztu zen garaira egindako erregresioen bitartez. Nerabezaroaren pultsio azkarra oroitzean ere, zentzu bitalista batek piztu eta bizitu egiten ditu poemak. Amatxi Luisari eskaintzen diona, horren lekuko. Biografia, kronika, egunerokoa, bere burua hipnotizatu duen poetaren aitortza, dibaneko hausnarketa… Garai hurbil baten kontaketa eta sujetu baten egunerokoa ere bada poemario hau. Tarteka edo aldi berean. Izan ere, eguneroko bat idaztea norbere buruaz hitz egiteko adina izan liteke kideak oroitu eta haiekin egoteko eta elkartasunari ohore egiteko modua. Dei diezaiogun elkartasun diaristikoa, edo Oier Guillanen hitzetan esateko, elkartasun basatia. Berdin kartzelatiko gutunketa: batzuetan gutunak idazten ari garela uste dugu, eta egiaz, geure diarioa ari gara idazten. Beste batzuetan, diarioa idazten dugulakoan, gutunak idazten ditugu egiaz.
Hemerotekara sartu da Mikel, zurrunbilo baten gisan, eta egunkari zatiak hartuta airera jaurti ditu. Albisteetako batzuen aurkia eta besteen ifrentzua geratu dira lurrean, irakurtzeko moduan. Edo ez erabat. Poemetako asko sutan daude eta poema bera da erregaia. Ez da autoinmolazio bat, ordea, erretzen diren gauzei egindako gorazarrea baizik —gu geroni, horien artean, zelulen oxidazioaren biktima—.
Ezagutzen ditugun eskalek ez dute balio tortura, kartzela, insomnioa, herri baten akatsak eta asmatzeak eta norberarenak neurtzeko. Horiek guztiak ukigarri, ikusgarri eta sentigarri egiteko metrika propio bat asmatu behar du poetak.
Trabestismo poetiko-literario ariketarik ere ez da falta, gure tradiziotik hartu eta bere egiten dituen poemek leku berezia dute hemen. Mikelek neurtitzak, egiturak eta are poema osoak maileguan hartzen ditu, omendu eta konbokatu egiten ditu idazleen ahotsak, besteak beste eta bereziki, Gabriel Aresti eta Bernardo Atxaga, azken honen 37 galdera haiek hogeitazazpian lagaz. Omenaldiak ez daude ezkutuan, omenaldi gardenak dira, begien bistakoak, bidelagunei egindako eskertzak eta keinuak.
Gure Stevenson miretsiari hitzak maileguan hartuz, «kontzientzia garbi baten hamar partetik zortzi adorea baino ez direla» dio Sotok, eta bi hitz horien esanahian sakontzen du, kontzientzia eta adorea, bai eta bien artean dagoen alanbre finera igo ere:
«Une hartan nintzen gazte koldar ausarta miratu;
Eta zuen aurrean nire indar guztiarekin maitatu», dio.
Samurtasun basa ez denean ternezia blindatua. Mikelen koktelean bada beste osagai sekretu bat, izendatzen zaila baina zoramenaren osagaia dei geniezaiokeena, bibrazio horditzaile bat, gainezka egiten duen indar bat. Soto ezagutzen dutenek badakite Soto dela osagai sekretu hori: literatura muturreko pasioz bizi eta konpartitzen duen pertsona. «Poema hauek hazita datoz, bizi-bizi», pentsatzen du irakurleak irakurrieran, «agian ez nuke poema honen parean jarri behar, ez badut arrastaka eramana izan nahi». Gau eternal bat poema biribila, demagun, atxilotzeko zain dagoenaren angustia deskribatzen duena, «gau bat izan daiteke 800 urtetakoa./ Gau batean begiak kliskatu ditzakezu kolibriak mende batean hegalak astintzen dituen beste».

