Nik ondo dakit, gauzak ezin dirala inoiz danen gustura egin. Ondo dakit, lan bat atsegin izateko, kondizionamentu andiak dirala, egilea ezagutzea (adiskidetzat edo areriotzat eukitea), bere lanean emoten deuskuzan eritxiak gureak lakoak edo osterantzekoak izatea. Eta guzti hau beti inportante bada, gehiago, estudiatzen dogun lana ausartia bada.
Hauxe da Saizarbitoriaren kasua. Lan ausartia, orainarte euskeraz egin ez dan lakoa.
Seguru nago, Egunero hasten delako irakurten dauana ez dala ezelan be indiferente geratuko. Edo alde, edo kontra. Eta honek lanaren garrantzia adierazoten deusku, egilearen kategoria.
Esan ditudanak ez dodaz ganora barik esan. Aurrean daukat nobelea, ta froga daigun.
Lehenengo berezitasuna: idazteko metodua.
Orainarte, nobela baten, lehenengo deskrizinoak egiten ziran, azinoa non dan adierazoteko. Gero, alkarrizketak etozan. Saizarbitoriaren nobelan ez dago holakorik: nahastean datoz gogoetak (pentsamentuak), alkarrizketak eta deskrizinoak.
Niri honek, pentsatu eragin deust; eta konklusino honetara eldu naiz: ez ote da gure bizitzan holan jazoten? Guk, inorekin itz egiten asten gareanean, nahastean daukaguz alkarrizketea, gogoetak eta gore begiekin ikusten dogun inguruaren inpresinoak.
Bigarren berezitasuna: gaia. Memento askotan, ez dakizu zihur zer zagozan irakurten, ala nobela bat ala filosofiazko tratadu bat. Baina, nahiz bata nahiz bestea izan, liburuak sortzen dauan interesa ta kezkea gehituten doa, andiagotuten doa, aurrera irakurten zoazala.
Irugarrena: tema. Sinplea. Eta hementxe ikusten da idazle baten kategoria. Tema txiki batekin, aparteko dohaia daukan idazle batek bakarrik egin leike lan andi bat.
Tema, garratza izan arren, ez da ezelan be pesimista. Giselek hauxe esango dau 160 gn. orrialdean: «Biharko bizitzari itxoinaz, aurrera, bizitzera, bizitza egunero hasten delako». Eta Egunero hasten delako hauxe da, hain zuzen ere, liburuaren titulua.
Euskera erraza erabilten dau egileak, zuetariko edozeinek ulertzeko modukoa. Ta nire uste apalean, hauxe da idazle batek gorde behar dauan lehenengo puntua. Alperrik da, euskera garbi ta ulertu ezinezkoa erabiltea. Alperrik ibiliko da idazlea holako euskera baten idazten, irakurleak lan hori aspertuta baztertuko dau ta. Saizarbitoriaren euskereak ez dauka holako prolemarik.
Eskari bat: Saizarbitoria, idatzi eizu beste nobela bat. Eta bat baino gehiago badira, obe.
Liburu hau ez da arin irakurri behar. Ez da behin bakarrik irakurri behar. Arestik birritan irakurri dauala esan deust, eta neuk be horixe egiteko asmoa, daukat. Sakona da, eta pentsa eragiten daben esate asko daukaz.
Batzuek, sinpleak: «Emakume bat puntua egiten ikusteak, nerbioso jartzen nau».
Beste batzuek, ez hain sinpleak: «Eta ezkondutakoen anbizinoak non geratzen dira? Neuk esango deutsut: semeen etorkizunean. Akabo politikea, akabo literaturea, akabo… dana!».
Neska baten ulea zelakoa dan esateko: «Zelako ulea, Kristo!».
Edo beste hau, ondo sakona: «Jende arteko bakartadeak otzikarea sartzen deutso».
Ohar bat irakurleei: Aditzean, futururako, Lapurdikoa artzen dau. Holan, «esango deutsut» esan beharrean, «esanen deutsut» dino. Hau da, gure go-ren ordez, Lapurdiko en erabilten dau.
Eta ez noa lan hau gehiago luzatzera.
Nire zorionik beroenak Ramon Saizarbitoriari, benetan merezi daualako. Euskal literatureak, nobela arloan hain txikia ta pobrea izanik, holako amar libururekin gorakada izugarrizkoa emongo dau.
Editoriala, LUR da (zuzenbidea: LUR-Villa Zutik-Paseo Arbola-Donostia). Prezioa, suskritoreentzat 50 peseta. Besteentzat 100.
Eta azkenik, eskari bat: Saizarbitoria, idatzi eizu beste nobela bat. Eta bat baino gehiago badira, obe.
Xabier Gereño
Egunero hasten delako (Lur, 1969) liburuaren kritika Anaitasunan 1969ko abenduaren 30ean