Alkar maita ezazue, esan duen, Kristoren gatik Kurutzada odoltsuenak egin dira eta heretikoak eun millaka il

«Nik papera erosten nuen, neure sakelatik, eta lana ere egiten nuen: inprimatze lana, azalak lotu, postaz bidali… (…) Lan guztia nik egiten nuen, Mirandek ez baitzuen erraztasunik esku-lanetarako».

«Askok gu antiklerikaltzat jo eta gure aurka azaldu ziren. Enbata, demokrata kristaua baitzen abiatu zenean, aurka izan genuen, eta Herria ere bai, bistan da, Lafitterekin». (…)

«Idazleen artean Krutwig, San Martin, Ibiñagabeitia… Anjel Irigaraik bidali zigun kantu bat apez baten kontra idatzia, andre bat izorra utzi eta abandonatu zuela kontatuz. Laguntzaileen artean izan genuen Beñat Possompes ere, La Sorbonneko katedraduna. Komunista zen, baina miresten zuen gure ausartzia. Eta baziren anonimo batzuk ere. Hirigoi ezizenarekin bi poema bidali zizkidan norbaitek Donostiatik, pixka bat erotikoak baina umoristikoak era berean. Susmoa banuen Nemesio Etxaniz zela». (…)

«Hartu genituen herriko literaturatik gauza asko. Berriki aurkitu dugu Mirandek 1946an, euskara ikasten ari zela, herri kantuen bilduma bat egin zuela, entzundakoak ahala bezala kopiatuz. Zuberoan badago tradizio heterodoxo bat, maskaradekin, astolasterrekin eta abarrekin; hori guztia eredu bat izan zen Miranderentzat, eta hori agertzen da Igelan».

«Ez zuen arrakastarik batere izan. (…) 25 harpidedun izan genituen, eta beti gure sakelatik dirua jarri beharrean izan ginen. Gainera, izugarrizko propaganda egin zen gure kontra».

«Gainera, Mirandek ez zuen gehiago idazten; utzi egin zion pixkanaka idazteari. Ez zuen politikaz gehiago hitz egiterik nahi, eta literaturaz hitz egiteari ere pixkanaka-pixkanaka utzi zion».

«Ikusten denean zer egin duen ondotik Napartheidek edo Ostiela!-k edo beste hainbatek… argi dago gu baino askoz urrunago joan direla. Garaiak aldatu dira, baina orduan bi zentsura genituen: Elizarena eta Gobernuarena. Eta batzuetan geure burua kontrolatzen genuen. Gauza batzuk ez genituen argitaratu gogorregi zirelako».

«Goizegi etorri ginen, Hamar urte geroago, dena askoz errazagoa izango zen (…) Pozik naiz gero etorri diren batzuek eredutzat hartu dutelako Igela».

Txomin Peillen

Juan Luis Zabalaren elkarrizketa, «Igel bat, bere buruaz trufaka», Berrian, 2012ko otsailaren 8an

Irudia: Txomin Peillen Arantxa Iturberekin hizketan 2014ko Gutun Zurian. Eva Zuberoren argazkia