Kontzientziaz eta adoreaz haratago, badira gorputzarekin eta gorputzetik gordinki idatzitako poemak ere, minaren eta adrenalinaren jarioa zainetan ziztuan darabiltenak. Badira idazleak lasterka doan bitartean idatzi dituela dirudien poemak; ez korrika, lasterka zoazen bitartean baino. Ez da gauza bera: irakurtzen dituzunean, nahi gabe irudikatzen duzu arnaska esanak diruditela eta inoiz bozgora irakurriz gero hala errezitatu beharko liratekeela, agian. Ezagutzen ditugun eskalek ez dute balio tortura, kartzela, insomnioa, herri baten akatsak eta asmatzeak eta norberarenak neurtzeko. Horiek guztiak ukigarri, ikusgarri eta sentigarri egiteko metrika propio bat asmatu behar du poetak. Metrika hori kolibriaren hegadatan neur daiteke batzuetan edo hildako astroaren argiaz beste batzuetan. Hitza haragi egina eta haragia hitz, baina hitzak eta haragiak, hitz haragituak edo haragi berbatiak ezin du bere egia esan, ez du askatasunik. Ez du? Bai, badu azkenik. Poema asmatu zen horretarako.
Poema hauetako askoren atzean bada kontu kitatze bat. Historiarekin, autobiografiarekin, poetari leporatzen diotenarekin, eta, batez ere, bere buruarekin… Storytelling poema luzea, demagun, edozein tailerretan autoerretratu bat nola egin daitekeen erakusteko adibide egokia da.

Zerrendak egin ditu poetak, adjektibo eta ekintza zerrendak, lista horretan alubioiak sortuz edo hitz egokienaren bila, konturatuz zehaztasun moral batek galdatzen duela zerrendaren osotasuna, hitz basoa.
Hitz zerrenda on bat munizioa da arimarentzat. Zerrenda batean hitz egokiena izan liteke gaur bat eta bihar bestea. Horregatik uzten da zerrenda, bakar bat aukeratu beharrean.
Bada zerbait berria, bada zerbait zintzoa, bada zerbait gordina poema guztietan. Jende asko harritu egingo da, beharbada, kontatu duena kontatzeko Mikelek hautatu duen moldearekin, baina ez zait modu eraginkorragorik bururatzen. Badaezpadako kronista-forentse-notario lar izan dugu honezkero, eta eskuak zikindu gabe idatzitako literatura lar ere bai, inondik ere. Suaren zurrunbilotik eta lohiaren likitsetik (eta lohiaren ederretik) heltzen dira, ordea, poema hauek, kontraesankor eta borborkari.
Bi pultsioren arteko borroka dago hemen etengabe: poetarena eta lekukoarena. Pribilegiozko posizio horretatik eta bere idaz-armak eskuan, Sotok baino idatz ezin zezakeena idatzi du: Sarriren oihartzunak eta Latinoamerikako poeta iraultzaileenak, bizitza neurrira ekartzeko ahalegin heroikoa, aldez aurretik frakasora kondenatua. Ezinezkoa baita zenbait kontu «neurrira ekartzea». Eta, hala ere, ezin saiatzeari uko egin. Poemak gainezka egiten du —lehertu egiten da, edo loratzen, suak bakarrik loratzen dakien modu horretan, «itzali nazakezu, baina ez menperatu» aldarrikatuko balu bezala etengabe hitzaren isuri mutanteak—. Zenbaitetan, bi pultsioek, estilistarenak eta lekukoarenak, poema berberaren barruan borroka edo talka, egiten dute. Batzuetan fusionatuz, beste batzuetan fisionatuz.
Eta bada poemario osoa zeharkatzen duen beste zerbait ere, lehen aurreratu dugu zerbait: adiskideekiko eta kideekiko mira eta zorionaren bilaketa xaloa. Xaloa, beraz heroikoa, atomoen arteko talkaren azken helburua ulertu ezin daitekeen arren ulertzen saiatze hutsa zorionaren bilaketa bera balitz bezala.
Harkaitz Cano
Mikel Sotok idatzitako Suak pizten direnean (Elkar, 2020)
liburuaren aurkezpena, Donostiako Koldo Mitxelenan 2020ko irailaren 17an