Pretty baby neskato polita

Beste egun batzutan hasitako istorio bat da,
udan eguzkia erretzen zenean…
arraunak higierazteko
kanta sinple bat… eta bere
oihartzuna oraindik ere oroimenean ikaratzen da
orain urteak ahantziz doazenean.

Lewis Carroll

Louis Malle frantziar zuzendariak USAn eta kapital amerikanoz egin izan du bere azken pelikula hau. 1917ko New Orleansen bilakatzen da, putaetxe batetan. Violet, putetarik baten alaba, giro hontan hazten dan hamar urteko neskato bat da. Lolita berri bat aurkezten zaigu, filme narratibo, dekoratibo eta atsegin honetan.

New Orleans 1917

Hiru arrazoik bultzatu dute zuzendaria istorioa 1917ko New Orleansen anbientatzera. (1) Al Rose delakoaren liburu bat Stury villeko putaetxeei buruz irakurri izanak. (2) 1912 inguruan E.J.-Bellocq gazteak New Orleanseko putei egindako fotografiak ikusi izanak. (3) Storyville jazzaren sorterria izateak eta Jelly Roll Morton pianista bertoko putetxetan bizi izanak.

Berreraikidura historikoa egokia da, eta anbientazioa liluragarria. Ene ustez, famaren baliorik inportanteenak, hain zuzen, narrazioaren xarma eta anbientazioaren eta edertasuna dira, musika eta fotografia (Sven Nykvist) batez ere. Baina, azerturik handiena, dudarik gabe, New Orleans bera aukeratzea izan da.

Louis Malle (erdian) Pretty baby filma Canneseko zinemaldian aurkezten (ezkerretik) Brooke Shields, Keith Carradine, Susan Sarandon eta Antonio Fargas aktoreekin

New Orleans, orduan, USAko fantasiaren hiriburua zen. New Orleans, Amerika ez ezik, Afrika ere bazen. Mississipiaren erriberan hazten zen marihuana (urrezko horria) eta grifa ere, eta hibai bazterrean eseritzen ziren aspaldian zaharrak fumatzeko. Geroago, jazzaren doinu martxosoaren erritmoan fumatuko zuten belaunaldi berriek edozein lokal hertsitan. Agian, belarrak sortu zuen jazza. Edozelan ere, amerikanoak eta afrikanoak elkarturik, larra lokaztu eta beltz haik, landa, kalearte eta lokal exotiko bihurtu ziren, marihuanaren usaina eta jazzaren erritmoan. Benetako jazza, benetako marihuana bezala, New Orleansen sortu ziren.

Kontrakoen erreakzioa, ziudadano errespetagarriena alegia, ere izan zen eta debekatzera heldu ziren (gauza bat de legea eta bestea bizitza) droga eta jazza ere. Honela zioen egunkari batek (Daily Picayune) 1918an: «Jazzari gagokionez, New Orleans bereziki interesgarria da. Bizio musikal moeta hau sortu zenez geroztik gure honra eta gure ohorea mantxatzen duten deprabazio klase guztiak ugaldu dira. Kate pekaminoso hau gelditzen ez badugu lokatzean hondatuko gara erabat eta ez dugu egundo irten ahal izango».

Mende hasieretako New Orleans, beraz, fantasiaren hiriburua zen. Eta fantasiaren herrialdeak paradisua eta infernua batzen dituztenekoak dira, alegia. Eta burdeletan zen, hain zuzen jazzaren erritmoaz, belarraren usainaz eta gorputzaren trafikoaz, arnasa hartzerakoan magiarik (berdin perbertsiorik) gardenena.

Hemendik sortzen dira filmaren abantailik interesgarrienak.

Lolita, Theresa eta Violet

Stanley Kubrick-ek eraman izan zuen aspaldian Vladimir Nabokov errusoamerikanoaren Lolita nobela pantailara. Harez gero neskutsaren eta gizonaren arteko harremanei buruzko obrak ugaldu egin izan dira. Euskaraz ba da nobela bat (euskaraz direnetakoak interesgarrienetariko bat) arazo honi buruz, Haur Besoetakoa deritzona (Lur edit., 1970). Ez da hau arazo honetaz aritzeko abagadunea, hiruren desesperantza eta etsipen berbera seinalatzea nahi nuke bakarrik. Honela idazten du Vladimir Nabokovek: «Ba nekien Lolitaz maitemindurik nintzela; baina ba nekien halaber bera ez zela beti Lolita izanen». Jon Miranderen ipuin berrian ere heriotzak bakarrik soluziona dezake zorion inposible, zeren eta erreguek ez baitute etorkizunik: «Ez, Theresa, ez gaitezen horrela hil gizatzarren gatik! Ez dinat nahi hil hadin, neurekin gorde nahi haut jende guztiengatik ere… Ihes eginen zienagu, gaur bertan ihes eginen dinagu norabait hala non herri honetatik inork ez baitu jakinen non izanen garen, Inor ez baita etorri ahal izanen elkarrengandik gure bereztera…». Baina bereztea (edo hiltzea) ezinbestekoa da, Aliziak bere Herrialde Miresgarritik irtetzea ere ezinbesteko zen bezala. Izan ere, funtsean, amets bat baitzen.

Louis Mallek aukeratu duen bukaera ere oso irteera normalizantea da, horra eta normalitatearen gizartea integratzea alegia. Violet, alde honetatik, Alizia perfekto bat da, eta bere haurtzaroa (berdin perbertsio haroa) enkantoen herria. Bukaeran, beraz, galdu egiten da xarma, galdu egiten da fantasia, kotidianotasunera itzultzeko.

Bestalde, filmean zehar, Lolita (edo Theresa) berri honen figura ez da egoki azaldua (interpretazioa ona den arren). Pelikulan Violet aztertzerakoan hainbat huts nabaritzen dira, sakontasun eta ikerketa psikologiko falta batipat.

Orohar, filmearen ardatza flakoa den arren, anbientazioa, fotografia eta musika arras interesgarriak dira eta pelikula dekoratibo eta atsegintzat balora daiteke.

Joseba Sarrionandia

«Pretty baby neskato polita», Anaitasuna, 1978. urteko abenduaren 15ean

Irudia: Pretty Baby filmeko argazkian Susan Manskey, Diane Scarwid, Cheryl Markowitz, Susan Sarandon, Seret Scott, Keith Carradine, Brooke Shields, Miz Mary, Barbara Steele eta Laura Zimmerman

Gai honetan sakondu nahi izatekotan:

Jon Aranoren «Pretty baby» artikulua, Euskaldunon Egunkarian, 1992ko urriaren 16an