Zergatik idatzi ipuin bat?

Zergatik idatzi ipuin bat? Eta ez egunkarirako iritzi artikulu bat, edo tratatu filosofiko bat, edo liburu baten kritika bat, edota gizakion alienazioa salatzen duen txosten bat? Edo injustizia guztien dekalogo bat? Are, zergatik ez idatzi ipuinaren familiakoa den nobela (luze eta errealista) bat, irakurle helduei (serio eta transzendenteei) zuzendua? Esan nahi dut, zergatik idatziz kontatu kontu bat, heldu despistaturen batek edo haurrek (!) soilik irakurriko dutena?

Horrelakoak itaundu zizkidan fiskal batek alabari enegarren ipuina kontatu ondoren ipuin bat idaztera eseri nintzelarik. Hara, pentsatu nuen, hemen dut berriro fiskal gautxoria, haiei buruzko klixe guztiak betetzen dituena: zurruntasunaren inkarnazioa, hazpegietan burdina, soinean harria. Une hartan gizon forma bazuen ere, beste batzuetan eme peto-peto baten gisan azaldua zen, eta beste zenbaitetan soilik surmur ozpindu baten gisan. Ez, ez baitzen lehenengo aldia. Segur aski horretxegatik nintzen hain ipuin gutxi idatzitakoa: haren fiskalizazio logiko-errealista-materialista eta ia materikoak nire asmamenaren epai birrintzaile bilakatzen zirelako, edo sinpleki esanda, fiskalak ordura arte bere helburua lortu zuelako: nik ez ipuinik idaztea. 

Yurre Ugarte

«Zergatik idatzi ipuin bat?», Egan, 2020 1-2 zenbakian