Gabriel Aresti ezagutu zenuen. Harri eta Herri liburuan «Don Peilleni hitz apurtuak» agertzen dira. Zuk, ordea, Maldan Behera hobetsi izan duzu, ezta?
Harri eta Herri, beharbada, populismo eta herrikoitasunaren arteko nahasketa bat izan zen. Konparazione, Saioak aldizkaria sortu zen eta hirugarren alea, erdia erderaz idatzia zen —Mikel Azurmendi zebilen tartean—. Erdara proletarioaren hizkuntza zela zioten. Euskaldunak burgesak omen ziren. Orduan, pentsamendu horretan sartzen zen Gabriel Aresti bera. Mugan zegoen, ez zekien gaztelaniaz ala euskaraz idatzi behar zuenentz, proletarioak espainolak omen zirelako. Kalean ez beharbada, baina baziren proletario euskaldunak ere bai! Baserritar eta arrantzaleen artean ez zituzten nonbait ikusten proletarioak. Hori ez zuten ikusi garai batek, edo garai bateko idazleek. Aresti garai hartako frutua da. Bilboko idazleen artean: «Zergatik euskaraz idatzi?», galdetzen zuten? Euskara burgesen hizkuntza bilakatzen ari zela erraiten zuten.
Mirande lagun handia izan zenuen ere bai. Ideologia ezberdinekoak izan arren.
Euskaldun gogorra zen, baina eskuin muturrekoa zen ideologiaz. Nik ez nuen Mirande jarraitu. Berak erraiten zidan ni materialista nintzela eta bera izpiritualista. Berarentzako, marxismoan bazen gauza on bat, aberatsen eta kapitalisten aurkakoa izatea. Miranderen aburuz, marxismoak bazuen gauza txar bat, materialista izatea. Onartzen zuen antikapitalismoa baina ez materialismoa. Alta, berak sinesten zuen bazegoela izpiritu bat, gizakiak arima bat zuela, baina arima ez dela gorputzaren gainfenomeno bat zioen. Nik, berriz, gainfenomeno bat zela nioen. Horretan aritzen ginen eztabaidan.
Euskal literaturari sakristiako usaina kendu behar zaio, eta usain horren kentzeko, erotika sartu behar duzue literaturan, baita satira ere.
Igela aldizkaria sortu zenuten elkarrekin, euskaldun heterodoxoen aldizkaria.
Andimak honela erran zigun: «Euskal literaturari sakristiako usaina kendu behar zaio, eta usain horren kentzeko, erotika sartu behar duzue literaturan, baita satira ere». Bestalde, aspergarria zen ikustea beti trufa egiten zela espainoletaz, koreanoak deitzen zieten. Euskaldunak beti garbiak omen ginen eta bertze guztiak txarrak.
Zuk ateo agertu duzu zure burua. Pizti bat bezala ikusia izanen zinen orduan?
Izugarria zen. Egun, berriz, Hegoaldean bederen, gazte gehienak ateoak direla uste dut. Iparraldean ez nuke erranen, baina Hegoaldean bai. Mutur batetik bestera joan da horretan Hegoaldea. (…)
Liburu pila omen duzu argitaratu ezinik. Edozein idazle gazte batek zuk baino errazago publikatzen du, antza. Baztertua sentitzen al zara?
Prefosta. Hartzen duzu edozein euskal antologia, eta nire izena ez da agertzen. Literatura bost sari ukan ditut. Mari Jose Olaziregik haur eta gazte literaturaz liburu bat egin du eta ez nau aipatzen. Haur eta gazteentzako hiru liburu eginak ditut. Gaur egun liburu bat publikatzen da ipuin batekin. Eta nik liburu bat publikatua nuen 35 ipuinekin. Egiten ahal nituen 35 liburu. Ez da aipatzen zer egin dudan; ez dut inon aipamenik aurkitu. Euskal eleberrigintza aipatzen denean —5 eleberri ditut, 3 sarituak— ez naute aipatzen ere. 23 liburu publikatu ditut orotara, hauetatik 20 euskaraz, eta 3 frantsesez. Bizi guztia pasatu dut idazten eta hitz bat ere ez didate eskaini. Beste adibide bat: Karmelo Etxenagusiak Iparraldeko literaturaz liburu bat egin zuen eta Iparraldeko literaturan agertzen da sekula ere literatur liburu bat publikatu ez zuen gizon bat. Goi postu batean dagoelako, «aparatxika» delako (Aparatuari atxikia). Normala duzu pentsatzea baztertua naizela.
Hori zer da, axolagabekeria-edo?
Zentsura da hori. Euskal Herrian arazo hori izan da beti; axolagabekeria ere bai. Datorren Hegatsen idatzi dut artikulu bat esplikatzeko 85 ipuin idatzi ditudala eta ipuin idazleen artean ez naizela agertzen. Juan Kruz Igerabidek egin du artikulu bat ipuinari buruz eta ni ez nau aipatzen. Zenbat ipuin idatzi behar dut ipuin idazle izateko?
Zure belaunaldiak espero zuen emaitza ekarri al du egungo euskal literaturak?
Bai, bai. Euskaldunok badugu konplexu bat, ordea. Gure literaturak ez du maila jasoa irudiz. Orain eleberri bat egitea eskatzen da Dostoievski garaian bezala. Baina Dostoievski, Balzac edota Blasco Ibañezen garaia pasa da. Egun, salbuespena Garcia Marquez da. Baina bera fenomeno bat da. Guk ez dugu halakorik. Baina literatur askok ez du Garcia Marquezik. Polonian, Lituanian edo Finlandian ez dago Garcia Marquezik ere. Guk gure maila dugu. Euskal idazle gailenak ez dakit baina onak badira.
Txomin Peillen
Mikel Asurmendiren elkarrizketa Argian, 2000ko maiatzaren 14an