Capote versus Springsteen

2020-08-28

Susmoa daukat ez direla gutxi izan gurean beren sen, nahi eta gustu intimoei jarraitu izan baliete politikatik aparte mantenduko ziratekeenak, eta azkenean, gorputzez edo arimaz, politikaren lokatzean eman dituztenak beren onenak (urteak, ahaleginak), dela intermitenteki beren ohiko lana etenez, dela elkartasun ekintzatan edo herriaren ahotsetarik zenbait herren gera ez zitezen hautagaitza emergentziazkoren bat sostengatuz, borondate eta zorte diferentearekin. Are gehiago esatera ere ausartuko naiz: euren benetako bokazioa sakrifikatu dutenak ere badira, sugeak bezala azala derrigorrean eta bortxaz mudatzera derrigortu dutenak euren burua, zeregin ustez noble eta jasoago baten ohore. Idazleak intelektualarekin tupust egiten duen lurraldea da horren kausa gehienetan, badu bere zentzua eta bere tradizioa (finean, zer da, bada, arriskutsuago politikan, idazle bat ala teknokrata bat?), ez da atzo goizekoa, literatura eta konpromisoaren arteko eztabaida. Fernando Savater bat, duela hogei urte irakurzaletasuna eta pentsamendua gai hartuta hain gauza jostari, eder, sakonak idatzi zituena, ez ote du politikak zapuztu? Pernando Barrena bera editore genuen hainbeste urte ez dela… Ez ote dio inbidiarik ematen Jamaica Kincaid edo Paul Austerrekin harremanak trabatu eta haien lanak ezin editatu izanak? Kartzelan eta erbestean egon diren eta dauden idazleen izenak ez daitezke pertsona bakarraren hatzekin zenbatu. Kemen eta gogo gehiagorekin edo gutxiagorekin beren bidetik desbideratu gabeko horiek guztiak gabe, gure herria ez litzateke gaur egun dena, baina zintzoki aitor dezagun: haiekin ere, gure herria ez da gauza handia, mapan koka gaitzaten behar dugu oraindik (eternala obsesioa). Gurari hori ez dagokie abertzaleei bakarrik, gogoratu bestela, Odon Elorza alkateak xalotasun xarmangarri batez esandakoa: «Donostia mapan jarriko du Bruce Springsteenek». Kantuak aspaldi aurreratu zuen politikariaren kezka: egunkarietan agertzen gara, mapetan ez.

Truman Capote New Yorken 1977. urtean.

Ezra, tiro, Pound… Eta horren aurrean, zer lezake editore batek, zer idazle batek? Zertarako balio du literaturak? Ezra Pounden hitzak oroitzea komeni da, literatura inoiz berritasun izateari uzten ez dion albiste sorta dela esaten zuenean. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere. Injustiziaren aurrean, norbere lanean irrikaz eta seriotasunez murgiltzen dena ez da ez koldarra eta ezta friboloa ere, goiz edo berandu bere lanean iraziko baita pairatzen duen horren isla, eta nork daki, inork baino era gogoangarriagoan ez ote duen adierazi beharrekoa adieraziko. Halaxe aitortu zuen Julen Gabiriak Han goitik itsasoa ikusten da liburuaren aurkezpenean, Egunkaria itxi izanak idazteko amorru eta kemen erantsia eman ziola, liburuko azken orrialdeetan azaleratu zitzaiona.

Harkaitz Cano

«Capote versus Springsteen», Argian, 2008ko urtarrilaren 13an

Irudia: Bruce Springsteen 1977. urtean David Gahrrek ateratako erretratuan