Ez neuke bildurrik izango euskaldun guztien aurretik, Aitaren ordez edo Aitagaz batean, neure erriko etsaien kontra, aizkora bat eskuan dodala ioateko

Andre Luziaren itz-zaparrada guztia irri-barre gozo bategaz entzun eban Mendiolako alaba bakarrak. Baiña bere Amak azkenengo itzak esan zituanean, aingeru zoragarriaren arpegia gorritu zan bat-batera, bere begiak malkoz bete ziran, bere biotza mugidaldatu zan, eta leiñargitasun benetakoaren esanakaz erantzun eutsan bere Amari:

—Ama, ori esaten badabe, ez dabe ondo esango. Beste edozeiñ emakume bestean euskalduna naz ni: neure sanetan neure anaia maiteen odola daroat, Mendiolako etxeko andrearen odola: ez neuke bildurrik izango euskaldun guztien aurretik, Aitaren ordez edo Aitagaz batean, neure erriko etsaien kontra, aizkora bat eskuan dodala ioateko, gure lurra, gure izkuntza edo gure izatea zematuaz baletoz: etsai ugariak ikusi arren nire aurrean, ezlitzateke orduan ikaratuko nire biotza, ez neuke dardararik izango nire besoan iente arrotzaren buruak erdibituteko: nire geien maite nai ditudan arimako ondasunak ostuteko gogoak balekarrez, guda zuzenean iokatuko genduke; baiña ez dago gaur, Ama, olango gauzarik: gizon gaizto batzuen bidebagako andi-nai izateak edo beste batzuen kurruka-egarria, aspaldietako ikusi ezaiñak, edo norbaiten umekeriazko eztabaidak, auts artean ia estaldurik egoan su kaltegarria barriro biztu nai dabe. Eta ori ez da ondo: gudara ioan bear da, guda egin bearra nai eta naiezkoa danean, eta ez batek edo bik bere griña zatar guzitai asete bat emon gura deutseelako. Orregaitik, Pedro Marien bitartez esan deutsat Aitari, gure arimen bakeagaitik, anaia prankotarren kotra ez dedilla ezertan asi, oraingoan beintzat.

Txomin Agirre

Auñamendiko lorea eleberriaren lehen kapituloko pasartea

Irudia: Raketista eibartarrak Groseko frontoian 1938. Marin Funtsa